www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

ABERTZALE BERRIEN EUSKARA

 

        Orai duela ilabete bat edo, nere maite-maite batek eman zidan irakurtzeko orri larri bat bi aldetarik gauza bera emana esate batera: alde batetik erdaraz Manifiesto de Acción Nacionalista Vasca, eta beste aldetik euskaraz Eusko-Abertzale-Ekintza Batzarren Eritxi-Agiria.

        Guk, euskeldun arrontek jakin nai badugu zer adiarazi nai duten euskarazko esakera unekin, bi bidetarik bat, artu bearko dugu.

        Errazena, erdaraz zerbeit baldin badakigu, orriko beste aldera jo, eta an ikusi zer duten erdaraz erraten. Euskaldun utsak bagara, orduan... orria alde batera utzi, eta aldia eldu denean, beste norbaiti galdetu argitzeko.

        Gauza bat jakin nai nuke; euskaldunen artean ba ote dire amar, euskarazko lerro alde ori, buruen-buru irakurtu dutenak, eta oken artean zenbat ote diren, aditu dutenak erdarazko aldera beatu gabe.

        Nik, aspaldiko oitura daukat; ene eskuetara eldu den irakurgaia, euskaraz egina bada, ez uzteko irakurtu gabe.

        Eta ala ere, eldu zaizkit irakurgai batzu ezin ditudala irakurtu, baldin ezpadut eskura euskal-izti baten laguntza.

        Orietatik bat da Eusko-Abertzale-Ekintza Batzaren Eritxi-Agiria.

        Egia esateko; unelako euskara mota berexten badute oberena edo ederrena bearrez; edo beste gisaz, berek, beren artean unelako euskaraz elkar aditzen badute; ez nuke biozmin andirik, baldin gure aldetik baztertzen balire.

        Gizona izkuntzak berexten du, gero.

        Bein, erri bateko erretor jauna eta ni, ari ginen, nazionalista vasco delako gaiaz eta esan zidan «nik bozik sinesten dut eta onartzen nacionalistak dioten gutztia, baño separatistak, ez».

        Orduan, nik: «barkatu jauna, emagun Iruñako Plaza del Castillo delakoan, Iruñan dauden gudulari guztiok naasik; uzkitzu ordu batez bere gisa, aske. Gudularien artean ogei euskaldun baldin badire, an aurkituko dituzu xoko batean edo ezkin batean euskaldunak bildurik eta besteengandik berexik».

        Jauna: zer dio berextasun ortaz? Ixilik gelditu zen.

        Ni beldur; ez ote naizen berexiko, orri untako euskaldunenganik. Ikusteko, emagun leenengo lerro aldea:

 

        «EUSKALERRIARI:

        Arana Goiri'tar Sabinek sorturiko abertzaletasuna, oraintxe, gure egunetan, aurrerakada izugarria egiten ari da. Abertzaleak, euren ustea aberriaren biotzean ondo loturik eta tinko-tinko ta sendo-sendo iratsita egoala ikusi zutenean, lenengo urteetako berotasun, ta garra arean bere galdu barik, aurrenen abertzaletasunaren bideak edaztu edo zabaltzeko urduritasuna, ta geroago zabaltze orren bear izana nabaitu zuten, ta bide-edazte orrekin, gizon andi aren irakutsi mamintsu ta sakonak nasayago ta erosoago errian sartzeko ordua zala aberriaren erlojuan entzun eben».

        Lerroalde auxe arreta edo kontuz irakurtu ta, badakit gutiz gora bera esaten digutena.

        Baño, unelako izkuntzara zerbeit oituak gaude, aixtian erran dutenarengatik. Ala ere, lanak ditut gauza den bezala aditzeko.

        Euskaldun berri ikasientzat, orri untako euskara, garbi eta erraza bada, ori, nik ez dakit. Dakitana da, ni bezalako euskaldunentzat, izkuntza mota ori, aspergarri dela.

        Euskarari buruz, aldi untako galbide bat ez ote da izkuntza ori?

        Gogoeta ongi egiñ ondoan: euskaraz ari garenean, erdarak dituen bide berberak erabili bear ote ditugu?

        Euskarak noiztiez geroz artu du erdara bat eredu edo jarraibide gisaz?

        Euskaldunen gogoetek, itzetan edo itz-urtuetan emoteko, ez dire on erdararen orkoiak edo moldeak: gureak baditugu, eta eketan emoten ezpaditugu, gertatuko zaigu, oarkabean, izkuntza berri bat egiten ari garela.

        Euskarak ez dio iñori zorrik: bera da nagusi, nai duen ura argi, garbi eta ederki adiarazteko.

        Ez da aski esatea, izkelgi berexietan ari garelakoz dela, elkar ez ongi aditzea; irakurgaiaren egilea bizkaieraz eta ni naparreraz ari garelako, ez.

        Kirikiño zenaren Abarrak, Mogelen, Peru Abarka eta alakoak napar euskaldunek errazki aditzen ditugu.

        Eta, aldiz Kirikiño zenak, bein baño geiagotan esan zidan; nere irakurgaiak, bizkaitarrek errazki ulertzen edo aditzen zituztela.

        Baño, badaiteke, gu euskaldun arrontak garelakoz edo guti jakinak ez ditugula eken lanak aditzen: eta orgatik goregi edo barnegitik eldu direlakoz eta gu ez, alako gogoeten negurtzeko gai.

        Badaiteke, bai!

        Oker banago ere, itsusi zaizkit!

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa