www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

EZKABI FIDELA
 

        Asko munduan diren bezala eta garen bezala baziren ama seme batzuek. Arras pobreak ziren. Seme harek gan nahi du norapeit, obekiago atheratuko dela, ez dela bizitze bat hala. Amak pena du bañian zer in? Obekiago izateko bere semea uzten du gaterat. Badoha gan, gan, gan, Oian batean ikhusten du jaun bat. Galdetzen dio non dabillan. Erraten dio etxean banion obekiago izan nahiz hilki dela zerbeiten iteko. Erraten dio jaun harek iyan nahi duen haren mutil gan. Erraten du baietz. Badohazi beraz eta arribatzen dire toki eder baterat. Han sartu eta jaunak ematen diozka etxeko gako guziak, behar duela gan biaia batean. Ikhus dezan etxea, guzia. Atzemanen dituela behar dituen guziak jateko eta harta detzan haren zaldiak estaulian.

        Badoha jauna. Gure muthikoak etxe guzia ikhusi ondoan badoha estaulirat. Bazen zaldi hanitz eta denen erdian bazen behor xuri bat. Erraten dio:

        —Ai ai Fidel! Libra nazak othoi hemendik eta kanporat eman. Ez zaik urrikituko.

        Fidel badago nondik heldu den boza hura. Istant baten buruan erraten du behor xuriak:

        —Urbil zaite behor xuri hunen ondorat. Hura mintzo zaitzu.

        Urbiltzen da Fidel eta erraten dio ezin libra dezakela. Nausiak ez dioela bertze lanikan eman iterat eta ez duela segurki holako lanik egiñen. Behorrak erraten dio:

        —Hua goiti eta ekharrak kasola bat eta nik piza iten dutenean garbituko haiz eskubak eta buruba.

        Fidelek iten du behor xuriak erran bezala eta harritua da ikhustia bere eskuak hala distiratzen. Erraten dio ez duela nahi hala bizi bañian buruba gordetu eta atxikiko zuela. Behorrak erraten dio garbi detzala eskuak urian eta izanen dituela lehen bezala.

        Denbora hanitz pasatzen da hola. Ez da sekulan heldu nausia eta behorrak erraten dio egun batez:

        —Fidel badakik zenbat denbora den hemen haizela?

        Erraten dio:

        —Ez dakit. Sei hilabete naski.

        Erraten dio behorrak badirela sei urthe pasatuak eta nausia ethortzen balin bada zazpi urte pasatu eta hura ere eskantatua izanen dela, hekiek diren bezala eta nausi hura debrua dela.

        Hoik guziak aditu onduan, Fidel izitzen da eta iten du obe duela iñ behor xuriak erraten duen bezala, haren bizkarrerat hizatu eta gan ihesi handik. Badohazi beraz biak. Bide puska bat iñ eta behorrak erraten dio iyan ez duen deusik ikhusten gibelean. Erraten dio baietz. Ikhusten duela gauza izigarri bat, banian edoietan. Izigarria dela. Behorrak ematen dio lurrari ostiko bat bere zangoekin eta erraten dio:

        —Lurra! Hire medioz, hori den tokian bruma bat izigarria forma dadiela!

        Badohazi aintzineat orainion. Erraten dio berritz ere behorrak:

        —Beira zak iyan ez dukan deusikan ikhusten.

        Fidelek erraten dio:

        —Bai! Ikhusten dut orainion gauza izigarri hura gure ondotikan laster heldu da. Atzemanen gaitu.

        Erraten du behorrak horrekin batean lurrari ostiko bat ematean:

        —Hura den tokian in dezala arria eta barazuza jauts ahala.

        Badohazi urrunago eta erraten dio behorrak orainion:

        —Beirazak iyan ez dukan deusik ikhusten.

        Erraten du:

        —Bai! Hemen da orai ere mustro izigarri hura. Bañian akabo gare orai. Ezin eskapatuko gare. Arras urbil da eta laster egiten du.

        Jotzen du behorrak bere zangoz lurra eta erraten du:

        —Horren aintzinian forma dadiela arribera bat eta hor ito dadiela sekulakotz. Eta ikhusten dute itotzen.

        Behorrak erraten dio:

        —Orai ganen haiz holako tokitarat. Han duk errege. Galdetuko duk iyan behar duten baratzezainik. Erranen haute baietz. Han egoenen haiz deusikan ari gabe. Berak iñen dituk lanak. Egun guziez sortuko beitire hiru lore eder baratze hartan, eremanen dituk erregeren hiru alaberi. Banian emanen diok bethi gaztenari ederrena.

        Usaia zen baratzezainari bazkaria erematea eta erregeren alaba gaztenak erematen zioen egun guziez. Lehenbiziko egunetik gustatzen zitzaioen andre gazte hari. Erraten dio egun batez harekin behar duela ezkondu. Mutikoak erraten dio ez ditakela holako mutiko ez deus batekin. Ez duela behar pentsatu ezkontzia; ez geihago holako ametsik egiteko.

        Eritzen da andre gazte hori. Aitak ekhar arazten du mirikua zeniak erraten beitu poltsua billatu eta ez dioela deus eritasunik atzematen eta amoren miña duela. Mirikua badoha erraterat erregeri. Aita badoha bere alabarenganat eta erraten dio mirikuak erran dioela ez dela eri handi. Erraten dio alabak haren sendatzeko behar dela ekhar arazi baratzezaina eta harek emanez salda sendatuko dela. Aitak ekhar arazten du berehala, garbi arazten eta beztitzen ungi eta erematen dio salda.

        Bazen korte hartan amaño zahar zahar bat. Sorgina zen eta beitzakien zer erran zuen mirikuak, badoha andre gazte eriaren gelarat eta han gorde zen baratzezaina ethorri bañion lehenago, aditzeko zer erraten zuten. Andre gazteak erraten dio, bai, eta harekin bertzeik ez dela ezkonduko. Harek errana gatik mutikoak erraten dio ezetz, ezetz, ez duela nahi aipatzia ere. Amañok aditu zuen nola pasatu zen eta kondatzen du berehala erregeri.

        Andre gaztea sendatzen da eta badoha erematerat Fideli bere bazkaria. Usaia zuen Fidelek lehenbiziko kullida zopa ematea potzuari. Ematen dio egun hartan ere eta jan orduko, potzua erortzen da hil gogorra. Andre gazteak, hori ikhusi eta badoha bere aitari erraterat. Aitak ekhar arazten du zakur handi bat. Ematen dio zopa hartarik eta jan orduko erortzen da hilla. Pentsa azue andre gazte haren kolera! Har arazten du amaño zahar hura eta erre arazten.

        Badoha Fidelen ganat, baratze zolan zen etxe ttiki baterat eta han ikhusten du buruhas; iduzkiak bezala distiratzen zuen. Soratua zen. Erraten dio andre gazte harek ezkondu behar duela harekin. Bakia ez beitzioen uzten, aitak erraten dio harekin nahi balin badu ezkondu iñ dadiela bañian ez dioela deusikan emanen. Gan beharko duela mendi zoko baterat bere senharrarekin. Han baduela etxe bat eta han egonen direla arras. Ethorriko direla zortzitik egun baten pasatzerat.

        Andre gazte hari, denak igual zitzaiozkan eta badohazi. Dirurikan ez beitzioten erregek eman, Fidelen ille puzka baten saltzerat gaten zen noiztenka eta zillargiñak erraten zioen haren etxean ez litakela aski diru, harek ekhartzen zuen urrearen pagatzeko. Eta bizi ziren hala, arras urus.

        Egun batez aditu zuen Fidelek erregek bazuela gerla handi bat egiteko eta erraten dio bere andreari, duala bere aitarenganat, erraterat gan nahi dela hura ere gerla hartarat. Badoha andre gazte hura aitari erraterat bere senharraren mandatua. Bañian aitak erraten dio zertako duen halako gizona. Harek ez zuela sekulan lurpekorikan bertzerikan hil eta badaukela bere etxean. Alabak erraten dio hura ere haren suia dela. Aitak erraten dio:

        —Datorla beraz holako egunetako.

        Fidel badoha erran bezala. Galdetzen dio erregeri zaldi bat eta ezpata bat. Ematen dio erregek zaldi oker eta maingu bat. Ez zen kontent Fidel. Bañian hasten da gan nahiz. Bide piska bat iñ orduko sartzen zaio zaldia basan eta nihondikan ezin athera zezaken. Hala ari zelarik heldu zaio bere behor zuria. Ematen dio zaldi eder bat, ezpata bat eta lantza bat eta erraten dio ikhusiko zituela bere koñiatak kanpatuak, hiriz kanpo, ez hekiekin arrastatzeko, gateko zuzen hirirat. Atheak zarratuak izanen zirela, bañian bere lantzaz ukitu orduko porroskatuak izanen zirela eta galdetuko ziotela bakia.

        Iten du erran bezala. Badoha hirirat zimiztaren pare zaldiaren ganean eman orduko, kasurik egin gabe bere koñateri eta bere ezpataz ukitu orduko, atheak puskatzen dira. Sartzen da hirirat eta mundu guzia atheratzen zaio eta iten milla besta. Erraten diote ez dutela nahi gerla geihago, emanen diotela tresoreko gakoak eta paper guziak. Eta badoha handik ohore guziekin.

        Heldu delarik gibelerat erraten diote bere koñateri badoazkela gibelerat, gerla fini dela. Eta badoha oraiñon aintzinerat. Arrastatzen da bere zaldi zaharra utzi tokian. Egortzen du bere zaldi ederra bere puskekin eta Fidel badago han bere zaldia ezin atheratuz basa hartarik pasatzen direnian bere koñatak. Trufatzen dire hartaz iyan han pasatu duen denbora guzia. Erraten du baietz. Bertzeak badohazi aintzinerat eta noizpeit hura ere arribatzen da erregeren etxerat. Uzten du han zaldi zahar hura eta badoha bere etxerat. Ez dio erraten bere emazteari zer pasatu den eta bizi ziren bere zilloan.

        Errege zahartzen ari zen eta bista galtzen du arras. Norbeitek aditu arazi zioen bazela ur bat gaztetzen zuena eta beste bat bista ematen. Erraten diote hori bere suieri eta erraten diote behar luketela gan. Hola ez duela hanitz iraunen. Eta badohazi biak. Beren emazteek gatean ematen diote sagar urre bana. Badohazi urrun banian deus ez dute atzematen. Unatu eta arrastatzen dire hiri eder batean. Hartzen dute emazte bana eta bizi ziren arras beren gusturat.

        Fidelek ikhusi ondoan bere koñatak ez zirela heldu gibelerat erraten du bere emazteari gan behar duela iyan harek obekiago atzemanen duen haren aitak behar dituen urak. Badoha erregeri deusik erran gabe. Badoha urrun urrun. Atzematen du emazteki xahar xahar bat. Erraten dio non dabillan. Erraten dio nola nahi lukeen ur itsuen argitzekoa eta zahar gaztetzekoa. Hekiek atzeman arte ez dela ganen bere etxerat.

        Atso harek erraten dio:

        —Ikhusiko dituzu zureganik urbil bi alimale kolpeka eta belar hilla piztuko duena bilduko duzu eta egos araziko eta ur hura gardatuko duzu zuretzat.

        Mutiko hura badoha piska bat eta ikhusten ditu bi sumandil kolpeka ari direla hain finki non batek bertzea hiltzen baitu. Bizi zenak hartzen du belar izpi bat, ukitzen hilla dena eta pizten du. Biltzen du Fidelek belar hartarik eta badoha atso harenganat. Ematen dio atso harek bi anpolla erraten dioelarik hekiek direla itsuen argitzekoa eta zaharren gaztetzeko urak. Ez dituela hekiek behar saldu dirutan, bañian iñ trukada bi sagar urretan. Hiri hartan berean dituela bere koñatak eta hekieri emanen dioela ur hura.

        Badoha Fidel hirirat eta sartu orduko ari da oihuka:

        —Nork nahi du ur itsua argitzen duena eta zaharrak gaztetzen?

        Bere bi koñatak agertzen dire eta erraten diote behar luketela ur hekietarik. Galdetzen diote zenbatetan salduko dituen. Erraten diote ez dituela saltzen bañan bakarrik ematen sagar urretan truk. Jaun hekiek gogotik iten dute trukada. Bañian iñ nahi dute esperientzia kusian. Ekhartzen dute xakur itsu zahar bat eta berehala gaztetzen da. Pentsazue zeñien kontent ziren.

        Beren ur poderosarekin badohazi erregerenganat eta arras ungi ur harek gaztetzen du eta argitzen. Erregek nahi ditu egin besta ederrak. Konbidatzen ditu bere adiskide ingurutako guziak. Fidel arribatu zen bere etxerat. Ez dio deus erraten bere emazteari.

        Aditu duenian bestak egin behar dituela erregek egortzen du bere emaztea galdetzerat erregeri iyan ez lukeen nahi, duazin hek ere. Iñen dutela laguntza, bata egur pikatzen eta bertzea mahain zerbitzatzen. Ez zuen batere gan nahi andre gazte harek. Erraten zioen bere senharrari nahiago zuela ehunetan bere etxean egon baiñan senharrak egortzen du bortxaz, han behar dutela egun hartan.

        Badoha beraz emazte gaxua bere buruaren kontra. Erraten dio aitari iyan ez luketen hekien beharrik besta in behar duten egunetan. Aitak erraten dio ezetz. Badirela aski jende. Jeneral zahar batek sahetsetik erraten dio:

        —Zertako ez duzu uzten ethortzerat?

        Orduan erraten dio erregek:

        —Zatozte beraz holako egunetan.

        Badohazi Fidel eta bere emaztea. Bazkaiten hari zirelarik jeneral zaharrak erraten dio Fideli iyan ez dakien bada harek ere zerbeit kondatzeko. Erraten dio baietz, balukela; bañian bat bañion geihago ez litazkela kontent harek erran lezakenarekin. Orduan erraten du erregek bere ezpata mahain ganean pausatu eta:

        —Nere ezpataren puntak jakinen du mintzatuko denaren bihotzaren berri.

        Hasten da beraz Fidel erraten nola gerlarat gan zen zaldi zahar maingu eta oker batekin, bañian hala ere iyan nork ekharri zituen tresoreko gakoak eta paperak. Erregek erraten dio behin ere ez dituela orainon ikhusi. Bethi beira dagoela. Fidelek atheratzen ditu paperrak eta ematen erregeri. Ematen dio ere tresoreko gakoak eta segurtatzen da egiazkoak direla. Kondatzen du igual nola saldu duen bi sagar urretan truk ur baliosa. Horrekin batean bere emaztea altxatu eta erraten dio:

        —Non dituk hik, sagar urrezkoak?

        Lehenbiziko hitza harek erran beitzuen Fidelek hartzen du ezpata erregerena eta botatzen du bere emaztea hilla. Errege penatua zen hori ikhustiaz, bañan erraten dio Fidelek:

        —Ez hortaz inketa! Kendu diotan bezala bizia emanen diot berritz.

        Hartzen du anpolla hilaren piztekoa eta frotatzen diozka foltsuak eta ethortzen da berehala bizirat. Mundu guzia espantitua da harek egiten dituen abileziez eta jadaneko iñ dituenez. Erregek erraten dio irabazia duela jadaneko haren korua, bañian behar duela sendatu ezkabia izigarri hura. Emaztea altxatzen da eta kentzen dio zuen mokanesa burutik eta irakusten bere senharraren buru distiranta erraten duelarik:

        —Horra nolakoa den nere senharraren ezkabia.

        Erregek erraten du haren buruan distiratuko duela ederki koruak. Badoha billa eta pausatzen dio buru balios haren ganean. Egortzen ditu bertze bi suiak lehen Fidel zen toki deserturat bere bi alabekin eta Fidel eta bere andrea bizi izan ziren hanitz errege zen bañion aberatsago bere buru baliosa zela medio.

        Ungi bizi beitziren, ungi hil ziren.

 

(Laurentine)

 

aurrekoa hurrengoa