www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

SENDALARI BATEN ARGIAK

 

        Apez gazteen laguntzeko, eri-handietara deituak direlarik.

 

I

        Orai duela bizpairur urte, idaztiño bat egin nuen erdaraz, Guía médica del asistente a moribundos deitu nuena.

        Apez ordenatu berriak, eri-handietara eta azkenetan daudenetara deituek, sendakintzako erakaspen zenbeit on lukete jakitea.

        Eri-handien galbideak zeintsu ote diren jakitea, eta bereziki, eri bakotxaren ezagutza, noraraño ilundu den ikusteko, sendalarien argiak beharrezkoak zaizkit eta orgatik lan huni lotu naiz.

        Guztien buruan, laguntzaleak jakin behar duena ori da. Eri-handitu denean, ezagutza argi othe duen, Elizako laguntzak emateko, edo ilunegi baldin badago ez emateko.

        Ene adiskide jaun apez batek, behin hunela erran zidan: zuk, eri asko iltzen ikusi duzunez geroz, etzinuke egin nahi lan bat, apez gazteeri laguntzeko eta ahal bezain argi irakatsi, azkenetan daudenen ezagutza, noraraño ilundu zeien?

        Eri-handi batek, ezagutza edo burua nola daukan jakitea, garmendu andiko gauza da. Ilundura ezagutzeko bideak bilatu nahi ditut eta ahal dutan argiena, erien laguntzaleari irakasteko.

        Gure xedeari buruz, nahi duguna, eri-handituak gai othe diren Erlisioaren laguntzak emateko edo ez: laguntza oriek laster eman behar diren edo asti artu daiteken.

        Baiki: askotan, gauza zalla eri-handi baten ezagutza guti aski ilundurik dagonean, noraraño dagon ilundurik jakitea.

        Ilunduraren negurtzeko edo hartara eltzeko ezagupideak bilatu, apezak jakintsun gelditzeko, gure lanaren egin beharrena da.

        Ezagupide oriek xeheki bilatu eta argiki eman nahi ditugu, ez bakarrik Elizakoak artzeko baizik eta azkenetan daudenen egin beharrak egiteko, nola ordenuak eginarazteko.

        Nola nahi den: ikusi eta ikasi dutanez, eri-handi gehienen buruak guti-aski ilundurik dagotzi, bere baitako gogoeten adiarazteko.

        Eri-handien baitako berrien bideak, ez ditugu beti argi ikusten: trabak ditugu gure aldetik eta ilundurarengatik. Orgatik, adiskideari erran niola: ez dakit, ez dakit; baño, nago, gaia ni baino ikasiagoko batentzat dela.

        Ala ere, egin ahalak eginen ditut, eri-handien buruak xilatzeko eta ikusteko noraraño argituak dauden.

        Gertatzen ohi da: eri-handitu baño lehen, burutik ez ongi egotea; orduan ez da errax berexten lehengo eta erituez gerozko nahasturia: osotara nahasirik kausitzen ditugularik.

        Behin, eri xahar bat, betidanik gizon bitxia zenez geroz, grippe delakoaren sukarraikin biriak ukiturik, oso nahasia zagon.

        Egin nion agerraldi batean, etxean sartu ta gaxoaren emazteari nik: zer dio, nahasirik dago? Emazteak bizi-bizia: noiz dago berexirik?

        Eritu aitzinetik ongi ezagutzen bazuen bere senarra, erituz gero etzakien burutik makurrago othe zagon.

        Olakoetan ez daiteke lan xuxenik egin. Zerbeit egin dezakena eri-handiaren onerako, bere arronteko aitorlaria izango da.

        Laguntzaleari, argitasun asko egin dezaken gauza da jakitea, eri-handiak zer gaitza duen, gaitz bakotxak bere dituen bideak baditu argi egiteko, nola dituen iluntzeko ere.

        Bide oriek gogoan aisago irauteko eta behar direnean oroitarazteko, idaztiño haren azken orrietan: lauko laburtu bat eman dugu; gaitza bakotxaren nabarpen larrienak eta arabera bakotxarentzat laguntza beharrena zein den eta lehen bai lehen egin behar bada, edo astiroki egin daiteken.

 

II

        Jakin nahi duguna argi aski erran dugu: eri-handien laguntzaleri jakinazi nahi diotegu, behar denaren egiteko argi-bideak.

        Baño: eri-handien burua argi dutenak ere, Jainkoaz ez omen dire oroitzen.

        «Quoniam non est in morte qui memor sit sui» (David, Ps., IV-V, 6.º).

        Eriotzeko orduan, zergatik ez da iñor zutaz oroitzen? Sheol delakoan nork laudatuko dizu?

        Daviden itzak, itzek dioten arabera arturik, ez dire ongi eldu gure lanaren xedearekin.

        Salmistak, Jaunaren laguntza galdetzen du il baño lehen; ez baitaki Jaunaren meneko eta zerbitzari izango othe den Iphernuan: ezpaidaki zerika daiteken hura.

        Sheol itza, lehenengo aldiz agertzen da Salterio delakoan, eta da leku bat, non arimak, eriotzaren ondoan ez dakite zeren begira dauden, Jainkoaz oroitu gabe, Jainkoaz azturik bezala.

        Aitzinagoko «revelazion» edo agerpenak argituko ditu itz-ilun ok, purgatorio eta inphernua, bai ta Abrahamen galtzarreak zerua erran nahi duela.

        Baño, gure lanaren xedeari obeki doakio, egokiago eldu zaio «Axular»ek diona... «Zeren gaitz izanen da, heriotzeko orduan, eritasunez eta oinhaizez zaudenean, behar den berotasunarekin Jainkoari gomendatzea».

        «Zeren orduan, bertzeak bertze direla, eritasunak berak emanen baiteratzu egitekorik asko».

        Ots; iltzeko ordu artan, ez dela argitasunik Jainkoaren alderako gogoeten egiteko.

        Zoritxarrez, ardura gertatzen den gauza da. Ordu artako gogo guztia eta nahikeri bakarra, ezin egon artako atheka estu artarik lehen bai lehen ateratzea: ez da bertze gogoetarik.

        Orgatik, askotan egia daiteke eriotzean iñor ez dela Jainkoaz oroitzen.

        Itz batean: eriotzeko ordua ez da tenore auta prestakizunak egiteko, baizik eta prestaturik egoteko.

        Naiz tenore artako ezin egon hura nabaitu gabe; badaiteke ez gogoetarik eta ez argirik ez izatea; ok dire gure laguntzalearen gaienak eta berez-bere bide egin dezakena.

        Kontu huni: badire eri-handiturik dauden batzu, erraten dutenak «ni ilen naiz» baño, utsean ari dire; naiz eri-handi, ez daude azkenetara eltzeko (maizenik emakumeak dire) eta erran izan diotet «bai, zu ilen zara guztiak iltzen diren bezala, gutienik uste duzunean».

        Ala ere, eri-handiturik bai daude eta ezagutzak argi, on litzeke prestakizun guztiak egin dezaten, gogoeta ortan daudenez geroz; ardurenik, laster aski eldu zeie iltzeko ordua; naiz ilen direla orduan ez duten erraten.

        Ohartu ere: eri batzu badirela, beti gogoa iltzeko ortan daukatenak, gogoeta itzatua bezala, laster ilen direla, diotenak.

        Eri okeri beha ongi, elizakoak ez goizegi emateko: bertzenaz, ematen bazeie, egunak, illeak egon daitezke, beti hura bere gogoan.

        Eri-handietan berexi detzazkegu batzu, burua argi daukatenak; sendalariak erranez geroz eri-handi dagola, apeza berez-bere aski da, sendalariaren bertze berririk jakin gabe.

        Bertze batzu, ezagutzea arront galdu dutenak; oriekin berehala zerbeit egiten ezpada, begira egon beharko da, noiz argituko othe diren zerbeit egiteko.

        Bertze batzu, ezagutza guti-aski galtzen dutenak; oriek dira, gure lanaren gaienak.

        Eri-handien gogora eltzeko bide asko ditugu: itzegitetik, entzumenetik, ikusmenetik, gure galdeeri erantzutetik, etc., etc.

        Bide orietan ez dire guztiak berdin argi guztientzat; eri-handi bakotxak izan dezake bide bat, bertze guztiak baño argituago.

        Arazo huntarik erne aski ibili behar da, eri bakotxaren bide argituenak bilatzen.

        Sendalari jakintsunek diote: eriek gaitza berbera izanik, ez dela bi eri berdinik: gisa berean, azkenetan daudenetan ere eztagola bi berdinik.

        Bakotxari doakon bide egokiena bilatu behar da, bide guztiak ikusiz edo batek uste duena berexiz.

        Argi bilatze huntan, kontu: gertatzen ohi da, eri-handi batek elizakoak ederki artzea, eta gero, sendatu denean ez dela deusetaz oroitzen.

        Jakina: eri-handiaren ezagutza etzagola uste ginuen bezain argi, baño, orgatik ez dezakegu erran, orduan etzuela ezagutzarik aski edo konzientzia argi aski, elizakoak ongi artzeko.

        Badire batzu apezen artean eta oitura dutenek elizakoak ematen; orduan badaiteke aski argitasunik gabe, bidean gauzak egin.

        Burua nahasten denean, muñetako eta zenzuetako bideak trabatzen dire eta gertatzen da, erdaraz disociación de los centros nerviosos deitzen dutena: orduan eri bat baitan biga balire bezala iduri duela.

        Maizenik: Uremia, diabetes, narcosis clorofórmica, etérica, alcoholismo eta oriek direlako kariaz, egin daiteke delako doble personalidad.

        Apezen eskuetan dagonez geroz eri-handienen ikertzea, zaintzea eta laguntzea; berez-bereko argitasuna ez da geienetan aski: sendalarien aholkuek apezaren trebetasuna argituko dute.

        Trebetasun argi eta zorrotza egiten denean laguntza berezi huntan, erraten da arte delicadísimo baduela.

        Orai, eri-handiarengana agertu behar dugu. Laguntzaleak, lehen lehenik jakin behar duena: eri-handi bati erran diotelarik apez jauna deitu dutela, dei ori nola artu duen eta nola dagon gero.

        Artu dion arabera, egin behar lehenengo prestakizunak.

        Eskualdunen artean, agindua edo deia ongi artzen dute eta laguntzaleak ez du adimena zorroztu beharrik, eria bide onean kausitzeko eta bozik uzteko.

 

III

        Eri-handiak, euskaraz edo erdaraz mintzatzetik, gure galde modueri iardestetik eta arrontean ibiltzen ditugun bidetik deusik erdietsi ez dugularik, gerta daiteke, eri-handiaren adiskide min baten bozak, erna dezan eta argitasun zerbeit erdietsi.

        Gisa berean, eriari galdetu daiteke bere ofizioko lan edo egin beharretako zerbeit, ia erantzupenak argitzen gaituen geiago.

        Aldiz, galde bera, bi gisetara egin daiteke, ia iardespenak berdin diren.

        Uste gabean, bati gogoratzen etzaion bide batetik argitu daiteke.

        Beha behin, zer gertatu zitzaidan. Buruko odol kolpe edo perlesíaikin zagon gaxo bat, baño etzagon osotara burua ilundurik; embolia cerebral uste dut zuela.

        Erdaraz ari nintzaion eta argitasunik ez nuen erdiesten ahal, eta huntan, oroitu nintzen euskalduna zela: euskaraz asi nintzaion eta berehala ohartu nintzen erdaraz baño argiago entzuten zidala eta keñuka, irri-zuri batean, aditzera ematen zidala erdaraz baño geiago.

        Bide asko dire, gogo-bakotxaren berriak ikasteko eta batek uste ez duen bidetik erdietsi dezake, laguntzale jaunak behar duen hura.

        Ilundurik dauden zenbeitzuendako, laguntzaleak sendalariari galdetu beharko dio, eriak zer gaitza daukan eta dagon baño geiago goibelduko othe den: zer uste duen gertatuko zaiola.

        Huntaz landara, eri-handiengana apeza laster edo zaluiki deitzen dutelarik astirik ez delarik sendalariaren begira egoteko, ikusi behar da etxekoen artean nor izango othe den eri aren berri argiago eman dezakenik, harengana jotzeko eta lehen bai lehen lanari lotzeko.

        Etxekoeri erne behatzen denean batek berexi dezake, emakumetan argiena etxekoandrea dela edo izeba bat dela.

        Emakume erne orietarik bat edo batek sendalari bera argitu dezake, eriaren goiti beheitietan, oharmen berezi batekin.

        Laguntzalea, eriaren gelan sartu orduko ohartuko da, eri-handia ohean nola dagon etzana: gaitza bakotxak bere egote berezia badauka ta.

        Sukar-usteldunen ohean egotea ez da peritonitis daukanak bezala; harek ahoz-gora, hunek, aldiz, gorputza, zango-ixterrak bilduak sabeleko miñen eztitzeko.

        Meningitis delakoak nahasirik, buru-besoak igitzen, ohetik atera nahiak.

        Geroxago, erranen ditugu bertze gaitza batzuen egoteak.

        Laguntzalea ohartuko da, eri handiaren aurpegiaren itxurari, begitarteari, aho-ezpañeri, sudur sahetseri: manso edo zaluiegi ats-artzeari, asots egiteari, zurruka edo ziztu egiteari: orietarik guztietatik ezagupide asko bildu daiteke.

        Eri-handi guztiak ez daude ohatzeratuak, badire azkenetan daudela iduri dutenak, eta hala egonagotik badabiltza; azkenetara urbilduak dauden min-bizidunak: bai ta dema delako garaikerrietan garaituak izanik, lasterka egitean edo trunku ebakitzen; iduri bai dute azkenetan daudela.

        Eri-handien ohatzean egotea geihenetan ahoz-gora, coma delakoan daudenak; sukar-usteldunak eta kolpe handitan shock delakoaikin daudenak berdin.

        Naiz gaitz ttipiekin, gizen gizenak ere hala daude.

        Burutik nahasirik daudenak geldirik ezin egon, zer ari diren ez dakitela.

        Eri-handien ohatzean jarririk egoteak adiarazi nahi du, ats ezin hartuz daudela, dela biotzetik, dela edema pulmonar edo crup-diftérico edo zintzurretik beheiti zerbeitek trabatzen duela.

        Aurpegitik asko ikasi dezakegu. Behatze zorrotz, deusere ohartzen ez direla dirudien erotu edo tumor cerebral delakoen nahasturia adiarazten dutela.

        Sabeleko eri-handiek kolore zuri-ilun dute eta mazelak sartuak sudur saetsetako zimurdura batean.

        Apoplegiaikin daudenak, ilik bezala, baño lo zurruka itsusi batean; aurpegi-alde bateko paralisisekin okertua.

        Meningitis duten aurrek kolore zuri, triste, burua beti alde berera makurtzen dutela.

        Mozkortuen begi-sudur eta ezpañak gorri: behatze zozoa eta beherako ezpaña dilindan, eroria bezala.

        Sukar usteldunen begitartea eroria, kolore ilunzikin; begiak gorri eta ezpañak beltztuak, idorturik, erreak bezala edo xigortuak.

        Aurpegiko erisipeladunak, aurpegi eta burua ahantua, gorritua, itsustua; ezpañak eta betazalak handituak ahoa eta begiak itsuski esten ditioztela.

        Emphisema delakoak handizki anpatzen du begitartea; baño kolore sano du, larrua zapatzean kri-kri egiten du, ardiak larrutzeko airez anpatzen diren bezalakoek.

        Tétanosdunek, ahoa etsia (ezin ideki), mingaña ezin igitu, ezin iretsi dute; berehala iltzen dire, konortea argi dute.

        Crup-diftéricodunek, ohatzean jarririk ats-ezin artuz, ezpañak more, sudur-sahetsak ats-artzean igitzen, eta ziztu zintzurretik.

        Cólera dutenen begiak sartuak, azkenetan edo agonian daudenak bezala, betazalak more.

        Eroen behatzeak ez du beinere eldu zaionaren behatzekin elkartzen, ots, ez dute elkar behatzen.

        Perlesiak artua, alderdi bat illa, eta aurpegia alde batera okertua.

        Eri-handien bertze nabarmen larriek adiarazi dezakete erien galbide handia badela, nola odol-ixurtze handi batek, aurpegia zuritzen duen.

        Urdallaren zulatzetik eldu den oñaze handia.

        Jakina: laguntzalearen gain da ohartzea, bat-batean eri-handiek erakusten dutena; baldin, sendalaria baño lehen apeza deitzen badute; erran ditugun ezagupideeri esker edo berez-bere, lehen bai lehen egin behar dena egiteko.

        Baiki: apezek badute, liburu onak, Medicina pastoral eta Ritual Romano non apezek ikasten duten sendakintzako jakin beharrenak.

        Eri-handi batzu, azkenetan, luze egoten dire iduriz burua osotara ilundurik; baño olakoetan gertatzen ohi da, eriaren adiskide min-min baten bozak iratzartzen duela iltzera zohana eta zerbeiti ohartzen dela.

        Adiskide ori, badaiteke apeza bera edo sendalaria.

        Itz-bitxi bat, coma aipatu dugu eta ortan dagon eria, lo bezala dago; baño coma guztietan ez da loa berdin edo arin, coma diabético ariñago, coma apopletico, pizuena.

        Coma urémico delakoak baditu ariñak eta pizuak.

        Eri-handien laguntzalea deiturik eta eriaren gelan sartu eta, poliki-poliki asi behar du; astiki, trankilki, erreposki. Lasterka ez da lan onik egiten, lasterka deiturik izan bada ere; bereziki eriaren ezagutza miatu behar du; handik atera beharko du, argi eta garbi jakin behar duena; ots, dugun lan zaillena.

 

aurrekoa hurrengoa