www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

SORGINAK ETA ERGELAK

 

        Behin batez baziren bi anaia, bat ergela eta bertze bat enuxentina. Bazuten ama xahar xahar bat. Eta goiztiri batez abiatzen da seme zaharrena mendirat arthaldiarekin eta uzten du enuxenzko hura etxian bere ama xahar xaharrarekin eta erraten dio:

        —Orai nik amari emanen diot xokoleta eta zuk emanen diozu maño bat bero beroa trenpoan.

        Eta partitzen da mendirat bere arthaldiarekin.

        Bigarren semiak ematen du ura berotzen eta erraten dio bere amari:

        —Ene ama, ura bero beroa da. Zer maño nahi duzu?

        Eta erraten dio:

        —Brazadazeo maño bat.

        Eta ematen dio ohe aintzinerat maño irakitzen hari zuena. Eta ama ez baitzen jeikitzen erraten dio:

        —Nahi duzu salda ematia?

        Erraten dio baietz.

        —Ama, jeiki zaite fite.

        Eta ez zen jeikitzen. Hartu eta ematen du berak maño irakitzen hari zenian eta ama gaixoa han egosten da eta erraten dio:

        —Ama, altxa zaite, oiño ez zaitzu mañoa hoztu.

        Eta ez dio jeus errepustarik ematen.

        Arratsa ethorri zen eta bertze anaia arribatzen zaio eta erraten dio:

        —Nola duk ama?

        —Ongi duk.

        —Eman diok mañua?

        —Baietz. Bainan oiñon han lo ziauk.

        Eta erraten dio:

        —Ikusak heia lo den.

        Badoha eta erraten dio:

        —Ez. Erriz ziagok.

        Badoha bertze anaia eta ikusten du ama arras hila eta ez zakiten zer egin.

        Badohazi biak baratzerat eta han iten dute zilo handi bat eta anaia gaztenak sagardiaren puntan sartu eta botatzen du zilorat. Eta biak etxera gan eta izitzen zien.

        Zer iten du anaia bigarrenak? Hartzen du izpirituan behar dutela zerbeit hartu zeinetarik gauza hainitz baitzen etxe hartan. Eta uzten dituzte alimal guziak, muble eta puxketa liña guziak, eta hartzen du athe bat bizkarrian. Oihanian zohazilarik igotzen die biak arbola punttarat eta gauerdiko iñ hartan aditzen dituzte sorginak akhelarrian eta biak arras izituak zien.

        Erraten dio anaia batek bestiari:

        —Oi! Ni ezin naukek hemen!

        Eta sorginak heldu dire hen arbolaren azpirat eta batek erraten zuen:

        —Erregeren alaba eri duk hainitz eta ez dun sendatuko idi baten bihotza jan arte.

        Eta han hala zaozilarik hek, anaia batek botatzen du basa puxka bat eta sorgin bat hartzen du:

        —Ai! Jainkoaren errakia! Jan dezagun guziek!

        Bildu ta jaten dute.

        Handik istantian botatzen du ur xorta bat.

        —Ai arno, arnoa! Edan dezagun!

        Gero bere athiarekin arras hunatua zen eta uzten du guzien gainerat. Batek ai! eta bertziak oi! Tarrapataka guziak badohaz.

        Eta badohazi anaia hek biak, erregen palaziorat. Eta atzematen dute andre gazte hura hain txar. Eta estonitzen dire, mutil hek biak nola dabiltzan han. Erregeren zerbitzariak galdetzen diote:

        —Zer behar duzue?

        —Errege ikusi.

        Eta zer iten du? Erraten dio erregeri bainan ez zuen sinetsi nahi zerbitzari hura:

        —Zozuak zirezte, hoik eta egorratzu handik.

        Eta ez baitzuten gan nahi, errege heldu da eta erraten dio:

        —Zer behar duk?

        —Zuk alaba bat baduzu eri.

        Eta erraten dio:

        —Hik ze ari behar duk?

        —Nahi duzu jakin horren sendatzeko erremedioa?

        Eta erraten dio baietz.

        —Ebien. Hiri huntan den idirik ederrena hil araz zazu eta haren bihotza labian erretua emozu.

        Eta errege harek aditu guziak iten zituen bere alabaren sendatzeko. Eta iten du harek erran bezala.

        Idi bihotza jan zueneko, bere andre gaztia hari zen pullikitzen. Eta sendatu zen fite eta mutil hura errege harek hartu zuen bere etxerat eta bere alabarekin ezkondu eta xato guzia eman zioten beretzat, diru eta izate guziekin.

 

aurrekoa hurrengoa