|
Biziaren altzotik...
JO BEZATE EZKILEK
Jo bezate ezkilek Eskuzarta gizonek! Jakin behar dute gaur denek. Euskadi dela gure, Ez garela asarre Etxen nausi sartzen bagare!
I
Euskaldun berri batzu, borrokan dira lotu Gezur ala afruntu, horiek berdin zauzku! Gazteak odol badu, geroa berekin du Hi ez bahiz zahartu, gurekin egik oihu!
II
Gaztek nahi duguna bertzek ezin entzuna, Alta gurea dena nork dezake kondena? Jaun goikoak emana lurralde oberena Euskadi du izena zazpi probintziduna.
III
Eskualduna atera, sukaldetik kanpora, Auzoen trufa txarra botazak ilargira! Han duk gure izarra, zeru gainean gora, Hortakotz duk azkarra, euskotarren oldarra!
1964-65. Ikusiz kaseta horietan zenbat traba zituzten Enbatakoek beren biltzarrak egiteko (tokirik ez Herriko Etxetan eta abar...) nola kontrolatuak ziren nun nahi... orduan egin nuen kantu hau molde horretan abertzaleeri egina zen fama txarrari bihurtzeko... Ez baita ahantzi behar zonbat neke, komisarietan egoite, errota zilatze eta beste jukutria izan diren hemen berean bereziki Lapurdin abertzaleen alderat. Kaseta gehienak ixilik zaudela.
Biziaren altzotik... |