www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ALARGUNA ETA BERE SEME
 

        Behin bazen asko munduan bezala alargun bat. Bazuen seme bakar bat. Hain ona zen bere amarentzat non maite zuten elkar ezin erran bezala. Egun batez erraten dio seme harek bere amari Erromarat gan nahi dubela. Ama penatzen da eta uzten du gaterat. Ematen diozka hiru sahar erraten dioelarikan:

        —Bidian lagunak atzematen ditukanian eta egarritzen balin bazarezte, emotek sagar bat partitzerat eta zeiñek ematen beihau parterik handiyena, hura izanen duk bideko lagun ona.

        Badua beraz. Bide pixka bat in duenian errekontratzen ditu hiru gizon zeiñak beitzuazin Erromarat. Gan, gan, gan eta bidiak eman zioten egarria. Erraten diote alargunaren semiak:

        —Badut sagar bat amak emana partitzian. Janen dugu. Ori! Parti zazu!

        Eta ematen diote parterik ttikiena eta zerbeit aitzaki billatu eta uzten ditu lagun heiek. Badoha bere bidian kurri kurri. Atzematen ditu hiru fraide Erromarat zuaziñak. Bidia iñ eta egarritzen dire hek ere. Erraten diote ama alargunaren semiak badubela amak emana sagar bat. Eta ematen dio bati partitzeko. Heiek ere ez zien lagun onak: ematen diote parte txikiena. Oroitzen da bere amaren erranaz eta uzten ditu. Badua bide puska batian bera eta ikusten du urrundik aritz azpi batian zerbeit dirdiratzen eta hurbiltzearekin ikusten du errege bat dela. Erraten dio norat duan eta jakitearekin Erromarat duala pausatzen da bere onduan eta egoten dire han luzaz. Egarritu beitzien ematen dio berak azken sagarra, parti dezala, bere amak emana duela partitzian.

        Errege seme harek partitzen du beraz eta ematen dio parterik handiyena. Ama alargunaren seme hura loriatzen da atzeman duela lagun ona eta elkarri agintzen dute ama alargunen semeak hila edo bizia eramanen dubela Erromarat. Eta erregen semeak azkeneko odol sorta arte, harena izanen zela.

        Hitz hekiek elkarri eman eta ematen dire bidian. Gan, gan, gan, in zuten bide puxka bat. Ilunak atzeman zituen. Ez zakiten norat gan. Atzematen dute neskatxa bat iturrirat zuana. Erraten diote eian leihorra emanen zioten ikhusten zuten jauregi hartan. Erraten du baietz. Eta erraten du apaltsago: «zuen malurrentzat». Ez zuen ama alargunaren semeak bertzeik aditu hitz hoik. Eta badohazi harat. Sartu eta ederki errezebitzen dituzte. Ematen diote afari on bat eta ematen dituzte hirugarren estaian, oge on batean.

        Erregen seme lokartzen da kusian, unatua beitzen hanitz. Baiñan ama alargunaren semea bere beldurrarekin bazagoen erne. Eman arazi zuen erregeren semea punttan eta bera zokuan. Eta gauerdi jotzearekin ikhusten ditu gelan sartzen gizonak kanibeta handi batzu eskuban, emazteak argia eta neskatxak tirriña bat. Eta pikatzen diote lepua erregen semeari eta erematen dute beheiti.

        Arte hartan eskapatzen da tellietarat eta handik hari da oiuka justiziari. Bere buruba adit arazten du eta erraten du zer pasatu den. Baiñan behiñ ere ez beitute aditu deusik jauregi hartako jende hekien gañean, ez zuten nahi sinetsi eta ematen dute preso. Biharamuñian kondenatzen dute hiltzera.

        Baiñan galdetzen du grazia bat hil baiñon lehen. Eta erraten diote baietz. Galdetzen ditu bi xakur xardango jauregi hartarat gateko hekiekin. Baietz promisa ematen diote eta badohazi denak hekiekin. Etxe guzia kurritu onduan odol sorta bat atzeman gabe badohazi lur azpira. Baiñan ez zuten nahi ideki athea ez zela deusik, zikinkeriarik bertzerik. Erraten diote ideki behar dela. Ideki onduan atzematen dute errege bere koruekin. Ez zuten bertzerik galdetzen. Eta libratzen dute ama alargunaren semea eta galdetzen du errege haren gorputza. Zaku baten barnean sartu eta bere bizkarrean eman eta partitzen da eta hola arribatzen lehertuba Erromarat. Aita Sendua ikhusten du eta erraten dio zer pasatu zaioen bere lagunarekin. Eta erraten dio biharamuñian, elebazioneko mementoan emateko burua gorputzaren gaiñean. Ematen du erran bezala eta ordu berian zaiñetako ikara bat lotzen zaio eta erraten du:

        —Nun naiz ni?

        Erraten dio:

        —Erroman! Ez haiz oroitzen atzo nola lepua pikatu hauten? Nik ekarri haut erran bezala.

        Eta aita sendua ikhusi errege seme harek ere eta partitzen dire. Eta bide puska bat iñ eta arribatzen dire lehen ezagutza in duten haritzen azpirat. Han behar zuten elkar kitatu. Elkarri erreberritzen diote lehen eman hitzak. Erregen seme harek kentzen du bere erhitik erreztun eder bat eta ematen dio hartaz oroitzeko. Eta diruak kondatu zituen erregen semeak. Eta ikhusi zuen ez zirela gutitu. Kondatu zituen Erromatekuan aritz beraren azpian kondatu zuen bere dirua, eta hunatekuan ez zen gutitua. Hala hala zen.

        Pena hanitzekin kitatzen dire gateko beren etxetarat. Ama alargun hura bozkariatua zen ikhustiarekin bere semea eta semea ere. Baiñan biharamuñian estalgia da min izigarri batez. Lepra iduri zuen. Usain izigarria zuen.

        Baiñan amak eta berak ez zuten sentitzen. Ama gaixo harek iten zuen zernahi bere semearen sendatzeko. Baiñan deusik ez zuen soleitzen.

        Aditzen dute badela ingurutan fraide bat añitz senduba eta zernahi mirakullu iten dubena. Ekar arazten dute eta erraten du ama alargunaren istorioa aditu onduan nola elkharri eman zioten agintzak, erregen semeak azkeneko odol sorta arte lagunduko zuela. Berehala erraten dio fraideak:

        —Behar duzu errege haren odolarekin garbitu sendatzekotz.

        Berri horek tristatzen du gure semea. Baiñan amak biharamunetik nahi du partitu. Karrosa batian sartzen dire eta mundu guzia harritzen. Phu eta phu, hekien onduan pasatzian. Arribatzen dire noizbeit errege haren palaziorat. Galdetzen dute errege, baiñan neskatxek egortzen dituzte urrun handik, usain harengatik eta ez ziren gehiago hurbiltzen.

        Egun batez errege hilkitzen zen eta ikhusten du karro hura. Galdetzen du zer den. Erraten diote eri usaindu bat dela eta nahi zubela mintzatu. Errege hasarretzen da zeren ez duten iñ mandatua. Errege hura ezkondua zen eta bazuen haur bat. Ekhar arazten ditu karroko jende hek. Ama alargun seme harek erran dioenian nor den, haren miñeri kasurik in gabe, bere besuetan hartzen du eta besarkatzen. Bere miñen tartetik irakusten dio erreztuna bere erhian. Erraten dio penekin fraideak erran dioena. Errege hori badua bere emaztearenganat. Erraten dio zer pasatzen den, nola han den eri bat haren athean. Eta nola eri harek bizia eman diguen eta orai bere sanja dela. Erregen odolaz garbituz bertzerik ez ditakela senda.

        Eta behesteko edo semea edo errege bera. Ama gaxo harek sakrifikatzen du bere semea. Hiltzen dute. Eria garbitzen da eta memento berian sendatua da. Erregen andrea badoha bere semearen gelarat. Eta han kausitzen du bere semea bizi bizia. Loriatua da eta badoha bere semearekin oihuka mundu guziari erakusterat. Pentsa zer loria denentzat. Ama alarguna eta bere semea erregen palaziuan bizi izan ziren. Ez zuten gehiago elkar kitatu.

 

aurrekoa hurrengoa