Biziaren altzotik...
Manex Pagola

1987

 

 

IRRINTZINA

 

Erradak, irrintzina, nundik heldu hizan,

Hire oihu samina nun hartua dukan,

Mendi kasko kaskotan ala erreketan?

Erradak, irrintzina, nun sortua hizan.

 

Ez haute behinere etsaiek lotsatu

Bethi samin ta azkar baihiz gutaratu

Hi bezin ausartikan nork du ezagutu?

Hortakotzat hain segur mendek hiri: Leku?

 

Hik dituk lehenago bildu Euskaldunak,

Harpe ta zelaietan xutik zagotzinak.

Hi zintzur bulharretan bortuko artzainak

Baderamatzak bere gau eta egunak.

 

Zer ote daukuk bada gaur hemen errango?

Hire ehortz eguna ez dela biharko,

Zimeldu den Arbola baita berpiztuko,

Xori guziek betan berriz kantatzeko.

 

Mokor zagon zerua hasten duk urratzen.

Iguzki berri batek baigaitu berotzen.

Hiri esker den denak dituk iratzartzen,

Eskualdun Irrintzinak baitu min egiten!

 

Emak ba, irrintzina, beti hireari,

Idekiz sail berri bat gogo guzieri.

Erakuts bide ona bihotz kartsueri,

Geroa segurtatuz Euskal Herriari.

 

 

      1965.ekoa. Euskaldunek munduan dugun oihu berezi horren ospatzeko egina. Garrasi bitxi hortan zer aurkitzen ahal den itxaropenen lagungarri.

 

Biziaren altzotik...
Manex Pagola

1987