Biziaren altzotik...
Manex Pagola

1987

 

 

BI SOLAS

 

      —XIPRI ARBELBIDE: Nola lotu zinen, Manex, kantu egiteari?

      —Ez da oraikoa, bainan atzo balitz bezala orroitzen naiz. Uztaritzeko San Frantses Xabierreko kolejioan apezgai nintzanean hasi nintzan, hain xuxen, 1959.eko inguruan: Euskaldun multxo baten artean kantu eta antzerki talde bat «Alegera» deitu ginuena xutik jartzean. Hor egin nuen lehen kantua, «Alegera», deitua eta herriz herri, Senpere, Azkaine, Uztaritze, Aiherra, Aldude, Itsasu, Heletan... ematen genituen ikusgarriak bururatzean kantatzen ginuena.

      Pianoan zerbait ikasia nuen, errien plantatzeko doia, Hazparnen Joset Mourguy apez soinulari suharrarekin, gero, Uztaritzen, Paul Decha, beste apez soinulari trebearekin. Erran behar da halere, soinu eta kantuen maitale haundi bat nintzala aspalditik. Eta horrela, jautzi zitzautan kantuaren alderako tirri bero bat eta horrekin Euskal Herriaren amodioa.

      «Herria» kaseta irakurtuz (orduko kaseta bakarretarik) eta ere hain segur Lafitte Jaun kalonje euskaltzalea ezagutuz, geroxago Piarres Xarritton, Pierre Camino eta beste... egin nuen Euskal Herriko gazteriarekin behar nuela kulturan bermatu, ikasi eta obratu. 1959.ean antzerki luze bat idatzi nuen ere Orreagaren gaia harturik, eta Heletako zoin gehiagoka batean agertu bainan hemen galdu zuten. Enetzat izigarriko dolua!

      —X.A.: Eta zure inguruan zer aro zen?

      —Etxekoa, iparraldeko beste herrietan bezalatsu. Iduri loeria batean kanpoz? Sua hautspean! Eskolan ere Euskal Herriaren alderako aro bitxi bat: Frantseskeria denetan nagusi. Euskaldun izaiteak aipatzea ere ez balio hor gaindi... Ikasteari eta beti ikasteari ari behar ginuen eta gure gogo bihotzen saindutzeari. Ordu haietan eskola gehienetan ez ote zen berdin? Euskal Herriko eta munduko gora beherak gerorako zirela...

      Kaseta eta irratiak Aljeriaz ainitz mintzo ziren. Eta Pariseko demokraziaz nehor gutik dudatzen, Araba eta Kabilak setiatuak balinbaziren ere, ezin frantsestuz!

      —X.A.: Noiz hasi zinen kantuz?

      —Herritarren aintzinean, Baionako seminarioa utzi eta, 1967.ean. Segur ez nuen gogoa falta lehenago ere. Bainan ez baitzen gisa edo haizu!

      Anartean, hiru urte lehenago lau kantu eman niozkan Gracianne Hastoy, Atarratztar neska bati, hunek Baionako Goiztiri (dizka eta liburu argitaletxean) atera baitzituen segur orduko aski ederki, bere gitarraz lagundurik. Mixel Labeguerie zenak bere bi dizkak ordukotz ateraiak zituen. Segur, harentzat erretxago zela, eta zinez lan ederra egin duela! Xoratua bainintzan.

      Ez da ahantzi behar ere Nemesio Etxaniz apez Gipuzkoarra arizana zela kantu berri egiten aspaldixkoan, eta hunen liburua «Kanta kantari» eskustatua nuen nik ere jadanik Uztaritzen, hain segur Lafitte jaun kalonje zenak emanik. Liburu berezi hortan agertzen zena: kantu erritmatu andana bat, berdin dantzatzekoak...

      Horiek hola, seminarioan, Beńat Sarasola lagun, jarraiki nintzan gure ikasketa seriosen artetik kantu berri egiteari. Gitarra baten atxikitzen ikasi eta kantu aireen hobeki moldatzen.

      —X.A.: Nola egiten da kantu berri bat?

      —Lehenik behar da naski soinuaren eta olerkiaren maitale izan, eta gero gai berezi bat aipatu nahi bada, hitzen eta airearen moldatzen hasi. Lan luzea gehienetan, bainan ez ezin egina. Teknika puxka bat behar dela, ezin uka. Konparazione, aire-zati nagusi bat asmatu behar da eta huni apaindurak eman. Dońu nagusia lehenbiziko lerroetan abiatzen da, gero ondokoetan zabaltzeko, azkeneko lerroetan dena bilduz bururatzen delarik. Ikusi behar ere nola eginak diren hoinbeste eta hoinbeste kantu hemen berean edo nun nahi Europan...

      Funtserat eta, ez da beharbada deus asmatzen, bainan dońuen jostura batzu egiten, kurutzatuz bezala, dendari batek oihal bateko hariak bezala...

      Nik uste, entseatzen dena zerbaiterat heltzen dela. Haatik egia da, bildutasun haundi bat behar dela zonbait orenez, berdin kantu batzuentzat gau luze batzuez. Batzutan gogoa berotua, gorputza tinkatu», zerbait haundi sortu behar balitz bezala... Eta biharamunean berdin berriz haste!

      Zailena hitzak eta airea elgarrekin ezkontzea. Hitzak dantzaraziz airearen urratsean. Bixtan da zonbat eta soinulari edo olerkari hobea eta areago dela emaitza.

      Bestalde, ikusi behar zer gai hunki, zer moldetarat eta nori buruz. Hitzak eta aireak araberan behar baitira troxatu opari eder batean bezala, gorputzaren eta gogoaren sentsu guziak hunkitzeko. Entzuleen adimenerat eta bihotzerat behar baita heldu deus hautsi gabe, baimena aintzinetik pollikińo hartuz bezala...

      Teknikak garrantzi haundia balinbadu ere, ez da berez dena. Kantu egilearen asmoak eta zintzotasunak badute ere ainitz ikusteko lan horretan guzian, guziz gogoeta-kantuetan.

      Kantatzeak beste eraginik du, antzerkian bezala, joko batean sartuz geroz, ofiziokoak zer nahi kanta baitezake berdin. Lan nekea halere hortaratzea kantariarentzat.

      —X.A.: Zure kantugaiak nundik dituzu?

      —Erran nezake, biziaren altzotik. Bizian bada zorion, bada nigar, bada etsipen eta itxaropen. Orai, abertzale izaitea modan bezala da jende batzuekin edo toki batzuetan, iparraldean ere. Daukat gizon izaitea gehiago dela. Kantu egileak behar ditu, aldika, denak aipatu, berdin bere inguruak jorratzen balinbaditu ere... Horrela, biziaren alde asko aipatu nahi izan ditut, beti gai berdinekin ibiltzeko orde. Hala nola, kantu bilduma huntan ikusten dira amodiozko zenbait kantu, sozial kantuak, arrailleriazkoak, abertzaleak, jostaraztekoak eta gogoetarazleak... Horrek erran nahi du kantuak biziaren harat hunat guziak aipatu behar lituzkela eta ez bakarrik mementoko idaia batzuen lauzkari izan...

      —X.A.: Ikusgarri andana batean parte hartu duzu ere.

      —Bai, hain xuxen lau ikusgarri eder berezietan. Zazpiribai, Piper Beltx, Ortziken eta Kanta-bi-tan.

      Lau ikusgarri horietan publiko ederra hunki ginuen. Biper beltx-ekin (1972.ean) milako bat jende, Zazpiribai-ekin (1972.ean) lau mila. Beste biak, Ortziken (1975.ean) eta Kanta-Bi (1978.ean) mugaz bi aldetan eman ziren, bai eta urrunago ere. Ortziken hogoi bat tokitan eta Kanta-Bi berriz hogoi ta hamabi herritan. Bainan Ortziken-ek zuen naski fama gehiena lortu mugaz bi aldetan, hala nola Durango-n berean bi mila eta erdi ikusliar etorri baitzen eta zer karrarekin! Orroitzeko ikusgarria!

      —X.A.: Eta partaideak nor kantaldi berezi horietan?

      —Biper Beltx, Xiberoko gazteen gain zen gehiena eta ikusgarria osatzeko bezala deitu ninduten. Orroitzen naiz biziki alde onak zituela ikusgarri bezala: Kantari berexak, argi jokoak, mugimendu, olerki eta soinu lantuak.

      Zazpiribai, molde berdintsukoa zen, nahiz lantuago. Hor ari ginen: Ugutz Robles, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Pantxo eta Peio, Ińaki Urtizberea, Pantxika Erramuzpe-rekin. Eta nola gerta Gipuzkoar edo Lapurtar fanfarre ttipi bat. Jendeak berehala ikusi zuen euskal kantua zinez moldez aldatzen ari zela teknika eder baten laguntzak bahatuz.

      Zorigaitzez, ez ginuen ez dizkarik ez kazetarik atera ikusgarri hortaz ere, zeren, hegoaldeko kantariek beren kantuak, berex, atera nahi baitzituzten. Erran behar da, «Ez dok Amairu» taldekoak zirela eta beti uste zutela talde hori berriz xutik ezarriko zutela? Taula gainean elgarrekin ari baginen ere, etzen hortik kanpo hanbateko batasun iraunkorrik gu denen artean. Halere, iritzien arabera, ikusgarri apaina izan zen dena, olerkiz eta soinuz ongi troxatua, Euskal Herriaren ilunduran ortzadar eder bat.

      Ortziken deitu ikusgarrian talde berdintsuan abiatzekotan ginen, bainan etzuten denek, azkenez, ahal edo nahi ukan. Halere multzo ederra ginen berriz ere, hegoaldekoak eskas bezala. Hor jokatu ginen Iker Robles, Maite Idirin, Pantxoa eta Peio, Pantxika Erramuzpe, Eneko Labeguerie, Maribel Etxezarreta, Ińaki Urtizberea-rekin.

      Orroitzapen ederrak hor ere. Bainan zer lanak! Zenbat gau eta zenbat bilkura! Ikusgarri hau hego aldean, Bretainian, Bordelen eta Parisen ere eman ginuen gostarik gosta, eta denetan, salbu Bretainian, arrakasta ederrarekin.

      Hegoaldean gorenean bezala ginoaitzilarik, Pantxoa eta Peio-k beste ikusgarri baten eskaintza ukan zuten Xabier Lete-ren ganik eta hola bururatu zen Ortziken-en emaitza. Dizka doble bat egin zaukun hortaz Elkar Baionako Argitaldariak eta pertsulariak barne (Hala nola Xanpun, Xalbador, Mattin...) hor da oraino gure entseguaren lekuko.

      Kanta-Bi ikusgarria aldiz arras beste mail xeheago batekoa egin nahi ginuen. Denborak etziren berdinak. Kantaldien arrakasta beheiti bezala abian, abertzaleak zatituak eta nik dakita zer...

      Kantaldi horretan arizan ginen bi herrietarik (Beskoitzetik eta Urketatik) biltzen ginen kantu egile eta kantari: Gaston Jocou, Mayi Xurto, Panpi Daguerre, Krixtina Xurto, Martxelin Albelbide-kin. Gau beila baten moldean zen dena.

      Beste aintzineko ikusgarritan bezala antzerki, soinu eta kantuz hornitua. Bainan hemen zinema moldea ere erabili nahi izan genuen diapositibekin eta tokian tokiko soinulari, dantzari edo historio kondalari bat edo beste herri bakotxean agerraraziz. Hogoi eta hamabi herri edo hiritan agertu ginen horrekin, ez bixtan dena, beti, arrakasta berdinarekin. Kortzikan ere izan ginen, Bastia-n hain xuxen.

      Beharrik, Urketako, Or argitaletxeak atera zaukun kazeta eder bat horgo kantu gehienekin.

      —X.A.: Diote ikusgarri horien asmatzaile zinela?

      —Egiari bere bidea, uste dut bai parte haundi bat hartu nuela lan horietan, bainan nere mugak ere onartuz. Zazpiribai-etan Benito Lertxundi eta Xabier Lete-k ainitz ekarri ziguten, bai eta Ińaki Urtizberea-k ere. Alabainan gu baino trebeago taulagaineko jokoan.

      Ortziken-etan talde-lan ederragoa izan zen beharbada, nahiz pizuagoa. Denbora jate asko ere. Gidari on onik ez baiginuen zorigaitzez. Kanta-Bi-tan berdintsu.

      Altxatzekoa da ikusgarri horiek denak, elgarren arteko adostasun ederrean eta pondu gehienak ongi eztabaidaturik bururatu zirela, beharrez berriz abiatzeko prest bezala...

      —X.A.: Talde lan horietako jokabideaz zer diozu?

      —Lehenik erran nezake taldea ongi ezagutzea dela lehen, gero bakotxari kasu haundia eman behar dela beti. Elgarrekin solastatuz eta adostasun garbirik ez bada gehiengoaren iritzirat helduz beti. Diru sartze eta joaiteak ongi zainduak eta «mozkinak» elgarren artean zatituak. Mozkinak doi doia gastuen estaltzeko baizik etziren izan. Zeren paperreria, bidekoa, afitxa, tokien alokatzea eta tresneria (argi eta altxabozak) ainitz gostatzen baitziren jadanik orduan ere.

      Beharrik ez gare holako talde batean diruaren ondotik arizan. Bakarrik zerbait eder gure inguruan eskaini nahian, bazterren goxatzeko eta pizteko!

      —X.A.: Orai, zuhaur, zer xedetan zaude?

      —Asmoak edo xedeak ez dira aski. Ikusi behar ere zer behar den oraiko gisan jokatzeko. Eta nolako ahalekin.

      Hemen eta han ibiliaren bortxaz eta inguruan ere behatuz, iduritzen zait duela hogoi, hogoita hamar urte senditzen ginuen kultura mundua aldatu dela gure inguran ere. Indar batzu higatu eta beste ikusteko eta senditzeko molde batzu sortu direla. Borrokak ere latztu.

      Lehenik, ikus dezagun Euskaldunak ez garela hanbat «familia bat» duela hogoi ta hamar urte bezala! Hortaz ederki baliatzen da xitima batzu besteen kontra ezartzeko!

      Bestalde, jendeak ainitz biltzen ditu orai telebixtak eta ere «rock munduak» bere inperioa hemen ere zabaldu derauku. Horrekin aiseria eta aseak ideologiak «faillitean» ezarri ditu. Beharrik herri zati on bat ari da Herria altxatzen, bainan zer ahalekin? Behar da naski ongi neurtu zer aldatu den eta zer aldatuko edo aldatzen ahal! Gure lan moldeak berriz ikusi.

      Neuri iduritzen halere, duela hamar, hogoi urtetako ikusgarri moldeak atxiki behar direla, onak diren ber, bainan zinez oraikotuz. Eta hortarako, ideologietan itsutu nahi ez duten kantariek azkenean beren askatasuna lortu behar dutela. «Euskal mitoetarik libratu», herritarreri gehiago ideki eta hortik betiko beren edergintza eta mezulanari jarraiki.

      Aski laguntza eta ahal ukanez, ikusgarri bizi bizi bat antola nezake oraiko ilundura eta ezinbestetarik jende berri bat Euskal Herri herritu (hiritartu?) bat-i buruz deitzeko bezala. Aski baita xokokerietaz, saindu faltsuetaz eta iraultzale batzuen ele hutsez ere.

      Hortakotz, orai, bestekin hanbat eta hanbat arizan ondoan, orai naizen hura naiz, bortxaz barreatu dutan urratsa bilduz. Hain segur beti gure gizartearen geroaz gogoetatua bainan ez etsitua.

      —X.A.: Beraz, orai, berriz ere kanturat?

      —Bai, nahiko nuke! Dakitana, lan jarraikietan (nere ofizioan bereziki) badutala zer egin. Ofizio baten ongi eremaiteak ez ote du baliorik? Gehiegi erran daukate gauzen aldatzea beste nunbait egiten dela. Ofizioarekin batean, bada ere besteri mintzatu aintzin hainbeste gauza ikertzeko eta ikasteko. Ez bada nahi besteen peontzan ibili.

      Nehork ez baitigu hanbat barnatik erakutsi zer den Herri bat, gurea, eta nola tranpak izan ditazken ere, orai Herri hortaz bihotzez eta argiz mintzatzeko tirrian nago kantu molde berri bat nahiz plazaratu entsegu moldean.

      —X.A.: Rock munduaz zer diozu?

      —Baliteke hain segur hortaz ainitz erraiteko. Nola zabaldu den soinu mota hori Euskal Herrian ere eta zer ekartzen dion gure kulturari. Zinez aberasgarri den ala itogarri...

      Uste ez baduzu ere, rock egiazkoa aski gustatzen zait neri ere, nahiz ez naizen sekulan hortarik arizan, ez delakotz ene izaiteko moldea. Bainan laket zait orroitaraztea Ducau eta Duhalde hasi zirenean beren lehen emanaldietan (Donibane Garazin) eskukaldi bat eman niotela publizitate sailean eta gogotik! Jakin nahi haundi bat nuen nola hartuko zuen jendeak, soinu eta kantu mota berri hori...

      Bainan laster ohartu naiz rock munduak leku guziak hartzen zituela eta gure ohizko kantu eta soinua desmodan bezala ezartzen. Nor da harrituko? Jakin behar da Rock-a Ameriketatik heldu zaukula, eta berekin dakarzkela hango bizimolde, kultura itxura eta abar... Bestalde, gazteria baten urte harroeri doan soinu neurrian egina da, ixtan batean, zalaparta eta garrasi sorarazten dituela. Soinu neurri xinplenetarik, marteiluaz joka bezala, presa haundi baten seinale, goxotasuna baino laketago duela naski idortasuna eta buru muinen joitea! Petik gorako gazte harroentzat molde hauta: Horien bil-oihu. Beraz, aise ikustekoa da duen arrakasta, hemen bezala mundu guzian biltzen ari duena. Eta gazteriak hortarik jo nahi badu, zer axola? Mugak nun eta zertako ezarri? Ez direa ere ororen buru jende helduak edo adinetakoak aldakuntza horren inguruan edo gibelean? beren negozio, edanetxe, arropa marka eta gaineratikoekin?

      Leioako unibertsitateko hitzaldi batean jadanik erran dutan bezala, nik uste, ez dela batere harritzeko Euskal Herrian ere hedatzen balinbada karraskan rock aroa. Beti bezala Ipar Amerikak duen kultura-hedamen indarra jasan beharko dugu soinu tresna berrien erreinua han bait dugu eta handik hazten bait dira gure irrati telebixtak, Ameriketaren kolonia batean bezala.

      Bainan horrek ez du erran nahi «gure gureak» edo guretuak diren ohizko soinu eta kantuak-askotan hoin aberats eta paregabeak-xokoratu behar direla, guhauren lelokeriaz, alferkeriaz edo sorkuntza eskasiaz! Gure gurea galduz, gure herrikulturaren erroak moztea liteke, «Euskal Herriaren amerikanotzea», bere giderrak zinez eskuratuak ez dituen gune arriskugarri eta berezi honetan...

      —X.A.: Beste kantari lagunen emaitzaz zer diozu? Bederen iparraldekoez?

      —Lanaren gatik, harat eta hunat barreatuak izanez, ez gare beti denekin aski kurutzatu, beharrik kantaldi batzuetan elgar ikusten ginuen gure lana egin eta baso baten inguruan ostatu guzia alaitzen ginuela kantuz eta solasez. Michel Labeguerie-ren doi bat hurbiletik ezagutzeko parada ukan dut, Telesforo de Monzon ere guti edo aski mintzatu. Hurbilagotik ezagutzen dut Etxamendi-Larralde bikotea eta zinez miresten dut egiten duten lana, bereziki horien kantuen aberastasuna eta birazka kantatzeko molde paregabea. Gure herrietan euskal gogoa hazteko edo pizteko zer hazi nasaia ez dute bota? Kantuen artetik, Eńautek zakiela bere hitz-perla pirripitaka jendarterat igortzen.

      Etxamendi eta Larraldekin betan kausitu naiz ere zenbait aldiz Guk taldea egin behar zutenekin, jadanik errana dutan bezala talde hortako Beńat Sarasolarekin denboran kantu moldatzen arizanik, jeinu ederra bait du kantu-harien ateratzeko.

      Parisetik etorria, bainan odolez Xiberutarra, Niko Etxartek haize berri bat ekarri derauku eta orroitzen naiz, besteak beste, hunekin betan, kantaldi berean Lemoniz ondoan, Mungian gertaturik. Argi joko eder batzuek distiratzen zutela tauda gainean, zer lana etzuen erabili berak bakarrik, bere gitarra xoilarekin eta bere abotz bereziarekin!

      Aipatzeko dira ere Paul Bertzaiz, Andde Duhalde, Brave eta Bessonart, Berterretx eta Erramuzpe bikote finak. Beti gogo ona utzi daut horien kantu egiteko edo kantatzeko moldeak, ez baitute beharbada beren neurri osoa oraino emana.

      Arrantzaleak, Nekez ari, Otxalde eta beste horrelako kantari multzoak ere hor ditugu bainan ez naiz kantaldi berdinean horiekin gertatu.

      Zure galde horreri arrapostu emaiteko ausarta ninteke erraiterat denbora bateko «kantari abertzalek» erabili kantu-gaietarik ez direla hanbat aldatu ondotik etorri batzu. Egia da ez dela hain erretxa ere, bainan aitortu behar dut kantu moldean entsegu ederrak egin dituztela gehienek soinu laguntzaren apaintzeko. Bide hortarik ikusi dut Otxalde garai batean, gero Izotz, Pipas Xiberutarraren multzoa. Eta nola ez aipa Eltzegor, hunek ezarri baitauku dena profesional mailan. Segur pena, ez ditugula gure kantari berri horiek guziak ere telebixtan ikusten Pariseko tetelekeria askoren partez!

      Bainan, nahiz ez diren soinu laguntzarekin ari (ez dute gehienetan batere beharrik ere!) zoin ederki etzauzkigu ari Erramun Martikorena bat edo J. Mixel Bedaxagar? Miresgarriko bozak, hats luzea, konpainian ezinago plaxentak, ez ginuke kantaldi eder bat eraiki behar horiek gabe!

      Kantu egiletan, Roger Idiart Azkaindarraren jeinua ere zinez altxatzekoa da, beste hanbat eta hanbat lanen artetik Xiberu aldean altxatzen baitigu irrintzin ozen bat.

      Eta nola ez aipa ere Maixan Minaberry, haur eta gazteentzat, denbora batez atertu gabe arizan zaukuna eta euskal kantu berria ozka eder batean ezarri nahiz, beti ederrenaren bila! Beste sail batean ari balinbadira ere, bainan hoien lana zoin ageria gure euskarazko elizkizunetan, zendako ez egin ere hemen esker onezko agur luze bat, urtez urte, haize alde edo kontra, Beloken, ixil ixila, olerki eta kantuari arizan zauzkigun Belokeko aita Beneditarreni? Xabier Diharce eta Gabriel Lertxundi-ri!

      Horieri guzieri esker (eta gehiago aipatzea hartze luketeneri, hala nola: Etxahun-Iruri paregabea, Leon Saint Esteben Hazpandarra...) josi behar dut nahi t’ez gure soinulari herrikoien lerroa: Beńat Galtxetaburu Gamartekoa, Frantxua Saint Esteban Uztariztarra, Louis Beheretxe Itsasuarra eta abar... Nork erranen du, beren molde, herriz herri egin duten lana, dela herriko pesta, eztei eta beste...? gure kantugintza eta dantzeri zolarik hoberena egin baitiote beti eta ekarri hedamen gure kulturaren berritze nahiari. Geroztik, egia da, jeiki dira oraiko soinu-aroari hurbilago bezala, beste soinulari eta orkeztra batzu. Eta beharrik! Bainan ongi ikusi beharko hor ere zer ingurumen prestatzen duten gure hizkuntzari eta kantuari. Jadanik erran dugun bezala, Rock edo Txuntxinko, segur ez du berdin balio! Bainan gure ingurumena angles edo amerikano bihurtzen balinbadugu, gazteriaren bilgarri baitezpadako, zer gostu ukanen dute beste gure kantuek, beste kantu-hitzek?

      Zendako ohizko kantuek ez dute soinu laguntza edo jauntzia lantuago edo aberatsago? Zendako holako kantuak ez dira soinuz eta kantu-inguruz hobekiago lauzkatzen kantaldi eta argitaletxetan? Euskal kultura zaindu behar dela, bainan amerikano kutsua gero eta gehiago emanez ote? Hitzen balioa erdi ixilduz edo bigarren ezarriz? Ala merkatua horrelako delakotz? Eta nork gidatzen du merkatua? Beti berak jaun eta errege? Kantari batzu aintzinerat igor, beste batzu gibelerat?

      Guhauren kontu, Kanta-Bi ikusgarria moldatu ginuelarik, horrelako xederik ere senditu ginuen inguruan, ez ikastola, ez abertzale talde bihi batek ez baiginituen deitu. Ala, Jadanik, ordu haietan, sobera pentsatzen ginuen Euskal Herriaz, euskal aberriaz, gure «nazionalismoaz» eta abar... Bait da gutartean ere nihis-nahaslerik eta dogma egilerik: zer Euskal Herri eta zer aberri motaren izenean ez bait da askotan batere ikusten!

      —X.A.: Eta hegoaldeko kantagintzaz zer diozu?

      —Suertea izan dut, bainan horren ondotik ibili ere ginen, horgo olerkari eta kantari arraz ezagun batzuekin kurutzatzeko. Denbora batez askotan elgarrekin kantatzen ginuen bereziki iparraldean Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Angel Irigaray, Julian Lekuona, Mikel Laboa... hots, hegoaldean «Ez dok Amairu» izeneko kantari multzoarekin. Jose Anton Hartze ere hor zen. Hegoaldeko ezin bizia kantatzen zuten hemen gaindi.

      Bainan, ez da ahantzi behar, eragozpen edo traba izigarriak zirela gehienetan muga hortan. Ahal nolaka ibili behar mugazainekin, dena kontrola eta abar... Laneko baldintza edo kondizioneak ahal bezalakoak ziren.

      Egiaz erraiten dut hegoaldeko guziak maite nintuela, nahiz batzutan arrotz egiten zuen horien olerki molde hetsi batek, hitz erdika aipatuz hango egoera trixtea.

      Hemen jadanik hasiak zitzaizkigun basa iraultzale batzu hunen eta haren berri emaiten, baiziketa burjes, espańolista, eta nik dakita zer zirela... dudak soraraziz behar gabe. Egia da ere «Oskorri» agertzen hasi zelarik berdin gertatu zela, «Ez dok Amairu»koek ez baitzituzten beti gostuakoak. Tira bira horien artean ibili ukan behar dugu, teoriari baino gehiago egiteari edo obratzeari fidatzea hobe zela.

      1969.eko urte unguruan, hego, eta iparraldeko kantari batzuen artean egin zen biltzar ttipi bat adiskide baten etxean, Uztaritzen. Besteak beste trenkatu behar zena: Iparraldeko orduko kantari ezagunek hobe ginuela bereziki «Ez dok Amairu»-ren inguruko kantariekin kantatzea euskal mezuaren onerako. Kasu egitekoa zela beste batzueri.

      Biltzar horretan etzen deus argirik moldatu eta bakotxa ibili zen bere bidetik, eta «Oskorri»koak ere.

      «Oskorri»rekin aipatu behar dut bixtan dena «Oskarbi» deitu talde apaina. Nolako goxoa eta esperantza, zer kantu lantuak etzizkiguten ekartzen? Eta zer bildutasunarekin! Zinezko edergintza horien lana!

      —X.A.: Kantuaren sustagarriak zer litezke zure ustez?

      —Askotan gogoan dutan galdea da hori. Hain segur beste kantari eta kantu egile guziek ere ihardetsi behar lukete hor.

      Bainan on da jakina izan dadin, aspaldi aspaldian, izan direla kantari eta kantu egileen biltzarrak, hala nola Hazparren, 1974.ean, Hor, multzo baten artean, ikusi gintuen kantuaren gora beherak eta erabaki batzu ere hartu. Ondotik izan dira «Ereileak» batasun ederrak muntatu zituen mahain inguruak. Orroitzen naiz, arizanik, luzaz, kantuaz eta ikusgarri ederragoen moldatzeaz Gaston Jocou, Eńaut Etxamendi Andde Duhalde, Beńat Achiary ere naski, Peio Ospital, Pantxoa Carrere. Zazpiribai-en garaia bezala zen, geroztik egin zen Ortziken famatua. Guk taldea ere ari zen bere ikusgarri bereziekin, bere aldetik.

      Beraz, kantuaren hobetzea aski aipatua izan da, ez beharbada aski ongi. Nork lagundurik? Zeren kantuaren hobetzeak eskatzen ditu beti bezala jende-ahalak, diru laguntzak. Ikusten delarik frantses xixtima hunek zer eskerra duen euskal kulturaz eta hemen zer ahulezia den, nundik nahi duzu zinez zerbait plantakotarat heltzea?

      Iduri luke halere gogoetak bederen aintzina doatzila eta indar gazte batzueri esker, aurten muntatu den «Euskal Herri guziko kantu xapelketak» zerbait aintzinaraziko duela. Lehenbiziko kantu xapelketak ere baitzuen merezimendu.

      Kantu Xapelketa horieri esker ateratzen dira —iratzepetan onddoak bezala— balio haundiko kantari gaiak: Nola ez, aipa Ainizako Hirigoen anaiak, Jojo gaztea, Hazparneko Loyatho, Maitexa Duhalde eta beste, iparraldekoak baizik ez izendatzeko. Hori uzta ederra eta kantari «gazteeri» atsegin ainitz egiten daukuna.

      Bainan gehiago zait jakitea zer kantatu behar den eta nola. Hori zinez galde gogoetagarria. Euskal Herriko Artistak batasuna, bere molde, gai horreri berari ari da, bainan zoin laguntza gutirekin! Azpimarratzeko konparazione, Maite Idirin batek nola beste bide bat asmatu duen, orai arteko publikoaz beste jende bat ere hunkitzeko, kantu eta soinugintza ederrago bat eginez. Eta zinez kausitu duela ere. Bainan, izan eta ere kantari profesional berezi bat, Herrian (abertzaleen artean ere) etzaio behar duen laguntzarik ekartzen. Eztitxu-rentzat berdin. Beti kosk egiten dugu lege berarekin: Xixtima honetan ez dutela erakunde publikoek ditugun artista arradoak ere lagundu nahi. Batzutan kasik etsitzekoa ere bada. Mintzaira setiatzen duten bezala, kantua eta beste edergintza sail asko nahi baitituzte galanki, lege ederrez, itoan bezala atxiki.

      Gelditzen zaukununa: IRAUTEA, adiskideak inguruan biltzea, Herriko Etxetan gure edergintza onararaztea eta ahal den beste erakunde publiko orotan.

      Hori guzia erraiteko ere aski entzuna dela Herri zapaldu bat garela, bainan Herri horren egiten azharkiago lotu behar garela denak, «zinkurin kantak» utziz poxi bat, bai kulturan, ekonomian. Hitzak ez aski, obrak behar! Eta obratzeko, obratzen dakitenekin bermatu! Kantua, kantu egiazkoa, hortik bera etorriko da eta gaineratikoa ere, uhainak itsasoan elgarren besarkan bezala...

      —X.A.: Eta dituzun hoinbeste «interpretek» zer erakusten dizute?

      —Nere kantuen arrakastaz ez dut segur kopeta ximurtzerik, zeren ukan baitute hedamen euskal zazpi lurraldetarat eta haratago ere. Aipa ditzadan bururat etorri bezala iparraldekoak bakarrik: Pantxoa eta Peio, Gaston Jocou, Jojo eta Bernadette, Pantxika Erramuzpe, Eiherabide anaiak, Brave eta Bessonart, Iker eta Eztitxu Robles, Pantxo Albistur, Maite Idirin eta orai Guk eta Andde Dubalde, Mixel Etcheverry. Zinez atsegingarri hori guzia. Neretzat seinale bat ere egin dutan lanak zerbait ekarri diotela euskal kulturaren gaurkotzeari.

      Bainan orai iduritzen zait beste aro batean garela. Kantuak gehiegi kantarien gain doatzi irratietan, telebixta, liburu eta beste tokitan, eta ere kondu merkeegietan sartzen dira batzu, gehiegi ixilean utziz kantuaren egiazko egilea. Kantari batzuek ez dute ere Euskal Herrian hanbat axolarik kantu egilearen lanaz eta zuzenez... Hortik, kantu argitaldariekin edo irrati, telebixta edo dantzaldien moldatzaileekin izan ditazken korropilo batzu eta SACEM delako erakundearekin ere. Ez baita goxoa batere negozio hori guzia, eta bait du kantu egile batek beste egitekorik ere!

      Hortakotz, ikusiak ikusi, bortxatua naiz orai nere kantuak nere gain kantatzea lehenik, eta hortaz nere inguruan abisatzea kantu egilearen zuzenak errespetaraziz.

      —X.A.: Eta SACEM hortaz zer erraiten ahal daukuzu?

      —SACEM hori da, hemen, eta SGAE hego aldean, kantu egilek eta beste soinu antolatzailek beren lanak edo obrak zaintzeko duten molde bakarra. Ez diten aldatuak edo hartuak izan hunen edo haren onetan!...

      Dizka, kazeta, kantaldi, irrati-telebixtetako emanaldi edo beste pesta horietan, urtean barna, harat hunat dabilan diru metatik honenbesteko bat hartzen du kantu edo soinu egilearentzat. Bainan arauka arras guti: diru iturrietarik 5-2%ko hori.

      Nereaz mintzatzeko, orai arte, hamabost bat urtez, bana beste, urtean 2.000 liberako bat hunki izan dut SACEM hortarik! Ez baita gutiesteko, hain segur, bainan ez ere hanpatzekorik!

      Zorigaitzez, bada oraino SACEM eta SGAE zerga-etxe batzuentzat hartzen dituztenik!

      —X.A.: Irrati-Telebixtak aipatzen baititutzu, horien laguntza zer zautzu?

      —Irratiek sail ederra ereman dezakete kantugintzari buruz ere, kantua ezagutaraziz eta maitaraziz. Erran nezake, gutiz gehienetan lan egiten dutela, salbu beti kantari berdintsuak entzunaraziz edo ez behar bezala erranez nor den kantu egilea edo kantaria.

      Hori ez da harritzekoa irrati batzuentzat, zeren kantu egile edo kantari batzuen bazter uzteko seinaleak ere baitira. Politikakeriaz. Eta jende bat ohartua da beste irratietako hertsikeria berdintsuak ditugula zorigaitzez «gure» irrati batzuetan ere!

      Telebixtan, kantugintzak duen tokiaz mintzatzeak balio balinbadu, hauxe erraiteko liteke: Euskaldunek ez dugula aski goiz ikusi gehienetan, ikuskiak edo ikuskizunek hartu behar zuten eremua. Beharrik hor dugu Euskal Telebixta, bainan euskal kantarieri zer toki egiten ote diote? Duela hiru urte «Euskal Herriko Artistak» batasuna abiatu ginuelarik irrati-telebixten tokia aipatzeko izan zen gehienik, deus guti aldatu baita hor gure kulturarentzat, deus kasik euskal kantu, pertsu eta soinuarentzat. Hor ere ez dukegu aski indarrik erakutsi eta laguntzen ahal zuten Euskaldun guztiak ez dira «hitz’ordu» hortarat etorri. «Euskal Herriko Artisten» saila ez delakotz aski argia edo erakunde horretan ez delakotz aski iraultzalerik? (Bainan, zoin iraultzarentzat?).

      Denboraren buruan (gehienetan bezala) ohartuko dira euskal kulturazaleak «Mass Media» horietarik bazter dagon kultura mende hunen urratsak eta aroak galtzerat hertsatzen dutela. Zer balio du zuhaitzak inguruan buluzten ari bazaizkio, edo ingurumena burdinazkoa balinbadu? Hamasei, hamazazpigarren men dean, idazkiarekin gertatu zaikuna gerta lezakiguke entzun ikuskien oldarrarekin! Ikus norat so diren adineko jendeak ere, ez aipatzeko gure haur eta petik gorako horiek gehientsuak.

      Telebixtari so errabiatuak! Eta euskal kultura, hor, nun?

      —X.A.: Zure kantuetarat berriz etortzeko zoin dituzu maitenak?

      —Naski neke gehienarekin moldatuak edo denbora gehiena jan dautatenak! Horiek dira, ongi ohartzen banaiz, lantuenak eta nihaur lehenik harrotu edo ikaratu nautenak. Sail guzietakoak, egiazki, bainan beharbada gehienik abertzaleak eta zirikatzaleak.

      Jakin behar da, nere kasuan hasteko, kantu bat egin ondoan, halako kirets batek hartzen duela kantu egilea, indarrik gabe bezala utzia, ixtan batentzat burtxoratua bezala. Aintzinean den korropiloa edo problema zertan aldatuko duen kantu baten egiteak, ean balio duenetz barneko minaren kanporat agertzeak eta abar, edo min hori behar bezala errana denetz. Nor etorriko den zinez min horren eztitzerat? Hain baigare briu brauka ari sail askotan, inguruari kasu egin gabe bezala... batzuek egina bestek deseginez!

      —X.A.: Eta politika aroarekin nola kurutzatzen dituzu zure kantuak?

      —Ikusiaren eta entzunaren bortxaz, lehenago gizartea oro eskuin eta ezker zatikatzen zen bezala, uste dut badela, hobeki erraiteko, alde batetik «baliatzaleen politika» (ohore, diru, botere gosea...) eta bestaldetik «Baliatuak direnen politika» (injustiziaren ezin jasana, lan gabezia, soldata eskasia, kultura zapalkuntza, eta abar...). Nik uste, boterea den azkenekotz min guzien erroa. Horren gatik zenbat tira bira, zenbat lasterka! zenbat bortxa! Berdin ezker berberdin eskuin. Abertzaletan ere.

      Agerizko edo gordagizko botere guziez bada mesfidatzekoa. Bietan gure artean. Eta sail hori askotan hunki nahi ukan dut nere kantuetan, ahal bezala, ustez arraillerian erranez hobeki sendiaraziko nuela guzia...

      Bainan zirikatzea bat da, eta ezin gare hortan geldi. Falta dena gehienik jendeen argitzea (guhaur lehenik) eta horien elgarrekin patzuergoan ezartzea helburu sendo eta argi batzueri buruz, mailka mailka, kexatzen direnak ere azken mugaraino konprenituz.

      Hori gabe, orai askotan gure batasunetan ikusten denarekin egon behar, fedea aintzin ezarriz, konpetentziak berdin izanen direla (nahi t’ez,... bixtan dena,... gauza segurra,... eta nolaz ez?... zer derasate beste horiek?). Eta baditugu Euskaldun suharrak demokraziaz aise ari direnak, demokrazia horren gogo izpirik ukan gabe. Ez baita oraikoa gauza! Eta xuxen joan nahi dutenak bazter-ostiko batzuez erorarazteko jukutriak ere. Gutartean berdin. BORROKA-ren izenean, omen!

      Politika instituzionalaz mintzatzeko, egia da, batzutan agertu naizela hauteskundetan, dela herriko, dela kantonamendukoetan. Denbora haietan ez ginen ainitz herri ttipi horietarat «euskal alternatiba» baten agertzeko bozen bidez. Alta, nere ustez behar zen eta behar da.

      Nere kantuetan mundu hori ere gogoan ari naiz bixtan dena. Eta zepoak edo enganioak nun diren egin ahala ikusiz eta erakutsiz behar den inguruarekin eta hunkiarekin. Hortakotz ditut hoin laket arrailleriazko kantuak, gure puxantak edo maltzurrak atorrarik gabe ezartzen dituztenak. Entzuleak ere goxatzen dira holakoekin. Zerbait da hori ere!

      —X.A.: Zure familia, ogibidea eta beste... nola antolatzen zirezte?

      —Gure etxean bada «lege» bat: behar dena egin neurriz bizitzeko, hatsa ongi hartzeko eta beti engaiatu gure heineko gauzetan, ez bait da beti gauza erretxa, bixtan dena. Nere andreari ainitz eta ainitz zor diot: lehenik «xori ona» eta badu mereximendu ez bait da geldirik egona batasun ainitzetan parte hartuz bere lanetik landa, antzerki, kantu, udaleku, Baionan Elkar etxea bidean ezarriz beste patzuerrekin, etabar. Badaki beraz zer den mugitzea gauzen aintzinarazteko, nihun itsutu gabe. Neretzat laguntza haundia hori. Beste hainbeste, gure haurretaz horrek bait-du, ama gehienek bezala, arta jarraiki gehiena, bai eta etxe barneko hainbeste barat hunatetan...

      Orai, Baionan dutan ofizioaz laburki artzeko, zer erran? Lehenik suerte gaitza ukan dutala Jean Haritschelhar Erakasle jaun ezagunarekin hurbildik lanean artzeko. Denek dakiten bezala, hedadura haundiko gizona, dudarik ez da berarekin zintzoki lan egiten dutenak bizi guzikotz markatuak direla horren, urratsaz eta bereziki laneko moldeaz. Erakasle ospetsu, ikerlari jarraikia eta fina, auzapez izanik, Herri-lanetan trebea. Hoinbertze ikasle, ikerle argitu dituenak uzten du nahi t’ez bere inguruan hatz haundia. Euskal Herriak ez ditu beharbada oraino horrek ideki eta eraman sailak aski neurtuak, hala nola Unibertsitate mailan, ikerketan, Baionako Euskal Erakustokiaren hedamenean, Euskaltzaindian eta munduan zear Euskal Herriaren alde eta gizartegintzaren fagore obratu dituen har-emanetan... Nundik ez duzu nahi, nik ere, eta ene beste laneko lagunek, ez dezagun distira hortarik zerbait bil, segur ez bait du berdin balio laneko eta bizitzeko gogoarentzat! Bestalde, erran behar dut goiz ohartu nintzala euskal kantuak ukan zezaken garrantziari, Haritschelhar jaunak, Etxahun Barkoxekoaz egin duen lan barnakor eta ahaltsua ikusi eta. Beti senditu ere bait dut zer esker ona ukan duen, Euskal Herrian edo kanpoan berdin, Herrikulturen alde izan duen tirri azkarra, izan euskal, espańol edo frantses olerkientzat bereziki.

      Ikusten duzu ez nere familiak eta ez nere lanak ez nautela den mendrenik trabatu, baizik akulatu sorkuntzari buruz nere ahal xinpleen uztartzen. Etxeko biziak hazi nau eta lanak zolatu eta urrunera so ezarri.

      —X.A.: Eta iparraldeko euskal politikaz baduzu iritzirik?

      —Bai, ez beharbada argiena? Hasteko, jende askorekin kurutzatuz egina, biltzarrez biltzar, abertzale «gazte eta zaharren» kordoka nekeak ezagutuz, hitzeri baino gehiago obreri fidatuz. Ez baitzen errex denbora batean, gu baino zaharragoen «ikus molde folklorista eta jauntxo-airearen» gainditzea. Aski da ikustea zer tira biretarik iragan den iparraldeko abertzalego berria 1960-etik 1981 arte konparazione! Hegoaldean frankizmoa zelarik eta iparraldean herri-lanetan gauzen abiatzeko eta sustengatzeko ahurtara bat abertzale baizik ez ginelarik, zahar eta gazte nahasteka. Halere, denborak joan eta, orai beti gogoratzen zautana hauxe da:

      Nolaz gure eskualdean, jende zapaldu, mespretxatuek eta baztertuek ez dute zilotik atera lezazketen bideeri gehiago so egiten?

      Zer pasatzen da?

      Zer aterabide eskaintzen diotegu eta nola mintzatuz?

      Zer informazione molde erabiltzen dugu abertzaleek?

      Nola ari gare azkenean masaren (Herriaren) moldatzen eta aintzinarazten?

      Orai, iparraldeko euskal politikaz xuxenki artzeko, gauza argia da 1970-etik hunarat, abertzaleek, «teoria eder» muntatzeaz beste, eraiki eta indartu dituztela obra ederrak: Ikastola, Koperatiba, Gau Eskola, Beste euskararen erakaskintzako bide, Sindikalista, Argitaletxe, GFA, kasetagintza, Irrati, Kulturetxe, Banko-abiamen, dantza talde, kantu eta soinu multzo, eta beste...

      Sail ederrak horiek oro, jendearen bilgarri haundi izan direnak, emeki emeki, nihun Euskal Herriaren begitarterik aztaparkatu gabe.

      Orai, iduriz, halako geldigune edo apalguna bat dugu abertzale eta beste euskaldun munduan: militanteen akidura edo unadura bat bezala, inguruko jendearen urruntzea, bozketan beti eta oraino uzta hitsak, abertzaleen artean berean elgar ezin jasan asko eta abar... Hor dugula denen aintzinean botere publikoek hartzen duten molde gogor jasan gaitza!

      Bainan, nere iduriz, lotsa emaiten duen geldigune hori eman nezake bereziki 1983-84-eko urte ondarretik haste hegoaldeko iheslariek jasan duten «odolkatze» itsusian. Harritzekoa ere zinez nola iparralde honetako abertzaleak oro, holako ekaitza ikustean, ez garen elgarretarat bildu estrategia berexak (jokamoldeak) arra-ikusteko. Bederen gertakari-sail (situazione) berri horren aintzinean! Bereziki ohartzeko —beti, beharrez, gogor eginik ere—, iparraldeko borroka harmatuak kinka itsusi horretan, denen gauzak arras zailtzen zituela. Nehoiz ez bezalako laguntza eta ingurumenaren beharra izanki eta! Gainerat, iheslarien batzordeak, deika, hori bera zionean, hain segur zerbait ikusiz!

      Alabainan, masak (Herriak) —han eta hemen egin nahasketa maltzurren gatik— uste ukan du hemengo Euskaldun batzuen bortizkeria iheslarien erreiera edo ordaina zela.

      Hortik harat, dena errextua zen Boterearentzat: iheslari horien azkarkiago zanpatzeko eta zer moldetan! Horiek gutarteko behartsuenak, minberenak! Zonbat kanporatze! Presondegiratze! eta GALen esku zenbat hil tipus tapas, bi urte barne! Zinez hegoaldekoek kario ordaindu dutela iparralde honetan egoitea!

      Bide beretik, nahiz beste molde batean, hemengo gure kultura mundua ere aski sakatua izan da, euskaldun den guzia jendearen bixtan begigoan ezarriz. Ondorioz, arras ofizial ofiziala ez den euskaldun gauza oro baztertua bezala!

      Neretzat, dudarik ez da-eta kantu bat abiatzean, nere gogoa orai ardura edo maiz horrarat doa—, gure politika— aroa gaizkondua zaukula iheslarien adolkatze historiko horretaz geroztik. Horrela, masak (Herriak) ezkerkeria bati konparatzen du gure euskaldun politikaren nahi oro, gure asmo eta ekintza lasaiak berak (dantzan ikastea, euskara lantzea eta abar...) harmeri, presondegieri, odolari, hots zalaparta itsusi bati baitezpada lotzen dituela.

      Beraz, zer erran nahi du hoin urrun joaiteak? Nun dugu Herria, nun «masa popularrak»? Ez ote da aldakuntza edo iraultza batean beti lehen masen moldatzea, eta hemengo kasuan hegoaldeari ere geHago behatzea, aberri berdineko kide bada iparraldea?...

      —X.A.: Eta «Bortitzkeria iraultzalea»z zer?

      —Denborak dira, orai, bide horreri lotuak direla hemen ere batzu. Egia da, hastapenean, deus haundirik etzela hor konprenitzen, jendea euskaldungotik oraino hoin urrun ikusiz, gure batasunak oraino hoin xuhur, Herriko Etxetan oraino hoin abertzale guti eta abar... Eta ikaran ez ote ziren, hoin nekez eraiki obra eder asko dilindan jarriko edo zapartatuko. Uroski ez dela, halere, horrela gertatu.

      Nik uste, garbi artzeko, Botereak, beti hoin abilki muntatua denak, gure bide gehientsuak nahitarat hetsiz —HAU GAUZA OHARGARRIA— bere abantaila ere aurkitzen ahal duela gauzak bortizkertarat lerraraziz edo hertsatuz, dena guhauren kontra itzularazten duela berdin. Orduan, nere ustez, eta ikusiak ikusi, bereziki, hanbat efikazitate edo ondorio garbirik ez duten bide garratzetan tematu gabe, beharrezkoa liteke eta ordu, beste moldez, berriz jendea biltzea. Gogor egiteko ez da baitezpada «bortitzerat» joaiterik.

      Iparralde honetan berean hoinbeste zorigaitz eta nahigabe dugunean eta bereziki, ahantzi gabe, hemen GIZARTE AINTZINATU BAT GARELA- (-jende gehiena materialki erdi aiserian edo hurbil...) bada beste biderik ere gure jendeari erakusteko: gure aspaldi aspaldiko nahiak azkenean segurki eta baketsuago aintzinarazteko. Emeki, emeki, bainan beti ariz! Konpetentzia eta buru gehiagori zinez tokia eginez eta beti egin ahala masari esku emanez, hau, bazter edo gibeletik, urrunegi utzi gabe.

      «Bortitzkeri-eza»ren bidea hor da, gure gizarteari hobeki doakona, beharbada jendeak hain segur hobeki konprenitzen ahal duena. Orai arte ere erabili dena. jakin gabe bezala, bainan ez hain segur aski onartua eta bultzatua. Bestalde, hor da ere, gure kasu berdinean edo berdintsuan diren beste Frantziako eta Espainiako Herrialde edo Erresumekin azkenean behar bezala kurutzatzea, elgarrekin apaila dezagun ihardokitze azkar, zabal eta demokratiko bat. Hau ere, irriak aparte, ez da ezin egina, bainan xede zina behar liteke noizbait hasteko. Ikus, beste sail batean izanik ere (ez ere gutarik hain urruna!) nola hasi diren ekolojistak eta zabaldu! Frantzian eta Espainian miliunka jendek beren hizkuntza eta kultureri buruz, berdin ekonomiari buruz, galde berak edo berdintsuak ditugularik Pariseko eta Madrileko gobernuen alderat, nolaz ez gare ohartuko elgarrekin ariz INDAR GEHIAGO ginukela? Nun dute bestenaz gure borroka nazionalek baitezpadakoa duten neurri internazionala? Nekeak eta bizien irriskuak (presondegiratze, kolpatze, hiltze...) ez direa ttipiako eta edozoin jendeentzat arinago hortik jokatuz konparazione? Bait da ere nun gogor egin horrarat arte ere!

      Anartean, izan hegoaldeko ala iparreko, hor ditugu, egia erran, zorigaitz asko jasaiteko: hoinbeste zauri idekiak, gure Euskal Herriaren bizi nahi trinkoari latzki so ezartzen gaituztenak: hunen lehengo eta oraiko bide luze eta latza argi markatuz nigar askoren artean! Ez bait da ikusten nun burura ditaiken hori guzia hurbil hurbildik joak direnentzat lehenik eta inguruan ere: «Herri etzan» batean!

      Nik halere, gertatuak gertatu, esperantza haundia dut ARRAZOINAREN INDARRA nausituko dela jendartean, MASAK BILTZEN BALINBADIRA. Hortik kanpo ez dut gerorik edo etorkizunik ikusten gehiago hemen. Ez hegoalderako ere. Hasteko, ez ginuke sekulan —ez jakinaten edo ez ikasiaren aitzaki trixtean—botere gorde edo agerien jokoa egin behar. Ez iparraldean ez hegoaldean.

      —X.A.: Azken hitza, Manex?

      —Euskal Herriko kantua, hemengo eta hango politika-aro eta lotureri josia da nahit-ez, beste edozoin sailetan bezala. Eta politika berri batek baitezpada xutik ezarri behar dituen eraikidureri. Lan horretan kantari edo kantu egilek beren partea bait dute idazle eta pentsalariek bezala. Beste lankide guziekin gizonki kurutzatuz, nehoren azpiko edo itsu ibili gabe, dogma eta botere gose direnek besterik balinbadiote ere. «Guk mana eta zuek segi!».

      Bururatzeko, Euskal Herriari opa nahi diot bere edergile (Artista) guziak lagundu ditzan beren asmo eta lanetan. Bereziki, irrati-telebixta, agerkari eta kasetetan toki gehiago har dezaten eta ez beti bazterren jostagailu edo osakin bezala. Bainan, Herriaren gora behera guzietako egiazko partaide bezala.

      Ikusiko hala izanen denetz, lehenik «GURE ESKU» ditugun toki eta tresnetan. Batzuk eta besteek amesten dugun askatasuna edo libertatea, gaur berean, hemen berean, hasten da... edo endurtzen.

Urketan,

Irailaren 15ean, 1987

 

Biziaren altzotik...
Manex Pagola

1987