www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

  hurrengoa

AINTZA DEUN MIKELI

 

        Aralarko gure Zaindariaren agerraldia izan dugu aste untan Iruñan.

        Bozik eta belaunikaturik otoizten datzut, izan zaitela gure Begiralea eta Jainkoaren baitan Euskalerriko bitartekoa.

        Zortzigarren mendean eskeñi zinion Goñi'tar Teodosiori, Naparroako Begiralea izain zinela eta orduan aña zure bearretan aurkitzen gara.

        Aralarko zure aintza lekutik ikusten duzu zer gisaz gauden orai untako egoiliarrak, nola oben-arrotzkeriz beteak, ukatu dugun leenengo euskeldunen izaitea.

        Otoi, lagundu gitzazu, bertzenaz galduak gara.

        Biotz-biotzetik eskatzen datzut izan zaitela Jainkoaren baitan euzkotarren Bitartekoa.

        Ego aldeko aizeak epeldu gaitu eta ipar aldekoak gaitzkitu digu.

        Leengo sineste bizia il zorian eta euskel izaitea il urran dauzkagu.

        Baldin, Zeruko laguntza erdiesten ezpadiguzu, zorigaiztoko Nafarroa! zoritxarreko nafartarrak!

        Baña, ez, Jainkoak lagun digula, zu, Mikel Deuna, Begirale izanez geroz, ez dugu beldurrik, zure baitan ipintzen dugulakotz, Euskalerriaren orai eta etorkizuna.

        Bai, otoi, artzazu zure gain gure borroken ematzea, eta gure betiko izaitearen borobiltzea!

        Gudariz inguratuak eta gutartekoak indartuak, eztugu bertze lopiderik, baizik, zure gain uztea gure bizia.

        Nafartarrek eztugu bertze burupiderik, Jainkoa eta lege zarra baizik, unen bidez gu guziok Jainkoaren. Ala biz.

        Mil esker, Mikel Deuna; zure agerraldiaz ez ginen gai; lurreko eta loieko lanez okituak gaudenez geroz etorri zara gu iratzarrazteko eta gure biotzak itzuliazteko Jainkoari.

        Agur, Euskalerriko zaindaria, agur.

Larrekoa

 

  hurrengoa