www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

KRISTO ERREGE

«Regnabit a ligno Deus»

Errege igarleak

 

        Oraiko aldi untan, munduko eskualde geienetan erregegoa errekan behera dagolarik eta begirapenik guti baizik ez duelarik... Eliza ama santuak jai berri bati esker, Kristo Erregearen eguna jaitzeko agintzen digu. Arrigarri litzeke baldin ezpalitz bestela. Kristoren Erregegoa!

        Kristo Errege ez da beste erregeak bezala. Munduko erregeak Kristo Erregearen etsaiak dire.

        Testamento zaharreko kantarietan ala dio: zergatik ailtxatzen dire munduko erregeak eta zergatik elkarganatzen dire Jainkoaren eta Jainko Semearen aitzi?

        Kristo Erregeak ez du emen errege itxurarik izan, baldin ezpazen iru Errege Sainduek, ura sortu berrian, billatu zutelarik.

        Baldin Errege gisaz gurtu zutelarik.

        Baldin Pilatos buruzagiak, kurutzitzatu zutenean, idatziz unela deitu zuelarik.

        Kristoren Erregegoa ez da nolanaiko erregetasuna: sortu zenean, bizi zenean eta il zenean. Aren errege-alkia apaltasuna (umiltasuna) izandu zen.

        Alki ortarik kurutzeratu zuten eta orduan, garaile, kurutzetik asi zen bere duen erregetasuna adiarazten.

        Berpizturik eta ikasleeri urbildurik Jesus mintzatu zitzaien ziostela: «Eman izan zait niri ahal guzia, zeruan eta lurrean». Math. xxviii.

        Una, nondik gure Erregea agertzen den; baño ez ezpata-banderakin baizik eta gure alderako maitetasunarekin.

        Emengo erregeak lurketa dabiltza, Jondoni Agustinek dion bezala «zer dire, oroituriako eskualde andiak, ebasgo andiak baizik?»

        Kristo gure Jainko Erregeak gure biotzean egin nai du bere bakalderri (reinua): biotzak nai ditu, ez lurrak, ez urrea, baizik eta gogoeta-biozketa onak araberako egintzetan urturik.

        Kristo Erregearen bakalderria, lurrez gainekoa da, izatez gainekoa (sobrenatural). Jainkoak berak erakutsia, Eliza Ama Santak gizaki alde guztietara edatua.

        Kristoren errege-erria (reino) bizirik dago: Kristoren bizi berbera du. Katolikoek Jaunartzean, Erregea bera aragi-odol bizirik artzen dugu.

        Sinestearen arabera, Kristoren bakalderria, denbora berean, lurrean nola zeruan bizi da.

        Orgatik, erraten oi da, sinestedunak, oñak lurrean, baño biotza eta gogoa zeruan dituela.

        Kristoren bakalderria, denbora berean, garaitua eta garaile; Kristoren bizia bezala, bizi apalaren ondotik, eriotza kurutzean.

        Berpizturik munduaren garaile.

        Guztien buruan, gu baitako bizia, Kristo Erregearena dela adiarazteko ezagupiderik nabarmenena, sinestea da.

        Oraiko aldi untan, Euskalerrian ere, sinestea gutituz, ezabatuz doala argi ageri da; Kristo Erregearen bakalderria, lurretik zerura igesiz bezala.

        Azken urte oketan, ikusten dugu, gizonek gero ta gutiago elizara, meza nagusira eta bezperetara.

        Igandeak gero ta gutiago igande gisaz, jaitzen ditugula. Gero ta gutiago Jainkoaren deia entzuten dugula.

        Euskalerriko erri askotan orañik, Jainkoari esker, igandeak gordetzeko meza nagusi eta bezperetara eltzeko oitura ederra irauten du.

        Jainkoari esker, Jainkoaren deiak entzuten dira, apezgai eta frailegaiak erakusten duten bezala.

        Sinestearen ezagupide egiazkoak oriek direlakoz bozik ematen ditut adiarazteko, Kristo Erregearen Erria emen bizi dela; baño kutsua eldu zaigu eta kutsuarekin batio lurretik goragoko sinestea (F. sobrenatural) galtzen dugu.

        Eta baldin sinestea galtzen badugu, Kristo Erregearen erresuma ere juanen zaigu.

        Gogoeta ongi nola gauden eta zeri buruz goazin, sinestea ezabatzen ari bazaigu.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa