|
Biziaren altzotik...
AINTZIN SOLAS
Aspaldi, hemendik eta handik eskatu didatena huna azkenean hemen. Azken hogoita hamar urte hauetako kantugintzari atxikiak dauden guziek ikusten ahalko dute, beste askoren artean, nun gaindi ibil ditaken kantari eta kantu egile baten gogoa. Liburutto honetan 80 kanturen hitzak agertzen ditut, beste batzu gelditzen baitzaizkit bestaldi baterako. Hain segur, halako batean kantu horieri egin ditudan aireak agertzen ahalko ditut bainan behar dena ez ote zen kantu hitzak lerrokatzea? Zonbait xehetasun emanez berdin kantuaren funtsa argitzeko. Kantu hauen bildumaren ondotik kausituko dira Xipri Arbelbide, idazle, kasetalari eta irratilariarekin ibili solas batzu. Hainbeste zor diogu Afrikako egonalditik landa hoin urte guti barne ipar aldeko irrati euskaldunaren abiatzea (Gure Irratia), saiakera eta eleberri moldatzailea. Solasaldi honetan ikusiko da nola eta zendako lotu naizen kantu egiteari. Bai eta ere kantu egile batek nun joiten duen Euskal Herriaren biziarekin, hunen itxaropen eta zorigaitzekin. Euskal Herriaren egile ainitz baigare gure zazpi lurraldetan eta berdin haratago ere, hasiz peontzatik Unibertsitateraino, kantu egile eta kantariaren iritzien ezagutzeak ere balio zerbait ba ahal du! Hori ere gogoan, eskaintzen dut liburutto hau euskal kulturaren eta edergintzaren maitale guzieri, izan diten Euskal Herrikoak ala beste nungo nahikoak.
Urketan, 1987eko Irailaren 15ean
Biziaren altzotik... |