www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ERREGE BATEN GAZTETZEA

 

        Behin batez bazen errege bat, asko munduan dien bezala. Bazituen hiru seme. Egun batez xurnal baten irakurtzen hari zelarik, atzematen du badela ur bat, gaztetzeko dena. Eta hasten da irriz. Eta seme zaharrenak galdetzen dio:

        —Zer duzu aita?

        Erraten dio:

        —Atzeman diat berri drole bat.

        —Zer da aita?

        —Ur bat badela hainitz urrun, gizon zahar guziak gaztetzen dituena, bainan hainitz urrun.

        —Ebien, aita, ni ganen naiz zuretzat bila.

        Erraten dio.

        —Ez, ene seme. Sobra urrun da.

        —Bai aita.

        Eta partitzen da. Bainan ez zen fitsik ageri eta aita arras xangritzen hari zen. Bigarren semeak erraten dio:

        —Aita, ni behar naiz partitu.

        Eta partitzen da diru puska batekin. Lehenbiziko hiriratu denean atzematen du bere anaia zaharrena eta erraten dio:

        —Zer hari haiz hemen? Ez dakik zer hitzeman diokan hire aitari?

        Eta erraten dio:

        —Eman dauztan diru guziak enplegatuak ditiat.

        Eta biak hari ziren zituzten diruen xahutzen eta gero fitsik ez zuten.

        Hasten die gizon behar batzu bezala lanian. Bainan guazin gure erregerenganat. Seme gaztenak erraten dio:

        —Aita! Bertze anaiek ez dute fitsik egin. Bainan nik eginen dut. Utz nazazu partitzerat.

        Eta partitzen da diru puxka batekin eta bidian dohalarik atzematen du emazteki zahar bat eta galdetzen dio:

        —Norat zoazi jaun gaztea?

        Eta erraten dio:

        —Botolla bat uren bilha.

        Erraten dio:

        —Baduzu oihan hortan alimalez leher.

        Eta erraten dio:

        —Nola behar naiz pasatu?

        —Zuazi hamar orenetan.

        Eta pasatzen da alimale guziak lo zielarik. Eta ez zakien gero zer egin. Atzematen du bertze emazteki zahar bat eta galdetzen dio hari:

        —Ikhusi duzu hulako erregeren bi seme?

        Erraten dio:

        —Bai ikhusi ditut. Hordi banda bat hartua dute. Utz atzu hek bere gisan.

        Bainan erraten dio:

        —Ene anaiak ditut.

        Eta galdetzen dio:

        —Nohat zuazi?

        Eta erraten dio:

        —Aditu baitut hulako tokitan badela zahar guzien gaztetzeko ura.

        Eta erraten dio:

        —Hartarik botolla bat behar dut ereman aitarentzat.

        Erraten dio:

        —Ene haurra aski duzu hurrupa bat zure aitaren hogoi urtetarat turnatzeko.

        Eta erraten dio:

        —Zuazi gauerditik oren batean. Xato eder bat bada. Han atzemanen dituzu guziak lo, andre bat leiho baten onduan dagoela lo eta alimale suerte guziak lo. Bainan handik atera zaite kusi kusian. Utz atzu guziak. Han izanen da xori bat kantari ederrena, zaldi bat irrintzinari ederra. Bainan bego guziak bere tokietan.

        Partitzen da jaun gazte hori eta atzematen ditu alimale guziak lo, andre hura lo. Eta gero hartzen du ura. Bainan oraino ez zen kontent. Ebasten ditu xori eder hura eta zaldi eder hura. Eta partitzen da bere etxerat.

        Atzematen du oihaneko alimale guziak atzarriak eta bazagoen triste, ez jakin zer egin.

        Heldu zaio emazteki zahar hura eta erraten dio:

        —Malurusa! Zertako hartu dituk horiek guziak. Nik ez hinduan erran bertze fitsik ez ukhitzeko ura baizik?

        Eta erraten dio:

        —Orai har zak zigor bat, eta emok oihanian sartzean harekin zarteko bat lurrari. Alimale guziak loak hartuko dituk. Bainan hire anaiak hulako tokitan dituk. Ez zatekela hekier beira. Utz azik bere gisan.

        Partitzen da mutiko hoi. Oihanean sartzian ikhusten ditu alimale guziak hari beira. Eta ematen dio zigorrarekin zarteko bat lurrari. Eta loak hartzen ditu alimale guziak. Eta pasatzen da. Eta badoha bidian arras alegera, xoria kantuz, zaldia irrintzinaka, eta bere ura sakelan.

        Atzematen ditu bere anaiak. Estonitzen dire. Besarkatzen ditu eta erraten diote:

        —Guazen etxerat. Zer hari zarete hemen? Zatozte etxerat.

        Eta erresponditzen diote:

        —Ez dugu dirurik eta ez gara izatu aitari hitzeman gindion uraren bilha.

        —Higual duk. Nik badiat eta ganen gaituk denak elkharrekin etxerat.

        Eta partitzen die. Eta erreka batian zohatzilarik botatzen dute putzu batetarat eta han zagoen tristerik. Eta bi anaia zaharrenak partitzen die, bainan zaldia orduan ixil, xoria triste. Etxian sartzen die eta zaldiak ez ez irrintzinarik eta xoriak ez ez kanturik. Eta aitari eman dute ura edaterat, bainan lehen bezala bethi; triste eta zahar. Ez, ez, batere gaztetu gabe.

        Guazan orai gure anaia gaztenarenganat. Bere ziloan tristerik zagoelarik, ez jan, ez edan, arras bentzutua zen. Eta agertzen zaio bere emazteki zahar hura eta erraten dio:

        —Zer hari haiz hor?

        —Hemen naiz ene anaiek botatua putzurat.

        —A! Malurusa! Nik ez hinduan erran uzteko hire anaiak bere gisa?

        —Othoi lagun nazazu hemen goiti atheratzen!

        —Nundik? Ez diat posible. Ez duk ikhusten? Zahartu nauk, ezindu nauk. Bainan egorriko haut axeri bat. Eta haren buztanetik lotuko haiz.

        Eta lotzen da eta atheratzen da. Partitu zen bere etxerat. Hura etxean sartziarekin hasten da zaldia irrintzinaka, xoria kantuz errepikaz eta aita estonitzen da eta ematen dio bere ura edatera aitari. Bazituen haren aitak ehun eta laur urte eta harek ura ematiarekin ethortzen da errege hura hogoi urtetan.

 

aurrekoa hurrengoa