www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ERREGE ETA HIRU ALABAK
 

        Asko munduan bezala, errege batek bazituen hiru alaba. Ingurutako errege seme batek ezkribatu zigoen nahi zubela ezkondu hekietarik batekin, aita maitena zubenarekin. Erregek ekhar arazten du zaharrena bere aintzinerat eta galdetzen dio zenbat duen maite. Erraten dio, bere erripikiña bezinbat. Aitak egortzen du gibelerat deusik erran gabe. Ez zen kontent.

        Ekhar arazten du bigarrena. Galdetzen dio hari ere zenbat duen maite bere aita. Erraten dio: erhi handia bezinbat. Ez zuen aski atzematen maite zuela. Egortzen du gibelerat deusik erran gabe.

        Ekhar arazten du alaba gazteena eta galdetzen dio zenbat duen maite. Erraten dio:

        —Ogiak gatza bezinbat.

        Aita koleran sartzen da. Ekhar arazten ditu bere bi mutil eta erraten diote behar dutela hartu bere alaba gaztena, ereman holako tokirat eta han hil eta, ekharri haren bihotza ezpataren puntan.

        Beztitzen da alaba hori ederki. Ematen da zaldi eder baten ganean eta badoha. Badohazi oihanian hiruak urrun. Pena zuten holako andre gaztea hiltzea eta erraten diote ez ethortzekotan etxerat, utz lihozaketela bizia, biziak bide iten duela. Hiltzen dute beraz andre gazte haren zaldi ederra eta ekhartzen aitari haren bihotza ezpataren puntan.

        Andre gazte gaxo hura arrastatu zen etxola txar batean. Han bizi zen xoriek ekhartzen zioten belar puntez eta erliek ekhartzen zioten loriez. Hola bizi zen luze.

        Egun batez errege seme bat ihizian zabillalarik ikhusten du zerbeit etxola hartan. Urbiltzen da. Galdetzen dio nola den han. Erraten dio aitak egorria dela harat. Jaun horrek nahi du berekin ereman, bañian andre gazteak ez du nahi.

        Partitzen da errege hori eta heldu da biharamunian zaldiz, bigarren zaldi batekin andre gazte hura eremateko. Etxolan egoteko arropa txar batzuek zituen eta erregek izan zuenian itza ganen zela harekin, jauntzi zituen ekharri zituen ederrak; zaldi ganean eman eta badohazi.

        Andre gazte harek kondatzen dio bere istorigoa, nola hasarretu zen haren aita zeren erran zigoen maite zuela gatza ogiak bezala. Ikhusi zuen errege seme harek berak galdeturikako andre gaztetarik bat zela eta zenbeit denboraren buruan ezkontzen dire. Esposatzeko iten dituzte gonbidu handiak bazter guzietarat. Besta handiak in behar zituzten. Gonbidatu zuten ere andre gaztearen aita. Eta galdetu zigoen andre espos harek berak manatzia bazkaiteko behar ziren guziak. Erran zioten baietz. In zituen denak handizki. Bazkari bat bazen xoragarria, banian manatu zuen ogia gatzikan gabe.

        Bazkal ondoan, ederki ohore egin zutenian bazkariari, galdetu zuten han zireneri nola atzematen zuten bazkari hura. Denek ederra eta etzellenta atzeman zuten. Banian erran zuen andre gaztearen aitak ogiari atzematen zigoela uts bat, gatzikan ez zuela. Bertze ganeateko guziak ederki gan zirela. Andre gazte hura urbiltzen da eta erraten dio:

        —Ikhusten duzu aita ungi beharra duela ogiak gatza.

        Aita hura loriatzen da bere alaba bizirik ikhustea eta hiltzen da bozkarioz.

        Ederki eta urus bizi izan ziren jaun andre gazte hekiek eta bi aizpa hek gelditu izan ziren mutxordin. Ungi bizi izan ziren, ungi hil ziren.

 

aurrekoa hurrengoa