www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

LARRU GORRIAN

 

        Oraiko aldi untan gazteeri, zergatik ote zeie orren atsegin, orren goxo, iguzkitan larru gorrian egotea?

        Iguzki jotzeak badu bere ona, sendakina, iguzkiaz baliatzen da, osasunari bide emanez, «helioterapia» egiñez.

        Iguzkia, munduko gauzik oberena ezpada, bizitzarako bearbearrena; ura gabe bizitzarik ez daiteke, ura itzaltzen denean, munduan eziñ daiteke biztanlerik, ez gizaki, ez abere, ez landare, ezta urik ere.

        Sendakinek, iguzkia eta iguzkiaren joaldiak neurriz artzen dituzte beste edozein osagaia bezala, izariz, aldia neurtuz, orduak berexiz, ez soin guztia iguzkitan emanez, baizik eta soñaren guneka etsiz edo agertuz.

        Jakina, guztientzat bearrezkoa da, iguzkitara edo iguzkiaren izpietara egotea bizitzeko. Iguzkiak, gisa batera edo bestera, jotzen ez duen biziduna, makaltzen da, eritzen da, azkenean iltzen da. Bearrezkoa izanik; iguzki betean, larru gorrian, geldi-geldirik, luzaro gune bera jotzen duela kaltegarri diteke.

        Gazte asko ageri da bazterretan, erdi larru gorrian, iguzki minean iduri ta larru erretzen edo xigortzen ari direla.

        Arrigarri da; uda minean iguzkitan lana dugularik, zein minbera garen eta... osasuna dela aitzaki edo estakuru nonai larru gorrian eta agerian.

        Nork daki, ala dabiltzan geienak ez ote diren bere etxeko iguzkitik igesi ibiltzen?

        Unek erran nai du, iguzkizale orietan, beste asmorik ere badaitekela.

        Nik uste, neskatxen oraiko jantziera eskasak eta larru gorrian egoteak iturri beretik eldu direla eta asmo bakarra dutela.

        Badakizue asmo ori zerika daiteken. Zuen aalkea ezpanu, erranen nuen, gizonak, arra denez geroz emea bilatzen du eta emearen emetasuna; noiz nai edo maiz aski eta ez bear denean baizik.

        Gizonak, adimena badu, aldian aldikoa zer den jakiteko eta egiteko, aal orri esker zuzen jokatzeko eta gure barneko galde guztieri begi idukitzeko.

        Baño, baño, atsegin bai da, goxo bai da galdeari nai duen ura ematea! Gure izatearen galde batzu, sendoak dire, batez ere aragiaren edo emearen aldekoak.

        Orren sendoak, non ta jakintsun batzuek diote ez daitezkela ase gabe utzi, ezinbestekoak direla.

        Baño zilegigoari buruz katoliko jakintsu guztiek batean diote, baietz, ori ala dela, baldin ezpadugu beste laguntzarik; baño izatearen gainean indar duenaren laguntza bearrezkoa dela, Jainkoarena, bestenaz ez da garbitasunik, abereak baño mila aldiz okerrago.

        Larru gorrian egoteak goxo ura du saltsa; ori du gutiziatzen, ori du maite; naiz geienetan bide erdi gelditurik.

        Baldin aragiaren galdea or ezpalitz, arabitarrak Sahara eta unelako lekaro, eremu itzalik gabetan barna dabiltzalarik, iguzkiaren erretzetik begiratzeko, burua eta bizkarra arropez estaltzen duten bezala, guk ere alako zerbeit egin ginezake.

        Iguzkiarekin, arabitarrak gu baño zuurrago dire; iguzkitan lanean ari garelarik, negurriak artzen badakigu, baño aragiaren atsegina elburu dugularik, ez da neurtzerik eta ez eperik.

        Iguzkiaren joaldiak osasungarrizkoak daitezke sendakinek ematen dituzten baldintzen arabera egiten badugu.

        Bestenaz, badaiteke gaitzbide eta bai eriotzebide. Guztiek dakigu nola gaxotzen diren eta gaitz-anditzen iguzkiak jo ta.

        San Ferminetako egunetan, gaxotegian, gizon bat ikusi nuen eri-andi (grave).

        Konorturik gabe, sukar andi batek beretua.

        Begitarte-lepo-kolko-esku-oñak itsuski zakar zaurituak, guneka gorri-zornatuak eta eremuka zakar lodiz estaliak; ots, ain itsuski, norbaitek gaxotegira biali zuen soraiotua (lepra) zagolako ustean.

        Guztia zen; gizon arrotz eskalea; sendirik eta aterberik gabe ibilkari bizi; mozkorturik edo loakartuki, iguzkitan luze egonik, arabitarrek egiten dutena egin gabe, iguzkiak jo ta erre zuela... lepradundu, lepra balu bezala itsustu eta zauritu.

        Arta zenbaitzueri esker, gizona sendatu zen; sendatu ezpalitz ere, iñork etzion nigarrik eginen: atzerrian luze egonik, sorterriaren izena eta izana galdurik, or dabila itzala bear denean iguzkiz-iguzki eta erriz-erri.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa