www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

ASTEKO BERRIAK

 

        Aste untan baginuke asteroko auxe buruen buru betetzeko gaia, mintzatu bear banu Iruñako jaiez.

        Neri etzadazue galda zezen kontuz, ezpainaiz urbildu ere espila (cerco redondo) edo plaza de toros delako orietan egiten diren garraikerrietara.

        Alako yostetak ez dire guretzat.

        Emengo abeslari-batzak (orfeón) egin zuen jaia iragan igandean ederra izandu zen eta euskel usañako kantu ederrak abestu zituen.

        Madrilgo soñulari batzak yo zituenak nik eztakit ongi edo ez, baña neri ederki iduritu zizaidan, naiz larreko gisaz, belarriko larru lodia dut. Dakitenek diotenaz ederki yo zituzten eres zati dire oberenak.

        Nere zarzaroan Iruñaratua, leen aldiz aurten ikusi ditut emengo jaiak.

        Beinere ez nituen sinetsiko Iruñan egin diren astokeriak eta emengo karriketako oiuak, soñu tzar, kantu, egunaz eta gauaz ordu eroetan karrika guzietan berdin.

        Kazeten arabera uste ginuen emengo jaiak bertze errietan baño txukunagoak zirela; bai zera! Iruñako yendea erotu da iñaute gisaz, filda zaarrez yauntziak, oro oiulari alde guzitik asots tzar dariotela, iragan bospasei egunez, zer eztugu entzun? Jainko maitea! Azantzazale oriek apur bateko bakea eman digute zezenketako orduetan; ordu orietaz landa ez ginuen izan lorik egiteko ixiltasunik. Ero tzar oriek guziak espila batean bilduak, an zer ote zen! Jainkoak begira gitzala leku artaratuz.

        Alako erotegian egoteak biziki biotzmindu nau, naiago dut berreun aldiz nere larreko bakartasuna, olako civilizacionea baño. Larretik unata artea bada gero!

        Goazen, Yinkoaikin, koatropera edo abere salerospenak egiten diren terira, an bedere iñauterik ez aal dugu ikusiko, ezpada egoaldeko xitoak edo oken antzeko tratulari batzu.

        Emen bedere gurekilakoak ikusi ditugu eta euskeraz ari zirenak asko boztu gituzte, iduri baizizaidan larreko bidean nindagola, berriz arat itzulminez yoa bezala. —Bei guti oi bezala eta txarrak, idi bikoak aunitz; larreko xaldi eta beoka leer.

        Feriko bertze muturrean berriz zamari, mando eta zaldi aunitz ere, baño alde untan euskal usañik ez dut aditu, abereak eta oken inguruan zabiltzanak oro egoaldekoak, España beereko antzedunak.

        Gauza guziek bezala abereak ere garesti omen daude.

        Saltzeko dituenari ez bide zaio ala. Dena den, saldu omen da arinda poliki.

        Azkenik, berri on bat eman bear datzuet, atzenik ixilduxeak ditugu iragan egunetako asots izigarriak. Bearrik, bertzenaz abia zen larrera tuku-tuku.

Larrekoa

 

aurrekoa hurrengoa