www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

LIBURUAREN EGUNA

 

        Gutunak (liburuak) ere, oraiko bertze gauza askok bezela, badute eken eguna edo astea. «Gutunaren eguna» esaten oi diote, letradunak urtero berexten duten egun, non ta batzarretan bildurik ikastetxe eta alakoetan, liburuaren onak elburutzat artuz, egiten bai dute gutunaren goresarrea edo agurra.

        Bereziki, asmo bati buruz: nai luteke jakinazi, liburuaren balio andia; arek daukan indarra noraño eltzen den, eta noraño eldu bear luken bere ondorio onenak guzietara zabaltzeko.

        Euskaldunak beñere ez paigara idaztizaleak izan, ikusi bear ginuke, zinez egia ote den liburuek dioten bezenbat indar eta balioa ote duten.

        Baiki: liburu eta liburu bada bazterretan!

        Oraiko aldi untan liburuz leerra moldatzen dituzte; ustez eta eken bear anditan gaudela. Argitaratzen dituzten gutun guziak orren bearrezkoak ote dira?

        Ez dut uste, eta nik bezala bertze ainitzek ere ez. Ortan ere, bertze asko gauzetan bezala, bidez aldaturik gabiltza; iduri bai-du, nor nai gaudela gutun egiteko.

        Gutunak egiten oi dituzte: edo irakurlea jostarazteko, edo ari zerbeiten irakasteko, edo biek batean, dostatuz, bidenabargoan irakasten dutenak.

        Irakurlearen jostarazteko egiten diren erdiaren erdiak ere, ez dira onak. Oketan, jostatzen bezenbat erakusten dutenak izkuntza bear bezala erabiltzen; ederki itzegiten erakusten dutenak; baldin mami txarrik eskeintzen ezpadigute, oriek bearrezkoak ditugu. Izkuntza batean jaunzteko, ura ongi dakitenei aditu baño bide oberik ez dugu.

        Bertze gutunetan, eken egileek geienik nai dutena da, guri erakaspen zenbeit ematea. Gutun oketarik leerra bada bazterretan; ikaskuntza bakotxako, Jainkoak daki argitaratzen dituztenak; baldin beste ikaskuntzetan agertzen direnen berri guti dakitan, sendakintzakoen berri zerbeit badakit.

        Ortan ere neurritik aratago gabiltza; geiegi idazten dela, askotan egileek ez dutela bear duten doi ura, gai izateko bear bezala idazteko.

        Eta nolako gutunak, argitarat ematen dituztenak!

        Ez da aspaldi, Madriden nindagola, ango irakasle bati auxe entzun niola.

        Aren ikasle bati galdeka ari zen, erantzupen zuzenik aditu gabe. Oarturik etzagola ortarako gaiturik edo ikasirik, erran zion eta erran zigun:

        «Ikasi eta ikasi ari zarezte dituzuen liburu andi orietan. Ek irakurtzen ez duzue astia galtzen bakarrik, baizik eta astotzen zarezte. Asko da astotzeko zuen gogoak bazkatu eskuen artean darabilzkizuen gutun orietan. Bear den ura bear bezala ez ikasteko, bide zabala daramazue.»

        Askotan auxe egia dala ez daiteke ukatu; baño badaiteke ere geiegizko zerbeit aixteko itz orietan.

        Nik ez dakit zergatik bizpairu orrietan argi erran daitekena ematen diguten ilunik eta berreun orrialdean. Jainko maitea! Zenbat alper lan egiten ez den, gutun andi ezin jasanezko orietan! Zenbat asti ez gaituzte galazten, alako gutunen irakurtzen eta ikasten!

        Adinari esker, zerbeit ikasia bai naiz, askotan ene baitan erranik nago: «Zenbat itz deusik ez errateko»

        Nor da zozoa? Ene adiskide baten arabera: itz askotan deusik erraten ez duena.

        Gauza bera erran ginezake oraingo edo aldi ontako liburu batzuez mintzo bagine. Irakurri eta irakurri, eta azkenean leen bezala argi gabe, erakaspenik gabe.

        Euskaldunak ortan ez gara obendun: itzez laburrak bagara, gutun egitez laburrago agertu gara, baldin uts artan erori ezpagara erdaldunduta.

        Ala ere ez dut uste, ez nabila gero euskaldunen buruak zuritu naiaz, baizik eta egiari bide ematen; euskaldunek egiten dituzten lanetan, beti mamia alde guzietarik nabari da; ziñez ez da lastogose.

        Nere irizpidean, liburu egitekotan sartzeko, urteak eta urteak ikasten, ikusten eta ongi lan egiten aritu dena, balitzeke gai.

        Ortaz landara, baldin buru argiduna bada gauzak diren bezala ikusteko, ori bai litzekela gai zerbeit onik egiteko. Geienetan, erakaspen onak eta jakingarrienak, bilko andietan baño apurragoetan ematen oi dira. Gauza ona ez da beñere meta andietan ematen.

        Nik uste, nere bizi guzian ikusi eta ikasi dutana, liburu tipi batean eman nezakela.

        Ortarik ezagutu bear ginuke gutun baten egilea nor den, mamia zenbat maite duen, eta mami ori ongi berexten ikasia den.

        Gisa ortan, ikasleak ere errezago ikasiko luke jakin bear duen ura. Ez pai da guzientzat adigarri gutunaren egileak erakaspen oketaratzeko ibili dituen bide guziak jakitea, ez dugulakoz geuren eskuko bear den argia alako bideetan barna ibiltzeko.

        Sendakintzako liburu andieri beldur diotet; aldez astirik ez eken irakurtzeko, eta aldez gogorik ez astia galtzeko. Gutun andi orietarik bakan baizik ez dut erosten.

        Ondorio onik ez bilatzekotan ezta zeren astia galdu eta dirua xautu.

        Eun edo berreun bat orrialde irakurri eta aren mamitik gelditzen zaiguna bospasei itzetan errana.

        Madridko irakasleak ziona egi osoa ezpada, badu egiarekin zerbeit ikusteko. Ni ere ortan nago: liburu batzuek zozotzenago gaituztela. Orgatik, idaztera baño leen, baten baitan dago ongi ikusteko ba ote dakien zerbeit gutunetan emateko balio duenik.

        Adinbateratuez geroz, urte askoz lan batean ari dena, baditeke urteeri esker gai izatea, ikasi duen ura eta bertzeentzat on daitekena gutunetan emateko.

        Gauza ona ez dugu guziek izari beraz negurtzen; batzuentzat andi dena, bertze batzuentzat tipia. Baña gauza guzietan bada negurri bat, eta negurri ori zenbaterañokoa den jakiteko, gizon adineko baten argitasuna baño bide oberik ez dago. Jakiña: gizon adineko ikasia, ikasi gabe ez da iñor jakintsun eta.

        Jakintsun izatea ori da: gauzak diren bezala ikustea, ez andiago ez tipiago, ez diren baño aztunago edo diren baño arinago; ortan dago gizonaren jakinduri guzia.

        Liburuak bai, baño mamitsuak, zerbeit on egiteko bide erakusten digutenetarik.

        Bertze gisaz, badira gutun onik; egilea baitarik, bere burutik ateraiak irudipenetan edo ametsetan emanak, ametsak ederrago eta liburuak arabera.

        Bertze batzu ere, irri eginazteko edo apainki emanak atseña artzeko ek irakurtzean, edo gogoa asetzeko, onak daitezke.

        Gauza ederren egiteko bideak erakusteko, izkuntza ederrean emanak: orietan ere badire liburu onak.

        Orgatik, euskaldunek geienik nai giñukena eta bear duguna da liburu onaren eguna. Liburu guti, baño ek onak eta beti eketan bazkatzeko beñere aspertu gabe.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa