www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ZILIZIGUAREN ISTORIGUA
 

        Behin baziren asko munduan bezala jaun andre batzuek. Ez zuten haurrik. Hañitz nahi beitzuten bat izan, iten dute bellia ganen direla Erromarat. Bellia hori iñ orduko emaztea esperantzetan gertatzen da. Jaunak erraten dio gan behar dutela beraz Erromarat. Eta emazteak erraten dio baietz, gero ere ganen direla.

        Erditzen da andre hura. Seme bat. Anditzen da mutil hura eta atzematen du bere aita bethi triste eta zoko guzietan nigarrez. Zazpi urtetarat arribatzen da mutil hura eta ama hura ez zuan sekulan Erromarat.

        Egun batez sartzen da mutil hura bere aitaren gelarat. Eta atzematen du nigarrez. Erraten dio bada zer duen. Ez dio erran nahi. Hartzen du mutil harek pistola bat eta erraten dio bere aitari:

        —Ez baldin banauzu erran nahi zer duzun, tiratzen zaitut kolpe bat eta neri bertze bat gero.

        Aita harek erraten dio erranen dioela beraz. Nola iñ zuten haren amak eta biek bellia bat Erromarat gateko haur bat izateko eta sekulan ez zirela gan. Haurrak erraten dio:

        —Neretzat iñ duzube bellia hori eta nik gan behar dut.

        Iten ditu adioak eta partitzen da. Ematen ditu zazpi urte bidean bere ogia eskatuz. Arribatzen da aita sendubarenganat. Erraten dio zerk ekhar arazi duen Erromarat. Aita Senduak ematen du gela batetan oren batentzat. Handik atheratu denian erraten dio:

        —Hor tronpatu bide zare. Atxiki nauzu bi oren segurik.

        Erraten dio ezetz, oren bat egotu dela. Ematen du bertze gela batean bi orenentzat. Handik atheratzen denian erraten dio:

        —Atxik arazi nauzu bi oren bañion gehiago. Erraten dio ezetz eta ematen du bertze gela batian hiru orenentzat.

        Handik atheratzean erraten du:

        —Ez nauzu utzi ere hiru minuta.

        Eta erraten dio egotu dela hiru oren. Erraten dio Aita Senduak lehenbiziko gela zela ifernuba; bigarrena zela purgatorigua eta azkena parabisuba. Galdetzen du mutilak:

        —Ni nun naiz?

        Parabisuan. Eta bere aita ere parabisuan eta bere ama ifernuban.

        Penatzen da mutil hura eta erraten dio:

        —Ez dezaket salba nere ama zazpi urtez nere odola isuriz?

        Erraten dio Aita Senduak baietz. Ematen dio zilizigua. Kadena batekin zerratzen du eta botatzen du gakoa urerat. Erraten dio Aita Senduak:

        —Gako hori atzematen duzunian zure ama salbatua izanen da.

        Partitzen da eske eta ematen du bertze zazpi urte bere herrirat arribatu orduko. Badoha bere etxerat eske. Heldu zaio bere aita. Erraten dio nondik heldu den. Erraten dio Erromatik. Galdetzen dio iyan ez duben bada ikhusi bere bidean, haren adiñeko bertze mutil bat. Erraten dio baietz, badabillala kurri zazpi urtez, bere odola isuriz, bere ama salbatzeko.

        Eta beti mintzo zaio bere semeaz. Andrea ateratzen da eskalerretarat eta erraten dio bere senarrari utz dezan pobre hura gaterat handik. Ez dio kasurik iten. Sar arazten du eta erraten dio heiekin behar duela bazkaldu. Andrea ez zen kontent. Egortzen du neskatua jaunak merkaturat eros dezan harrañik ederrena.

        Arribatzen denian neskatxa, badoha basakurterat arrañaren garbitzerat. Eta mutila badoha ondotik arrañaren garbitzen ari zelarik. Atzematen du gako bat barnean. Erraten dio mutil harek:

        —Neria da gako hori.

        Eta ematen dio. Andre harek ez zezakeen soporta mutil hura eta pusatzen du putzuaren barnerat. Kolpe kolpez urak gaindi iten du eta mutila atheratzen da. Jaunak ez zuen ikhusi bere andreak botatu zuela. Erraten du mutillak erori in dela. Nahi diozka bere arropak eman. Bañan ez du nahi, supazterrian idortuko dela. Mahañean andreak ez dio batere begitarte ona egiten.

        Erraten du mutillak iyan bada ezagut lezaken bere semea. Baietz, baietz, baduela bi bularren erdian kalitx bat. Eta mutilak idekitzen du bere beztimenta eta irakusten du bere kalitxa eta ematen dio bere amari gakua idek diozala bere ziliziua eta ikusten du ama harek zenbat odol saraskillia sofritu duben.

        Hiruak hiltzen dire eta neskatuak ikusten ditu hiru uso xuri airatzen eta desiratzen du:

        —Haiek bezala guazen gu ere.

 

aurrekoa hurrengoa