www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

MALBRUK
 

        Asko munduan bezala baziren jaun andre batzuek. Haurrez kargatuak ziren eta arras pobreak. Senharra gaten zen egun guziez oihanerat egurketa bere familiarentzat. Emaztea esperantxetan handituba zuen. Oihanian zelarikan egun batez heldu zaio jaun bat eta erraten dio:

        —Zer ari zare adiskidia?

        —Egur iten familiaren azteko.

        —Pobreak zarezte beraz arras?

        —Ba, ba!

        —Nahi baninduzu zure lehenbiziko haurraren aitabitxi iñ zuen legian, eman zintzaket dirua franko.

        Erraten dio baietz, iñen duela. Ematen dio diru hañitz. Heldu da etxerat. Emaztea erditzen da laster eta bazagozin ez jakinez nohat gaztia aitabitxiri, ez beitzakiten non egoten zen. Bera nonbeitikan agertzen da. Badohazi elizarat eta ematen dio izena Malbrok. Heldu zirelarik etxerat suntsitzen zaiote aitabitxi bere haurrarekin. Aita eta ama peñetan ziren nahiz bazuten haur hañitz. Bañian denborarekin istu zitzaioten pena.

        Malbrok gan zen bere etxerat. Emaztea sorgiña zuen. Bazituzten hiru alaba. Malbruk txikia handitu zen fite hañitz. Zazpi urtetako gizon bat bezin handi zen. Erraten dio bere aitabitxik:

        —Nahi huke gan hire etxerat?

        Erraten dio:

        —Ez naiz hemen nere etxean?

        Erraten dio ezetz eta nahi badu baduakela hiru egunentzat harat.

        —Hua holako menditarat eta handikan ikhusten dukan lehenbiziko etxea izanen duk.

        Badoha mendirat. Ikhusten du etxea eta badoha. Atzematen ditu bere bi anaia athe gañean egur xehatzen hari direla. Erraten diote hekien anaia dela. Ez zuten nahi sinetsi. Sar arazten dute barnerat eta erraten du bere aita eta amari Malbrok dela. Arrituak dire halako gizon izatia zazpi urthetako. Lorietan pasatu zituzten hiru egunak eta erraten diote bere anaieri balitakela tokia haren aitabitxiren etxean hekientzat ere eta gan behar dutela harekin. Badohazi beraz hiruak.

        Arribatu direnian sorgiña ez zen batere kontent. Erraten dio senharrari:

        —Ez dakiat nik hiru gizon hoikiek zerbeit iñen geituzten. Ez nuk fida batere eta behar ditiagu hil.

        Malbrukek ez zuen nahi bañian sorgiñak ez beitzioen bakerik ematen, erraten dio hiru egunen buruan hillen dituela. Zer egiten du Malbruk txikiak? Arratsetan hekien alabek ematen zuten buruan koruak eta Malbruk txikiak eta bere anaiek samuak. Malbrok txikiak? erraten diote behar dutela egin trukada. Hekien sanja dela orai koruak izateko. Neskak igual kontent, ematen diozkate. Gau batez badoha beraz Malbrok. Buruak ukitu eta ikhusi zuen samuak zituztela eta hiltzen ditu hiruak. Malbrok txikiak hori ikhusi eta atzar arazten ditu bere anaiak. Hartzen ditu bere aitabitxiren zazpi leku egiten zituzten botak. Bere anaiak hartzen ditu bere espalda gañetan eta badohazi gan, gan, gan.

        Sorgiñak erraten dio Malbroki:

        —Eman duk ungi kontu nor hil dukan. Ez nauk batere trankil zerbeit astokeria in othe dukan.

        Badoha sorgiña eta ikhusten ditu bere hiru alabak hillak. Kolera gorrian zen eta ez zen erremediorik. Malbrok eta bere anaiak arribatzen dire erregeren toki baterat eta ikhusten dute denak triste zirela. Galdetzen dute zer den. Erraten diote erregek bere hiru alabak galdu dituela eta nihon ezin kausi detzala. Erraten du Malbrokek:

        —Nik atzeman netzake.

        Erraten diote hori erregeri. Laster ereman arazten ditu bere aintzinerat eta erraten diote hari ere atzemanen dituela. Partitzen dire hiruak. In dutenian bide puska bat, atzematen dute atxo xahar bat. Erraten diote:

        —Norat zoazte hola?

        —Erregeren hiru alaben atzematerat.

        Erraten diote emazteki xahar harek:

        —Zoazte erregerenganat eta galde zozube hiru ehun braza soka berri, pusader bat eta xilintxa bat.

        Badohazi eta ematen diote erregek berehala galdetzen zutena. Badohazi emazteki xahar harenganat eta erraten diote atxo harek putzu hartan direla. Ematen da zaharrena pusadaren barnean eta erraten diote izitzen denian joko duela xilintxa. Barnaxko gan denian izitu eta jotzen du. Ekhartzen dute goiti. Bigarrena badoha eta barnaxago gan eta jotzen du harek ere izitzen beitzen. Sartzen da beraz Malbrok eta erraten diote:

        —Nik tiratzen dutanian beheiti pusadera, orduan altxatuko duzube goiti.

        Jausten da beraz eta ikhusten du noizpeit lur azpi hartan badela etxe eder bat eta ikhusten du andre gazte eder bat dagoela, suge handi bat lo altzuan. Ikhusten duenian Malbrok, erraten dio:

        —Zoazi othoi hemendik, ez du hiru oren laurden bertzerik iñen lo eta atzartzen bada, zu eta ni iñak izanen gare.

        Erraten dio:

        —Igual da. Emazu puliki puliki atzarri gabe suge hori lurrean.

        Ematen du eta erematen du andre gazte hori pusaderian. Tiratu eta badoha bertze gela baterat eta ikhusten du bertze andre bat alere ederragoa, leoin baten burua altzuan lo. Erraten dio harek ere:

        —Zoazi hemendikan fite. Ez du oren erdi baten lua beizik. Atzartzen bada zurea eta nerea iña da.

        Erraten dio Malbrokek:

        —Emazu puliki puliki leoin horren burua lurrean atzarri gabe.

        Iten du. Hartzen du Malbrokek eta pusaderian sartzen da harekin eta anaiek altxatzen dituzte biak. Eskribatzen dute berehala errege jaunari ethortzeko billa, atzeman dituztela bi alaba. Pentsatzen duzuen bezala erregek egortzen du berehala karrosa bat heien bila eta iten ditu besta handiak. Erregek erraten dio behex dezan biyetarik zein nahi duen emaztetzat. Malbrokek erraten dio hirugarren alaba atzematen duenian hura izanen duela emazte. Eta bertze anaiek ar ditzatela bi andre gazte heiek emaztetzat. Iten dute Malbrokek erran bezala eta partitzen da Malbrok bere andre beharraren billa.

        Badoha gan, gan, gan. Ihiziki guziek ezagutzen zuten Malbrok. Bazabillalarik atzematen du otso bat, potzo bat, miru bat eta xinaurri bat eta iten diote oihu Malbroki, erraten diotelarik:

        —Norat hua Malbrok? Hiru egun huntan zikiro hau ezin partituz gaotzik ez akort izanez, bañian hik inen geituk partilla.

        Badoha beraz Malbrok ikharetan, hura ere partituko dutela.Pikatzen du buruba eta ematen dio xinaurriari erraten dioelarik:

        —Izanen duk hor jatekoa eta etxea.

        Ematen dio miruari tripak eta potzuentzat eta otsoentzat egin zuen zikirua erditik. Utzi zituen denak arras kontent. Eta Malbrok badoha bere bidean ixil ixilla. Bide puska bat egin duenian xinaurriak erraten diote:

        —Ez diogu Malbroki deus eman sari.

        Eta otsoak iten dio oihu ethortzeko. Malbrok heldu da ikharetan haren sainja dela eta jan behar dutela duda gabe. Erraten dio xinaurriak:

        —Deus ez haigu eman hain ungi partillak egin eta. Bañian nahiko dukanian xinaurri billakatu, askiko duk erratia «Jesus xinaurri»: xinaurri bilakatuko haiz.

        Miruak erraten dio:

        —Miru nahaukanian billakatu, erranen duk «Jesus miru» eta miru izanen haiz.

        Otsoak ere erraten dio:

        —Nahiko dukanian otso billakatu, erranen duk «Jesus otso» eta otso izanen haiz.

        Eta potzoak ere igual.

        Badoha aintzina lorietan. Oihanian zualarikan pika batek erraten dio:

        —Norat hua Malbrok?

        —Holako erregeren alabaren billa.

        —Ez duk atzemanen erreski. Bertze ahizpak libratuz geroztik eremana duk itsaso gorriz bertze alde, irla baterat eta han etxe eder batean preso atxikitzen dik lehuak eta atheak halako xarreta txikiak ditizkek non xinaurririk bertzerik ezin sar beititake etxe hartarat.

        Malbrok berri hori jakiñik kontent zuan, atzemanen zuela bere printzesa. Badoha gan, gan, gan eta arribatzen da irla haren aintzinerat eta orroituz miruak errana, erraten du:

        —Jesus miru.

        Eta billakatzen da berehala miru.

        Airatzen da eta badoha irlaradiño pikak erran bezala. Ikhusten du ezin sartu dela xinaurri bezala bertzerik eta erraten du:

        —Jesus xinaurri.

        Eta sartzen da tarte ttiki batetik. Soratua da ikhustearekin andre gazte haren edertasuna. Erraten du:

        —Jesus gizon.

        Andre gazte harek ikhusi duenian erraten dio:

        —Zoazi hemendikan laster. Zure biziak egiña izanen du. Ethorriko da arima gabeko gorputz izigarri bat oren laurden bat gabe eta akabo izanen zare.

        Erraten dio:

        —Xinaurri bilakatuko naiz eta emanen zure paparuan baiñan ez sobra finki atzik iñ leher beinintzazuke.

        Hori erran orduko arribatzen da mostrua. Ematen diozka epher eta uso bere janaritzat eta berak jaten ditu suge eta zikinkeria batzuek. Erraten dio buruban miñ duela eta hartzeko martillua eta jo dezan buruan. Martillua ezin altxa zezaken hain handia zen, bañian jo zuen ahal bezala.

        Partitzen da mustroa. Sinaurria atheratzen da zen tokitik eta andre gazte harekin preparatu eta jaten dituzte epher eta usoak. Xinaurriak erraten dio:

        —Behar diozu galdetu, peña handia izanen bazindu bezala, nola behar litaken iñ haren hiltzeko eta erranen diozu zeñien malurus zintazken hura hiltzen balitz. Gosiak hil litakela irla hartan preso.

        Erraten dio andreak baietz.

        Heldu da berritz ere mustroa eta erraten dio:

        —Ai, ai, buruba! Ar zazu martillua eta jo nazazu finki.

        Hari da andrea unatu arte eta erraten dio orduan zeiñ malurus liteken hura hiltzen balitz. Erraten dio ez dela hilen. Segretu handiak jakin letzakela hura dakienak. Erraten dio:

        —Nik ez nuke nahi sehurki hiltzea. Gosiak hil nintake zu gabe irla huntan eta ez nuke deus abantaillik. Erran behar nazu zerk hil zintzazken.

        Erraten dio ezetz. Lehen ere emaztekiak galdu duela gizona eta ez dioela erranen.

        —Erran dezakezu ba neri. Nori erranen diot. Ez dut eta nihor ikhusten. Nihor ez ditake ethor hunarat.

        Azkenian, azkenian erraten dio beraz behar litakela hil oihanian den otso izigarri bat, haren barnean bada axeri bat, axeri haren barnean bada uso bat, uso harek badu buruan arroltze bat eta arroltze harekin kopetan jotzen banaute, hillen naiz. Bañian nork jakinen ditu hoik guziak? Nihork ez.

        Printzesak erraten dio:

        —Nihork ez, uruski! Ni ere hil nintake.

        Badoha mustroa kanporat bertzetan bezala. Xinaurria atheratzen da. Pentsatzen duzuen bezala kontent sekretua jakinik. Biharamunetik partitzen da oihanerat.

        Ikhusten du otso izigarri bat eta erraten du:

        —Jesus otso!

        Eta otso bilakatzen da. Badoha otso harenganat. Hasten dire kolpeka eta garraitzen du eta itotzen. Han utzi eta badoha andre gaztearenganat irlarat eta erraten dio:

        —Badugu otsoa. Hill eta utzi dut oihanian.

        Heldu da gero mustroa dioelarik:

        —Ai! Ai! buruba! Jo nazazu fite buruba.

        Jotzen du hunatu arte eta erraten dio printzesari:

        —Hill dute otsoa. Ez dakit iyan zerbeit gertatuko zaitan. Ungi izitua nago.

        —Ez duzu zeren beldurrik izan. Nik nori erran dezaket deusik? Nihor ez ditake sar hemen.

        Partitzen denian, sinaurria ere badoha oihanerat. Idekitzen du otsoa eta ateratzen du axeri bat lasterka eskapatzen dena. Erraten du Malbrokek:

        —Jesus potzo.

        Eta bilakatzen da potzo. Ematen da hura ere lasterka. Atzematen du axeria. Kolpeka hasten dire eta itotzen du hura ere. Idekitzen du eta ateratzen da uso bat. Erraten du Malbrokek berehala:

        —Jesus miru!

        Bilakatzen da miru. Badoha usoaren atzematerat. Hartzen du bere aztapar izigarriekin eta kentzen dio burutik arroltze balios hura eta badoha fier bere andre gaztearen etxerat. Kondatzen dio in duela bere jokoa ederki eta erraten dio orai haren sainja dela, in dezala berak. Iten da berritz ere sinaurri. Arribatzen da gure mustroa oihuka, akabo dela, arroltzea hartu dutela usoari eta ez dakiela zer billakatu behar duen. Erraten dio martelluz jo diozan buruba. Erraten dio neskatxa gazteak:

        —Zeren beldurra duzu? Nork atzemanen du arroltze hura? eta nola behar litake jo zure kopeta?

        Erakusten dio erraten dioelarikan hola, neskatxa gazteak eskuan beitzuen arroltzea, jotzen du mustroak erran bezala eta erortzen da hil gohorra. Istant berean sinaurria atheratzen da kontentik eta erraten dio gan behar dutela berehala andre gazte haren aitaren etxerat. Idekitzen dute leiho bat eta gizon gaztea iten da miru eta erraten dio andre gazteari:

        —Lot zeite finki nere lepoari.

        Airatzen da eta arribatzen irlaren bertze alderat eta eskribatzen berehala errege jaunari egor zezan hekien billa berehala kusian. Erregek egorri zuen eta pentsa azube zer bozkarigoak eta bestak izan ziren korte hartan. Erregek nahi zuen berehala ezkont arazi bañian Malbrokek ez zuen nahi, behar zuela dotia ekharri. Erregek erraten dio irabazi duela aski jadaneko, bañian ez du nahi aditu hori eta partitzen da.

        Badoha, gan, gan, gan bere aitabitxiren etxerat. Han bazen behi bat, adarrak urrezkoak zituena eta ekhartzen zituzten diamantezko fruituak. Mutil batek gardatzen zuen behi hura landan. Erraten dio Malbrokek:

        —To! Ez duk aditzen nausia oihuka ari zaikala. Ua bada fite jakiterat iyan zer nahi duen.

        Mutilla badoha siñetsirik. Nausiak egiten dio leiotik:

        —Non habilla behiak utzirik? Ua fite. Ikhusten diat Malbrok han dabillala.

        Mutikoa badoha lasterka, bañian behirik ez du atzematen. Malbrok gan zen fierrik bere behiaren ematerat bere andre beharrari, zeiña hañitz kontent izan beitzen. Erregek nahi zuen ezkont zadien, aski aberats izanen zirela. Malbrokek ez du nahi orainion, behar dioela oroitzapen bat eman erregeri.

        Partitzen da orainion bere aitabitxiren etxerat. Nahi zioen ebatsi ilhargi bat, zeinak argitzen beitzuen zazpi lekoetan. Aitabitxi Malbrokek edaten zuen arrats guziez barrika bat ur. Malbrok txikiak husten du barrika ur hura. Arratsa ethorri denian, Malbrok badoha edaterat barrikarat eta atzematen du utsa dela. Badoha emaztearenganat eta erraten dio ez duela ur sortik eta gateko berehala billa. Ez dagoela egarriak. Erraten dio emazteak ilhun dela, pitz dezala bere ilhargia. Pizten du eta ematen bere ximiniaren gainean tellatutan. Denak gan direnean ithurrirat, Malbrok txikia badoa ilhargi haren artzerat eta erematen du bere erregeri. Erraten dio soratua:

        —Orai in duzu handizki. Ezkon zeite.

        Banian ez du nahi, behar duela bertze zerbeit ekharri orainion. Badoha beraz. Bazuen haren aitabitxik xirribika bat, zeinak aski zuen ukitzea zer nahi aire ederren jotzeko; eta aditzen zen zazpi lekoetan. Sartzen da bere aitabitxiren etxerat. Hartzen du xirribika eta uki orduko hasten da musika jotzen. Badoha Malbrok eta atzematen du bere semebitxia han.

        Hartzen du eta ematen kaiola burdiñezko batian. Ungi kontent ziren jaun andreak. Erraten diote arratsean egosi eta janen dutela. Badoha Malbrok oihanerat egurketarat eta andrea ari zen egur batzuen xehatzen, bañian hañitz penatzen zen. Erraten dio Malbrokek:

        —Athera nazu hemendik. Nik xehatuko zeizkitzut egur hoiek. Berdin arratsean hil behar nazube.

        Libratzen du beraz. Zenbeit egur sehatu ondoan hartzen du lodien bat eta jotzen du Malbrokek emaztea eta hiltzen. Egiten du su handi bat, ematen du panderubaren barnean, egosten, hartzen du xirribika eta badoha etxe hartarik. Malbrokek aditu duenian xirribika, egiten du bere beitan:

        —Nere emaztea ezin zagoken. Hil du duda gabe Malbrok eta bere loria niri erakusteko hartu du xirribika eta ez da gehiago kexatzen.

        Arribatzen denian etxerat, badago loriatuba ikhustea hekien panderua suan dela, bañian urbiltzean ungi, ikhusten ditu ille handi batzuek. Atheratzen du piska bat gehiago eta ezagutzen bere emaztea dela han jadaneko erdi egosia. Pentsazube zer pena izan zuen.

        Malbrok txikia gan zen erregeren etxerat. Ezkondu zen bere printzesa maitearekin. In zituzten besta handiak eta errege piska bat zahartu beitzen, eman zigoen bere korua Malbroki, ungi irabazia zuela. Eta bizi izan ziren denak urus. Bi anaiak in zituen errege ere.

 

(Laurentine 35 urte. Bere amarenganik dauka)

 

aurrekoa hurrengoa