www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

ORREAGATIK

 

        Aspaldidanik, Naparrako Oroituriaren arabera, munduko lau kantoñetara edatua zen eta dago Orreaga izena.

        Zortzigarren mendeko urbil artan izandu zen, non Karlo Magnoren gudutaldia, porrokatu zuten orduko napartarrek.

        Baño, untaz landara, Zeruko eta lurreko Andre Denak berezi zuen, bere egoitzarako, leku zoragarri ura.

        Menderen mende eliz artako eliz gizonek, aundi-maundi eta jakintsunek, Orreagako Ama Birjinaren omena eskualde bazterrenetara edatu zuten.

        Oraia untako aundi-maundiek eta jakintsunek ez dakit antzi ote duten Orreagako Andre Dena dagon leku ederra; baño aren inguruetako erritar eta baserritarren artean bizi-bizia dago Aren baitako ustekida gozo-gozoa, eta berari dioten leia.

        Jainkoak daki noiztiez geroz, urteoro eta Salbatore ondoko aste osoan, egunero eta banazka erri batekoak eta ibar bakoitzekoak, Orreagan dituzu goiz-goizetik, ibilaldi luze-luzeak eginik; zurezko kurutze lodiak soñean eta bidean Andre-Denari agurka eta kantari.

        Nere pozaren andia! Asteazkena da. Belaiak, landak, zelaiak lilitsu dagozi; zugaitzak ostatzen doi-doia asi berri. Udaberriko goiz eder baten zortziterdietan, zerugoia urdinabar delarik, oro ixil-ixila dagolarik, zein eder den Andre-Saroaren erdi-erdian Artzibarko beilariak, zurezko kurutze zarrak soñean, Orreagara eldu kantari!

        Eta gu ikusle. Sinetsdunak ek eta gu otzak? epelak zinez, eken sinets biziaren jabe bagine!

        Baño, nor gera gu? Norata heldu naiz? Ez ote naiz ek bezain Andre Denaren seme? Eta ek, ala; eta ni unela?

        Nik elizara, Ama Birjinaren oñetara, Amaren alzora, ez ote dut ek bezain laster bide?

        Baña, ni bertze bidetik nindoaien; ni buru andikoa naiz antutsa! ikasiz eldu nai nuen jakitera nor den Jainkoa eta nor den Bere ama.

        Ongi ikasiz geroz, ongi ezagutu eta gero belaunikatu eta sinetsteko.

        Ergela! ene baitan, nere buruari deituta, sinesteko bidea ez duk ori! Ortako bide llaburra bertze aldetik dago. Burua apaldu, biotza agertu eta belaunikatu.

        Nik ere alde untarik jo nuen eta ora pro nobiska elizarat sartu nintzan.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa