www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ZORRIA
 

        Errege batek bazituen hiru alaba. Erraten dio gaztenari, billa diozan, baduela beharri ondoan zerbeit. Bilatzen dio eta atzematen dio zorri ttiki bat. Erraten dio aitak:

        —E bien! Zer da?

        —Deusik!

        —Ez duzu egia erraten. Bada zerbeit.

        Eta erraten zioen Fifinek ez zuela deusik atzeman. Aita asarretzen da hainbertze, bazela zerbeit, non erraten beitio bazuela zorri ttiki bat, bañian beratz tartean sartua duela. Kentzen dio eta ematen du eltze batean. Hala handitzen da zorria non eltzia zarta arazten beitu. Ematen dute pipota batean eta zenbeit egunen buruan zarta arazten du hura ere.

        Erregek ekhar arazten ditu lau karnazer. Erraten diote hiltzeko bestia hura eta larru dezaten. Iten dute. Erregek ematen du larru hura idortzen leiotik eta krida arazten du zeniek ezagutzen beitu zeren larrua den dilindan, posibleko duela bere alabetarikan bat bere emaztetzat. Alde guzietarikan gizonak heldu ziren, bañian nihork ez zuen ezagutzen larru hura.

        Jaun bat agertzen da urrerian sartua eta erraten du:

        —Hori da zorri baten larruba, eltze batean eta pipota batean azia.

        Erregek erraten dio baietz. Egia dela eta datorla nahi duenian alabaren beresterat. Erraten du ganen dela etzi.

        Errege zoratua zen. Erraten zuen ez balu pentsatu ere emanen zioela gogotik bere alabetarik bat.

        Erregek prepara arazten du bazkari eder bat. Egortzen du Fifine saiarat arno zaharketarat eta estauliatikan pasatzean behor xuriak erraten dio:

        —Ai Fifine! Gardia zuri! Zubekin bazkaldu behar duen jauna, debrua da eta zu berexiko zaitu. Aitak nahiko zaitu dirua eman partitzean, banian ez duzu hartuko. Erranen diozu ez duzula nahi behor zuria bertzerik. Eta emazu ungi kontu aita asarretzen bada ere. Erranen duzu bethi ez zarela ganen behor zuria gabe.

        Fifine tristatua da arras. Ez da beztitzen ere batere mahañian emateko eta haren ahizpak emanak ziren pinpiriñak bezala. Jaun hura heldu da eta errege koleran sartzen da ikhustean bere alaba maitena ez dela beztituba eta erraten dio nola ez den bada beztitu. Fifinek erraten dio:

        —Ezkondu behar balin badut, igual gustatuko dut jaun huni nere arropa sinple hauekin.

        Eta hala gustatu zen ere. Jaun harek erraten du hura beresten duela. Ezkontzen dire. Besta ederrak iten dituzte. Badoha andrea ogerat eta debruak pasatu zuen gaba jarririk, buruba pausatua burdiaren kontra.

        Biharamunian behar zuten partitu. Aitak erraten dio Fifinek ar dezala nahi duen bezinbat diru tresoretik. Fifinek erraten dio ez duela diru beharrik, haren senharrak baduela franko. Banian eman behar dioela estaulian duen behor xuri hura. Aitak erraten dio ezetz. Haren amak utzia duela hil zenian harentzat eta ez dioela emanen. Alabak erraten dio:

        —Ez naiz beraz ganen nere senharrarekin. Duala bera.

        Aitak ikhusi duenian hori, erraten dio ar dezala beraz. Partitzen dire. Senharrak erraten dio eman dadiela haren karrosaren gibelian, banian behor xuriak errana zioen jadaneko ez egoteko gibeletik. Aintzinian behar zuela bethi eta errateko senharrari haren zaldiak bezin laster ganen zela haren behorra. Senharrak ikhusirikan ez zuela posible gan araztia gibelian, uzten du beraz aintzinian eta badohazi simista bezin laster bat eta bertzea.

        In dutenian bide hañitz behorrak jotzen du lurra eta iten da bi erdi eta erraten du:

        —Sar hadi hor zazpi urterentzat.

        Eta debrua han sartzen da bere karrosarekin. Badohazi aintzinerat eta erraten dio:

        —Fifine! Zazpi urtez bakia izanen duzu.

        Erraten dio:

        —Ez beita pulit andre gazte bat ibil dadien hola bakharrik, horra printze arropak.

        Eta Fifine beztitua da ala gizon. Badohazi aintzinerat. Behorra eta Fifine unatzen dire bethi kurri ibiltzeaz eta xato baten aintzinian pasatzean erraten dio behorrak:

        —Arrastatzen bagiñe hemen! Bada hor jaun gazte bat bere amarekin bizi dena. Ezkonduko zare horrekin.

        Badohazi eta printzeak erraten diote iyan hartuko duten zenbeit denborarentzat pentsiondar. Erraten diote baietz, atseginekin. Xoragarria zen pullitez. Gure printzeak berak artatzen zuen bere behorra eta etxeko seme harek erraten dio bere amari:

        —Amets in dut. Iduritzen zait printze hori neskatxa dela.

        Amak erraten dio:

        —Nondik nahi duzu? Ez da segurki hala. Eta frogatzeko, errozu bihar, iyan nahi duen ethorri zurekin ferietarat. Eta neskatxa baldin bada, arrastatuko da arropa ederren aintzinian. Eta mutilla baldin bada, ez du kasurikan eginen.

        Behor xuriak erraten dio printzeari zer erran behar dioten eta emateko ungi kontu ez arrastatzeaz arropa ederren aintzinian eta duala sispa, sabre eta pistoletak diren tokitarat eta han gustu hartzeko.

        Jaunak gomitatzen du biharamuneko. Printzeak erraten du baietz atsegiñekin. Badohazi beraz eta erematen du jaun harek zuzen zuzena arropa andrenak ziren tokirat eta erraten dio printzeak:

        —Utzatzigun hokiek emaztekientzat.

        Eta erraten dio irakustian sabre eta sispak ziren toki bat:

        —Goazen harat, han obekiago jostatuko gare.

        Heldu dire etxerat eta erraten dio bere amari:

        —Ez du kasurikan egin arroperi eta pistolet eta sispekin egotu gare.

        Erraten dio orainion bere amari biharamunian:

        —Ama! Amets egin dut gure printzea neskatxa zela.

        Amak erraten dio:

        —Zoazi holako liño pezen ikhusterat eta printzeak ikhusten duenian zure zaldiak funditzen duela liño peza hura, erranen zaitu kontu emateko funditu gabe eta hortarikan señale izanen da neskatxa dela.

        Behor xuriak erraten dio bere printzeari zer iñ arazi gogo dioten eta bere zamariari zankuaz xahu araz diozan liño hanitz. Jaun gazte harek gonbidatzen du ikhusterat gaterat liño peza eder bat harekin. Erraten dio printzeak baietz. Partitzen dire eta printzearen zaldiak egiten zuen jaun haren zaldiak banion malur gehiago eta jaun gazte harek gibelatu behar izan zuen gatetik denen funditzerat.

        Heldu da etxerat eta erraten dio amari:

        —Ez da ez neskatxa zeren landa guzia fundituko zuen utzi banu.

        Biharamunian iten du berritz ere amets neskatxa dela. Erraten dio bere amari eta amak erraten dio:

        —Zoazte mañatzerat elkharrekin eta neskatxa balin bada ez da segurki mañatuko.

        Behorrak erraten dio bere printzeari zer erran behar dioten eta duala mañatzerat, billuz dadien berehala eta hura ganen dela jaunaren garainoaren ganerat eta lepoa tinkatuko dioela hainbertze non ethorriko diren biak lasterka heien apartatzerat eta ez direla mañatuko.

        Biharamunian jaun harek erraten dio iyan nahi duen mañatzerat gan harekin. Printzeak erraten dio baietz, gogotik. Badohazi eta printzea billuzten da laster laster athorra has eman arte. Eta orduan behorrak artzen du garañua lepotik eta itotzerat zuan mihia bi berga atheraturik, bi jaunak ez balietz ethorri hekien apartatzerat. Uzten dute beren mañua eta heldu dire etxerat eta erraten dio bere amari, segurki mutikoa dela athorra has eman zela berehala batere ahalgerik gabe.

        Eta erraten dio berritz ere gaba pasatu eta in duela amets neskatxa zela. Amak erraten dio gan behar dutela sagardiarat eta lore hañitz erortzen bazitzaioen ganerat neskatxa izanen zela. Behor zuriak prebenitzen du printzea zer iñ gogo duten.

        Biharamunian erraten dio jaun gazteak iyan nahi duen ikhusi hekien sagardia. Erraten du baietz. Harat gan direnian, sagar lore guziak jaun haren gañerat zoazin. Behorra ere ari zen aizeka eta printzeak ez zuen izatu lore bat xoilki. Heldu da etxerat eta kondatzen du bere amari nola izatu den lorez estalia eta printzeak ez zuela izan bat xoilki.

        Berritz ere semeak egiten du amets neskatxa dela. Amak ez zakien zer pentsa eta erraten dio:

        —Nik galdetuko diot nerekin lo egitea eta orduan segurtatuko naiz. Neskatxa balin bada, zu ezkonduko zare eta egiazki gizona balin bada ni iñen naiz harekin.

        Erraten dio beraz andre harek printzeari iyan ez luken nahi harekin iñ lo. Printzeak erraten dio baietz segurki. Arratsa ethortzen denian badohazi biak ogerat. Andreak ukitzen diozka bularrak eta gohor gohorrak atzematen. Argia pizten du segurtatzeko obekiago eta ikhusten du egiazki neskatxa dela.

        Badoha bere semeari erraterat harentzat izanen dela printzeak nahi balin badu. Segurki neskatxa dela eta ungi xarmanta eta ungi iña. Galdetzen du beraz berehala jaun gazte harek emaztetzat. Andre harek ere nahi du. Besta ederretan ezkontzen dire. Ezkondu eta behor xuriak erraten dio ez duela geihago haren beharrik eta gan nahi lukela bertze mundurat. Bañion gan banion lehenago ematen dio xirola bat eta erraten dio:

        —Deusetan penatu balin bazare aski duzu xirola hori jotzea eta ni ethorriko naiz berehala zure laguntzerat.

        Badoha behorra. Hañitz urus bizi ziren jaun andreak bere amarekin. Izaten dituzte denborarekin bi muthil.

        Handituxiak ziren noiz ethortzen beita berria gan behar dutela gizon guziek gerlarat. Hañitz tristatu ditu berri horrek eta jaun hari ere galdea ethorri zitzaioen kortetik gateko. Xangrin handia du familia guziak banian gan behar zen. Partitzen da.

        Zenbeit denboraren buruan, zazpi urthe pasatzen dire eta gure debruaren denborak iñak dire. Atheratzen da ifernutik eta badoha bere andrea zen tokirat. Andre hura bazagoen bere bi muthilleri begira. Sabrean edo ezpatan ari ziren biak. Sartzen da etxe hartan. Badoha bere andrearenganat eta erraten dio:

        —Segi nazu berehala. Baten plazan izanen ditut orai hiru.

        Amagiñarreba han zen jaun izigarri itsusi hura ethorri zenian. Hala izitu zen non ez zioien itzikan erran. Badohazi beraz ixil ixilla. Gan, gan, gan, oihan beltz baterat arribatzen direnian ikhusten du andre harek hiru urkabia paratuak. Pentsatu zuen berehala hekientzat egiñak zirela hekiek. Senharrak erraten dio:

        —Horra nola hil behar duzuen.

        Andreak erraten dio orduan:

        —Hil behar duen hari ez zaio deus errefusatzen eta utzi behar nazu othoi xirola huntarik piska bat jotzerat nere haurreri.

        Erraten dio:

        —Ba, ba! Egiten ahal duzu.

        Ematen da xirola jotzen eta asi orduko agertzen da behor xuria eta erraten dio debru izigarri hari:

        —Ez duk ez izanen hik nahi hubena. Hemen nauk ni, horren laguntzeko.

        Eta erraten du:

        —Lurra! Hire medioz, idek hadi eta atxikak sekulakotz debru izigarri hau hire erraietan.

        Hori erran orduko lurra idekitzen da eta debrua han gordetzen sekulako. Erraten dio behorrak:

        —Orai ez zare haren beldur izanen. Gan da sekulako. Eta orai ganen zare zure etxerat zure haurrekin.

        Eta Fifinek erraten dio:

        —Ez, ez, ez naiz sekulan menturatuko agertzerat nere senharraren etxerat. Ikhusi nau eta, nere amaginarrebak ilkhitzen; gizon horri segi eta zer erran lezake.

        Eta orai behorrak ematen dio makhil ttiki bat eta erraten dio:

        —Horrekin uki zazu lurra eta egiñen da etxe eder bat barnean behar dituen gauza guziekin.

        Eta etxe aintzinian sor arazten du ithurri urhezko bat. Behorra badoha, hura ungi utzi ondoan. Gerla finitzen da. Jauna heldu da etxerat eta pentsa azube haren pena. Erraten dio bere amari ez badu bere emaztea atzematen, hila izanen dela eta harek ere bere buruba hillen duela. Eta badoha berehala.

        Badoha gan, gan, gan eta arribatzen da oihan baterat eta han zer ikhusten du: hiru urkabi. Pentsatzen du berehala han urkatua izatu dela haren emaztea eta bere bi haurrak. Eta erraten du behar duela harek ere han berean urkatu bere buruba. Igotzen da eta burua pasatzerat zohalarik ikhusten du urrun zerbeitek distiratzen hañitz eta erraten du:

        —Obe dut lehenbizi ikhustera gan zer den han. Gero ere hemen izanen dut urkabi hau.

        Jausten da eta badoha atzeman arte ikhusi duena. Eta arribatzen da jauregi eder baten aintzinerat. Sartzen da eta galdetzen du baso bat ur. Andreak ematen dio eta ezagutzen du berehala jaunak eta galdetzen dio iyan ez duen bada ezagutzen. Erraten dio baietz eta besarkatzen dute elkar atsegin handirekin. Fifinek kondatzen dio bere istorio guzia, nola izan zen ezkondua debru harekin eta nola behor xuri maite harek lagundu zuen bethi eta nola bethi hari fidel egotu zen eta ez zuela sekulan deusikan izan debru harekin.

        Eta fidantzia geihago izan zezan Fifinek jotzen du berritz ere xirola eta agertzen da behorra zeinak kondatzen beitu osoki Fifinek kondatu zuen bezala bere istorigua. Eta uso baten forma hartu eta gan zen airetan zerurat. Jaunak erraten dio gan behar dutela amaren etxerat, hura ere penetan dela duda gabe, bañian andriak erraten dio han berian obekiago litazkela, ez dutela deusen eskasik han, beren ithurri urrezkuarekin eta duala bere amaren billa eta han denak biziko zirela.

        Partitu zen senharra kusian. Bere ama artu eta ethorri zen gibelerat eta han bizi izan ziren hañitz urte, hañitz urus. Ungi bizi izan ziren, ungi hil ziren.

 

(Laurentine ,Tuturen ahizpa)

 

aurrekoa hurrengoa