www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

NAPARRATIK.
NAPARRAKO ESKUARAREN EREMUA
GEROAGO ETA TIPITZENAGO

 

        Ugaldeak gutika-gutika urbideko biurgune-bazterrak jaten oi dituen bezala, ala erdarak iretsi ditu eskuararen eremuak.

        Zelaiak, ibarrak eta mendiak oro estaliak dagozi erdaraz.

        Mendi-galdurrak eta oian zokoak eskuararen iges-leku bilakatu dira.

        Eskual eremuaren mugak, atzeka edo gibelka bilduz, egin duen bidea gaitza da; iru mendez bortzetik lau galdu ditu, geiago ezpada.

        Nere irizpideko, eskualdun letradunek dugu eskuara baztertu.

        Errietako letradunek; apez, irakasle, irakaslesa, idazlari, sendakin, barbera, amerikano, ok oro erdaldunduz geroz, eskuararen gaitses bilakatuak menderen mendez.

        Iruetan ogei urte gutienik baditu, Euskalerrian mugazainak ditugula, oken artean garanoik ere ezpai dugu eskualdun denik, ok izandu dira, oianetan eta baserrietan barna, erdara lantu dutenak.

        Tratulariek, botiges-bidariek eta alakoek ere egin dute lan.

        Eskualdun erdaldunduak; apezak direla, irakasleak, amerikanoak, neskatxa zerbitzuan egonak, ok oro, eskualdun utsak baño ikasiagoak agertzeagatik.

        Beren arteko mintzo arrontena edo bakarra erdara dutelakotz izan.

        Irakurgai oro erdaraz, idazkaiak berdin, oro erdaraz.

        Eskuar gutunik iñork ez egiten eta orietarik egiten ez direlarik, irakurtzeko oitura mikorik ere ez.

        Erdarazko gutunetan letradunduz geroz, letradunek bere artean erdaraz, eta ez jakinek eken urratseri jarreiki nai edo beren seme-alabei bide ortarik jarreikiazi nai.

        Zinez, nolakoak garen eta nolakoak izanak garen!

        Arritzeko ez ote da, eskualdunek eskuara ez maitatzea! Maitatzen ez dena, nola begiratu?

        Jainko maitea! Zertan ote dago, guk geonen mintzoa deusez batekin negurtzeko eta xatar xikin bat bezala zokorat botatzeko?

        Menderen mende, erdararekin berdinkaratzeko gai izan ez dena, baztertu eta gaitsestu; ori egin dugu eskuararekin.

        Irakasle oro erdaldunak eta geienak eskuarari gaitsetsak; okendako ez daiteke eskuaraz jakindurik.

        Egin aalak egin dituzte eskuara uxatzeko eta ardi bordetara lekutzeko. Ezin bertzean zuten erabiltzen edo aur ttipiei besta egiteko baizik onesten.

        Erri eta askotako errixketan letradun bakoitza edo bakarra apez jauna dugu.

        Eskualdun xumeekin beti dabilen letraduna apeza da.

        Jaun orien gain ez ote dugu obenik?

        Bein, erri koxkor bateko erretor jaunak zion, eta kontu unek baditu gero, berrogeita amar bat urte: «elizako mintzaldiak erdaraz, mugazainengatik asi nituen, ustez eskualdunek baño bearrago zuten kristau-ikastiaren entzutea».

        Baño, ni beldur naiz ez ote zuen arrokeriaz egin; karabinero eta oken kidekoeri adiarazteko erdarazko mintzaldietan trebeago ez ote zen.

        Emen ere ageri da betiko iturburua; eskuara, deusik ez; eskualdunak, mugazainak aña ez.

        Oraia untan gauza guzien aldairak eta nahasturak lasterrago doazilakotz, baldin aberriaren maitetasunak ezpa gaitu eskuarari buruz beroazten eta ernaazten, urte gutien barne Naparrako eskuara agur betiko.

        Bide zabalik, burdin biderik, letradunik ez den zokoetara lekutu dugu gure maitea.

        Eskuara birlandatzeko lur egokiena abertzaletasuna da. Baldin, gure aberri bakartzat, Euskalerria, Euskeria, Euzkadi, ez padugu ezagutzen; aberri bakartzat maitatzen ezpa dugu, gogoz eta biotzez, ez dugu, eskuara maitatuko.

        Maitatzen ez dena aisa da bazterrerat botatzen.

        Erabiltzen ez dugun mintzoa arrotzat daukagu eta arrotzeri ez da errex maitatzen.

        Gaitza unen kutsua errausteko ez dakit sendagai bat baizik, aixtian erran dutana.

        Eskualdun utsa izaitea; ez frantsesa ez española; eskualdunen aberri bakarra: Eskual Erria eta Eskual Erriko mintzo bakarra, eskuara.

        Gisa hortan ezpadugu elgarri agertzen, eta gure artean etxekoekin, irakurgaietan, idaztietan, orotan eskuara erabiliz, agur betiko.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa