www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ALARGUNTSA
 

        Behin batez bazen errege bat. Bazuen andre bat hainitz ederra eta hainitz maite zuena. Andre gaixo hura egun batez gertatu izan zen eritzia, eta gaitzak hartu zuen arras lanjeroski.

        Egun batez erraten dio bere jaunari:

        —Ni hilen naiz, bainan ez duzu sekulan ezkondu beharko ni bezalakoarekin baizik.

        Eta andre hura hil zen. Bazuten alaba bat, bere ama iduri iduria; aitak erraten dio bere alabari egun batez biak behar diela ezkondu. Alabak erraten dio kuxian bere amatxiri. Erraten dio amatxik:

        —Erran behar diozu zure aitari, nahi bada zurekin ezkondu, behar duela egin zuretzat ehun uli hegalezko soin bat.

        Eta galdetzen dio bere aitari, eta erraten dio:

        —Bainan ene haurra, nundik dun posible? Bainan hala ere enseiatuko naun.

        Eta egun batez ekhartzen ditu ehun dendari. Eta guzien artean egiten diote uli hegalezko soina.

        Badoha andre gazte hura tarrapataka. Erraten dio bere amatxiri. Amatxik kontsultatzen dio gateko etxez etxe heian behar zen sehirik. Eta arribatzen da errege baten etxean. Jotzen du athea eta galdetzen du heian behar zuten antzara zainik.

        —Bai, preseski. Atzo gana dugu.

        Eta sar arazten dute. Eta asto bat hil eta larrutu, ematen diote astolarru hura bere beharriekin. Eta gero arras aire desgustagarria zuen.

        Egun batez hiri hartan egiten dute terriblezko besta handia eta errege seme hura han zen. Zer iten du neskatxa harek? Deliberatzen du gan behar dela hura ere. Eta arratsa ethorri denian agertzen zaio atso zahar bat eta erraten dio:

        —Neskatxa, zer duzu tristezia hori?

        Erraten dio:

        —Guziak bestan eta ni hemen naiz bakharrik triste etxean.

        Erraten dio:

        —Jo zazu makil batekin ura.

        Jotzen du eta ethortzen zaio heltxaur bat. Idekitzen du. Atheratzen zaio egundaino nihork ikhusi ez duen abilamendu ederra. Eta oraino ez zakien zer egin.

        Berritz jotzen du hura bera. Eta heldu zaio karrosa eder bat bere zaldiekin. Sartzen da haren barnean bere asto larrua botatu eta. Plazan arribatu denian, karrosatik jaustiarekin heldu zaio etxean zuen errege seme hura. Ez zuen batere ezagutzen bethiko bere etxeko sehi afrus hura zela. Hartzen du eta estonitzen da nondik heldu othe zen halako printzesa ederra. Jende guzia harritua hari beira. Dantzan aritu zen errege seme harekin.

        Gauerdi jotzian erraten dio partitu behar dela etxerat. Erraten dio ezetz. Bainan abiatzen zaio kusi kusian, eta ematen diotza bi erreztun.

        Arribatzen da bere uraren hegirat. Uzten du han bere abilamendu ederra. Eta errege seme hura arribatu zen etxean eta ordukotzat emana zen bere asto larrua bizkarretik. Errege seme harek ez zuen gehiago ikhusten bere andre gazte eder hura eta xangrin hartarik eritzen da.

        Egun batez erraten diote neskatxa harek:

        —Nik badakit jaun gazte hori sendatzeko erremedio ona.

        —Hik zer dakin? Ez dakin fitsik, hire asto larrua ibiltzen baizik. Aparta hadi hemendik.

        Erraten diote:

        —Nik egiten badiot ogi olata bat, laster sendatuko da.

        Eta egiten dio.

        Haren olata jaten hasi zueneko, atzematen ditu bere erraztunak haren barnean. Estonitzen da eta erraten diote:

        —Galdetzen dut sehi hura jin dadiela ene aintzinerat, bainan ni sobera desgusta ez nadien, bota dezala bere astolarrua bizkarretik.

        Badoha eta neskatxari erraten dio:

        —Zu zinden halako orduan enekin plazan dantzan hari zindena?

        Erraten dio berehala baietz. Eta:

        —Ebien! Biak ezkonduko gare.

        Ezkontzen die. Atheatu zuen oraino tualeta ederragokua eta beren xatua berentzat izatu zuten.

        Ungi bizi bazien, ungi hil zien.

 

aurrekoa hurrengoa