www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

EDARIKOIA

 

        Nik esanikako «jeremikerien» argitzeari begira egon bitartean or doazi lerrokada batzu.

        Euskeldunak maite ditut, ene aurrideak direlakotz, onak direlakotz, zintzoak eta langileak direlakotz, baiña eken bi okerreiri oartu natzaio geienik eta una emen, bata bertzeari darraizkonak.

        Leena; etxekoandrea, emaztea etxeko baño, bertze lanetan aritzea.

        Etxea, etxeko garbitasunez eta etxekoen janariaz kontu guti artzea.

        Etxekoandrearen lan leena, nagusiena, bakarra ezpada, etxekoa du, ez landakoa; etxean eta ez landan, ez egurketan edo ikazketan.

        Bear-andi alditan oro lugin, oro gudulari, baño ez arrontean.

        Bigarrena, gizonak edariari geiegi emanak; gazteak berdin.

        Urrundik ageri zaio euskaldun bati gisako etxekoandre duen edo ez.

        Gisakoa badu, gizona etxetiarra ere; maiteago du etxean ardotegian baño; adixkide edo lagun batekin aamen bat artzeko sartuko da ostatuan, baño ez an gelditzeko, baizik eta tenorez andik etxeratzeko.

        Gisako etxekoandrea ez duena ez da etxetiarra; ori maiz bazkariz ostatuan, afaltzeko ere bai, eta gero... ondokoak.

        Baño edarikoiak ditugu arian eta guazin gure aritik.

        «Hipócrates» delako sendakinetik asi eta sendakin geienek goretsi dute ardoa gizonaren, berdin osasundun delarik edo eri-gaxo dagolarik.

        Aldiz, «edari-altxagarrituak» (ardo-garagarardo-sagardo) zillegi litezke; baño bakotxarentzako negurritik landa, pozoina.

        Aspaldidanik, gauza oketan jakintsun direnen arteko eztabaia da «izpiritua» edo «alcohola» gizonarentzat azkurri edo pozoina ote den.

        Baña ezpairik gabe, guziek batean diote, baitaezpadako azkurria, bearrezkoa, ez dela.

        Untan ere, ezpairik gabe guziek diote: ardoaren izpirituari dagokionez, bakotxaren negurri artarik landa pozoina dela.

        Bakotxak zenbaterañokoa du negurri ori? Bat bederak ezagutu dezake?

        Gauza oketan dakiten batzuk diote, gizon batek, kalterik gabe edan dezake bere aztaren ariora gramo bat izpiritu kilo baten: Ots, 70 kiloaren azta duen gizon batek, edan dezake eguneko litro bat ardo, ez delarik lodiegi izpirituz; euneko 6 edo 7 arteko ortarik.

        Eta ori ardo ona delarik. Baña oriek guziak gogoeta baizik ez dira.

        Emagun: urlia eta ni, azta bereko gizonak, baña arek bere negurriko litro ardoa artzen du eguneko, eta nik deusik ez artzen.

        Arek litro bar ardo artu eta ongi; nik aldiz, litro bat artu eta mozkor-arraildua.

        Neri kalte egiten diranak ez ote dio ari ere kalterik egiten naiz ari nabarmentzen ez eta neri bai?

        Ez da arat-unatik: ortara jarria dela ura eta ni ez; makurrago arentzat nabarmentzeko bideak etsiak dituelakotz.

        Baiki; ardo on baten beldurgarria izpiritua da. Eta izpiritua beti pozoina.

        Pozoina gisaz negurritik geixago artzen badu, kalte.

        Baldin batek ezagun balezake bere buruaren negurriko ura!

        Baña zer ari gera?, egunetik egunera negurri ori goititu diteke, gutika-gutika eldu diteke Jainkoak daki, bakotxarentzat noraraño! Eta ustez on egiten diola.

        Orgatik, ene iduriko mozkortzen ez den edarikoia da makurrena; bere burua ezagutzen ez duelakotz eta pozoinaren ondoriorik ezpaidu autematen.

        Bizkitartean, edarikoiek naiz sendo iduri, erdolla barnetik dute.

        Erdoil orren nabarmentzeko, gaitza batek jotzen duelarik.

        Orduan sendoenak nolaz garaikerri orretan?

        Oso gaizki; burutik naasten ezpa dire giltzurrinetik edo biotzetik mainguka dabiltza eta borrokan edo garaikerrian mainguka dabilena laster lurrean dago.

        Ori sendo iduri dutenak; aldiz kezketan asiak direnak «urdalletik» ala, «gibeletik» unela, lasterregi nekatzen dena, atsanditzen dena, gizenegi dagona, oriek guziak arjoak ditezke eta kontu.

        Ardo artzeko negurri ori, erraz ezagutzeko bide bat baginu, nonbait or!

        Ala ere erraza ote da negurri artako doian onirautea?

        Edarikoiek jakin dezakete batzuetan gutiz gora bera, kalte egiten dioten edariaren izaria; baña, on egiten dion ura zenbat den, ba ote dakite? Beñere ez.

 

aurrekoa hurrengoa