www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

MANDUA ETA BAKEZKO JUJA
 

        Asko munduan bezala bazen tratulari bat. Egun batez bazuan merkaturat bere mandua arroltzez kargaturik. Bi itzain ere bazuazin bide beraz. Batek manduaren sahetsean pasatzean hartzen du bere idiari ahur bat ulimando eta urbildurik manduarenganat mandatu bat erran behar balio bezala ematen diozka lepo ondorat uli heiek. Gure mandua hasten da salto eta bringo. Niholaz ezin geldi araz zezaken bere nausiak. Halako jauziak iten ditu non arroltze guziak xehatzen beititu. Gure gizonak koleran itzain haren kontra iyan bada zer in zioen. Itzañak erraten zigoen:

        —Deusez.

        —Pagatu behar nauzkik nere arroltziak.

        Ez zuen nahi. Ereman arazten du bakezko jujetarat. Han erraten du gizonak nola haren manduak ez duen behin ere holako saltorik sekulan iñ eta bai eta itzañ harek egin dioela zerbeit. Itzañak erraten dio erran digoela xoilki hiltzen denian egiñen duela bere premu, eta hala loriatu zen eta bozkariotan sartu non ez zakien geihago zer iten zuen.

        Jaun jujiak ez zakien zer erran eta egorri zuen deusik paga arazi gabe. Gure tratularia bazabillan merkatuan attristerik. Eltze saltzaille baten aintzinian hasten zaio mandua saltoka, non hausten beititu martxantaren eltze guziak. Koleran erraten dio behar dituela pagatu. Ez zuen nahi tratulariak.

        Ereman arazten du bakezko jujetarat eta han erraten du:

        —Jaun juje, uliyari gaztelañiaz erraten zaio muzka. Harek egiten badio nonbeit ozka, egiten baldin badu salto eta fringo, austen balin baditu ehun eta bat lapiko, nik zer kulpa dut jauna?

        Bakezko jujiak ez zakien zer erran tratulari hari. Erraten dio bertze gizon hari ikhusten dituen uli guziak hiltzeko eta manduak izanen direla presto.

        Horrekin batean uli bat pausatzen da bakezko jujiaren kopetan. Gure eltze martxantak beitzuen makil eder bat berekin, zer egiten du? Bere iñ ahal guziekin ematen dio kolpe bat izigarria eta erortzen da bere uliarekin. Arrabots hartan heldu dire etxeko jende guziak eta erraten diote nola gauza pasatu den eta uzten dituzten gaterat bakotxa bere gisa. Tratularia gan zen bere manduarekin eta eltze martxanta gelditu zen bere eltze autsiekin eta jaun balia gelditu zen hil otza uli hura zela medio. Egun hartan merkatuan han nintzen eta orai hemen.

        Unigi bizi baziren, ungi hil ziren.

 

aurrekoa hurrengoa