www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ENUXENTA ETA ERGELA
 

        Behin batez bazen emazteki bat. Bazituen bi seme, bat arras enuxenta eta bertzea arras ergela. Enuxent hura guan zen mutil. Eta sartzian egin zuen, nausia hartaz kontent balin bazen eta mutila ez kontent, nausiari bizkarreko larrua ken. (Nausiak, kontent ez bazen mutilaz, bere mutilari ezkerreko larrua khen.) Eta nausia ez baitzen kontent, bere mutila ungi zafratu zuen eta bizkarreko larrua khendu eta bere etxerat egorri. Erraten dio bere anaia ergel harek:

        —Zer duk?

        —Ez diat nahi nik mutil egon.

        —Ganen nauk berdin.

        Guan zen. Arribatu zen bere anaia, aintzinian egoturikako etxe hartan berian. Nausia kontent mutila bazuela eta arrazoina baitzuen. Egun batez heldu zaio desgusta bat bere mutilarentzat eta zer pentsatzen du? Egortzen du xerri tropa handi batekin mendirat, baitzakien tartaro handi izigarri bat bazela mendi hartan. Zer iten du mutil gaixuak? Arribatzen da bere xerri troparekin eta atzematen du bere tartarua. Arras izitua zagoen, bainan azkeneko maithatu zuen bere tartarua.

        Tartaro hura bazabilan bethi kurri, gizonak atzeman, hil, erre eta jan. Muthil hura aspertu zen. Eta gero, bere Tartaruarekin egon zagoelarik, azkenian zer iten du? Su handi baten onduan zagoelarik, ematen du gerrena bat suan gorritzen. Gorritu denian hartu ta sartzen dio begitik tartaruari eta mutil hura partitzen da etxerat.

        Bidian zohalarik hiltzen du xerri bat, tripak atheratu eta uzten du bidiain erdian. Heldu zen Tartaro hura begi okherrarekin, behar zuela bere mutila atzeman eta hil. Eta hala heldu zelarik atzematen du xerri hura bidian eta jaten du. Eta denbora gan zen.

        Arte hartan haren mutilak bere xerri guzi guzieri buztana pikatzen diote. Baderamatza etxeko ondorat. Nola baitzuten putzu bat dena basaz bethia, hartan sartzen ditu buztan guziak muthurrez goiti. Sartzen da etxerat. Ikhusten du bere nausia. Egiten dio:

        —Agur nausia!

        —Bai zuri ere ene mutila.

        Nausia estonitua nola ziteken mutil hura etxerat ethortzia Tartaro harek jan gabe:

        —Ene mutila, ene xerri guziak oso dituka?

        —Bai nausia! Hor dia pezaska basa hortan, bero baita, freskatzen geldituak.

        Badoha nausia bere mutilarekin. Guan denian, xerririk ez ageri, buztana baizik.

        —Ez izi, ez izi. Xerriak basan barna sartuak die.

        Nausiak tiratzen ditu buztanak bainan xerririk ez heldu. Erraten dio:

        —Guziak othe lo die? Hua etxeat. Ekhartzik pala eta aintzurra.

        Etxera gan denian, berehala abiatzen da amari eta alabari joka.

        —Zer hari zare?

        —Nausiak erran nau.

        Ez dute sinesten. Badoha mutila atherat. Egiten du oihu bere nausiari:

        —Ho! Nausia! Bat, ala bia?

        —Biak, biak, nausiak dio.

        Eta ama eta alaba jo, eta bizkarreko larrua khendu artino. Biak ungi zafratu eta nausia atzeman eta hari bizkarreko larrua khendu artino jo zuen eta partitu zen bere etxerat.

 

aurrekoa hurrengoa