www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUR EGIAK

(beste bertsio bat)

 

        Egun batez axeria presentatu zen ur handi baten bazterrerat. Errekontratu zuen han batelier bat eta erran modestia handi batekin:

        —Jauna, plazer nuke uraz bertze alderat pasatu, eta othoi har nezazu barka hortarat.

        Batelierrak erraten dio:

        —Pasatuko zaitut bainan zer emanen dautazu saritzat?

        Axeriak errepostu erraten dio:

        —Zure pagamendutzat erranen dauzkitzut hirur egia handiak.

        Batelierrak erraten dio:

        —Akort gira. Has zaite beraz egia horien kondatzen.

        Axeria jadanik barkan zena hasten da mintzatzen eta erraten batelierraz:

        —Zenbeit jendek erraten dute: artho hau edo mestura hau hain da ona non konpara baitake ogiari. Gauza hori ezin daiteke, ezen arthua edo mestura ez da sekulan hain ona nola ogia. Horra lehenbiziko egia.

        Uraren erditara zirenian, batelierrak erraten dio axeriari:

        —Orai konda zazu bigarren egia.

        Axeriak ihardesten dio:

        —Huna jauna. Emazu kasu ene erraneri. Anhitz aldiz aditu duzu erten ilhargi klaro denian gauaz: hau da gau ederra. Ilhargiak argitzen du iguzkiak bezenbat. Jauna, ez dezazula gauza hori sinets, ezen sekulan ilhargia ez da iguzkia bezain argi, ez eta gaua eguna bezain klaro. Horra bigarren egia.

        Uraren bazterrera arribatu eta, batelierrak galdegiten dio axeriari hirugarren egia.Hunek errepostu emaiten dio:

        —Jauna, hitzemaiten dautzut, bainan uretik kanpo arribatu eta.

        Batelierrak emaiten du axeria leihurreraino eta hunek hitzeman bezala erten dio:

        —Jauna eskerrak deraizut zeren pasatu nauzun ur huntan. Bainan orhoit zaite, jaun maitea, nik bezala pagatzen bazituzte bertze guziek ez daukezula zure fortuna egina. Horra jauna, zuri erteko nuen hirugarren egia.

 

(Julien Olhaso
Errient Bidarrain)

 

aurrekoa hurrengoa