www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

LANTERNA PODEROSA
 

        Ama batek bazuen seme bat. Arras pobreak ziren. Mutiko hura gaten zen eskolarat eta egun batez errekontratzen du jaun bat eskolaratekoan eta erraten dio iyan ama ungi duen eta ematen diozka bortz libera. Badoha lasterka amari ematerat. Biharamunian igual ematen dio bertze bortz liberako bat, eta erraten dio amak, behar zaigoela galdetu nor den.

        Galdetzen dio mutiko harek eta erraten dio jaun harek haren aitaren anaia bat dela Ameriketarik ethorria dena eta zenbeit egunen buruban ganen dela haren ikhusterat.

        Erran bezela zenbeit egunen buruban badoha jaun hura. Ez zakien batere emazteki harek bazuela haren senharrak anaiarik Ameriketan. Eman zigoelarik diru hanitz erosteko bizitzeko behar zirenak handizki bizi izan ziren zortzi bat egunez. Erraten zigoen emazteki hari eman behar zigoela mutiko hura zenbeit denborarentzat. Berdin harekin ez zela deusetako. Karga bat zuela.

        Azkenian, azkenian erraten du baietz. Banian pena hanitzekin. Karrosan sartzen dire jauna eta mutikoa eta badohazi gan, gan, gan. Mutil hura urrunago eta tristeago. Arribatzen dire oihanerat. Jausten dire karrosatik eta jaun harek altxatzen du harri lauza handi bat eta botatzen du mutiko hura zillo hartarat. Pentsa azue mutiko haren izialdura. Ez zen zilo hartan eskebeleik bezik.

        Ematen du ilhabete bat batzuetan gora gaten, noiz eta atzematen beitu emazteki xahar bat. Erraten dio:

        —Non zabiltza haur maitia? Debruaren etxean zare hemen.

        Kondatzen dio mutiko harek nola jaun batek tronpatu duen haren ama eta eman duela ilhabete bat harat ethortzeko eta iyan ez duen handikan ateratuko. Erraten dio baietz. Harek erranak ungi iten baditu. Erraten dio emanen duela oraino bertze ilhabete bat jausteko eta segituko duela antzinerat. Athe hanitz pasatuko dituela. Denak zerratzeko eta gateko holako markako bat atzeman arte. Hura idekitzen duenian erraten dio ez soratzeko. Han izanen direla gauza eder eta espantagarri hanitz.

        —Urrea eta diamanta ez da eskas izanen han, bañian emazu ungi kontu ez zaitela lot edertasun hekieri. Zoko batean ikusiko duzu lanterna erdoildu, errautsez bethe, zikin bat. Hura behar duzu hartu. Hura hartzen duzuneko hasiko zeizkizu oihuka «utzi lanterna». Erranen zaituzte zernahi izigarrikeria, bañian ez kasurikan egin eta ez buruba itzul gibelerat. Handikan atheratzen zarenian, ganen zare kanpoko atherat. Banian han izanen da debruba. Ez du nahiko athea ideki. Galdetuko zeitu ehunetan lanterna. Bañian ez eman nihori lanterna hura. Hari galdetzen diozkazun guziak iñen zaizkizu eta harek hilki araziko zaitu ere presondegi huntarik. Huna bertze kanifa ttiki bat. Hori ere zure manuen azpiko izanen da. Ungi zerbitzatuko zaitu. Bañian egizu ungi kasu ez gibelerat buruba itzultzia.

        Mutikoa badoha atxo xahar harek erran bezala. Arribatzen athe markatu hartarat. Han sartu orduko soratua da hango edertasunez. Ungi gutizia zuen zerbeit hartzeko, bañian oroituz emazteki xaharrak erranaz, badoha lanterna xaharraren billa. Atzematen du zoko zoko batean. Hura artu orduko hasten zaiozka oihuka uzteko lanterna hura. Zernahi erraten diote izigarrikerienetarik eta gure mutilla uruski eskapatzen da handik buruba gibelerat itzuli gabe. Atheak zarratzen ditu emaztekiak erran bezala, eta arribatzen da noizpeit athe dohatsu hartarat. Jotzen du erraten duelarik idekitzeko. Errepusta ematen dio debruak:

        —Lanterna hor uzten balin baduk ba.

        Mutilak erraten dio ezetz eta erraten dio lanternari:

        —Lanterna maitea! Idek nazak othoi athe hau hemendik ilki nadien.

        Erran orduko athea idekitzen da eta erraten dio orainion:

        —Egorrak debru zahar hori ifernuko zolara.

        Badoha mutil hori bere amarenganat. Pentsa zazu zer atsegina ama gaxo harentzat. Ez dio erraten bere lanternaz deusik, bañian erraten dio nola zen debruba jaun hura eta sofritu duela hañitz hura ?tziz geroz eta eri beitzen, ematen da ogean, bere lanterna ximinea zokoan.

        Hura etxerat arribatu zen egunian erregek krida arazi zuen holako handitasuneko otharrian zeiñek sagar gutiago sartuko beitzuen, hura izanen zela haren alabaren senhar.

        Erraten dio ama harek bere semeari eta erraten dio ama gan eta bere lanternari:

        —Nere lanterna maitea: iñ nazak holako handitasuneko otharria, sagar bat soilki barnean bethe dezan.

        Erran orduko iña da. Egortzen du bere amarekin. Erregek ikhusi eta zeñien pobrea zen emazteki hura erraten dio ez dela aski. Orainion behar dela izan erregek bezinbat armada. Ez beitzuen nahi holako gizon pobre bati eman bere alaba. Amak hori erraten dio semeari. Semeak berritz ere lanternari erran eta izan zituen armadak. Errege harek zituen inguru hartako handienak.

        Erraten dio orainion erregek ez dela aski. Behar duela izan erregek bezinbat diru eta biharamunian igual kondatzen du erregek bezinbat eta ezkontzen da azkenian errege haren alabarekin. Iten dituzte besta ederrak eta zenbeit egunen buruan erraten dio gure mutikoak bere lanternari:

        —Ene lanterna maitia, eginzak erregeren jauregiaren sahetsean bertze bat hori banion ederragoa biharamuneko.

        Mundu guzia espantitua da ikhustean halako jauregia. Erregeren alaba bere senharrarekin badoha han egoterat. Jaun horrek iñ arazi zuen armarrio eder bat han emateko bere lanterna eta nihori ez zioien ematen hango gakhoa ez eta bere emazteari ere. Eta nahi zituzten guziak bazituzten nihork jakin gabe nola.

        Ihizian ibiltzen zen maiz. Egun batez presan zualarik horra, ahanzten du armarrigoan bere gakoa. Neskatxa bat arras kurios beitzen jakitea zer zen han, idekitzen du armari hura ikhusteko zer zen eta harritzen da ikhustea han lanterna zahar hura. Zarratzen du armarrigoa eta ez kontu egiten gehiago. Bañian istant baten buruan pasatzen da karrikan gizon bat oihuka «lanterna zaharra berrian truk! lanterna berrian zaharra truk!»

        Neskatxa harek aditzen duenian oroitzen da lanterna zahar hartaz eta erraten dio baduela harek bat eta badoha jaunaren armarrigorat. Hartzen du lanterna zahar hura, ematen dio gizonari berri batean truk eta ematen du armarrigoan. Debru harek atsegin hartu zuen lanterna hura izatia eta erraten dio:

        —Behar nauk lanterna, jauregi hori eman itsasoaz bertze alde, barnean diren jendekin.

        Erran orduko jauregia suntsitua da. Erregeren alabaren senharra ethorri denian ihizitik ez du atzematen bere etxerik. Berehala pentsatu zuen zer gertatu zen. Badoha bere erregerenganat eta hura koleran, zer egin duen haren alaba. Egiñ arazten du toki ttiki bat lau murruen tartean eta han eman arazten mutiko hura. Gaizuak ez zakien zer pentsa noiz eta oroitzen beita emazteki zahar harek eman zioela kanifa ttiki bat. Erraten dio kanifa hari:

        —Ene kanifa maitea! balin baduzu podorerik, athera nazazu hemendik ikhus dezadan non den nere emazte maitea.

        Kanifak erraten dio baietz. Iñ araziko duela uso. Egiten da uso eta eskapatzen bere kasotetik. Badoha gan, gan, gan, uso gaxo hura, eta noizpeit arribatzen da itsasoaz bertze alde. Badoha palazio baten aintziñeko arbola gañetarat. Bazakien han zela haren emaztea eta bazabillan arbola batetik bertzerat noiz ikhusiko zuen bere emaztea. Aphur handi baten buruan ematen da leioan.

        Gure usoa badohakio laster barnerat. Bazuen podoria gizon egiteko. Iten da gizon eta bere emazteak ezagutzen du. Pentsa hekien loria. Bazuten zer erran batek bertzeari. Emazteak erraten dio nola duen jaun bat etxe haren nausia eta pertsekutatua dela harekin ezkontzeko. Bañian ez duela nahi iñ. Senharrak erraten dio:

        —Galdetuko habenian sarri iyan bada ez dunan nahi harekin ezkondu, erranen dion baietz nahi balin bahau eman hik galdetzen dionana. Eta galdetuko dion lanterna zahar bat. Ematen habenian, emanen dun trabatik kentzeko bezela oge azpian eta ni han gordia izanen naun.

        Iten du bere senharrak erran bezala ethortzen zaioenian jaun hura (debrua zen!). Uste beitzuen bethikotz kasotean zela jaun hura, ez zuen kasurik iten lanternari ez zuela nihoren beldurrik. Andre harek erraten dio beraz ezkonduko dela harekin, nahi badio eman lanterna zahar hura. Debruak erraten dio emanen dioela gogotik lanterna zahar hura. Ekhartzen dio beraz. Emazteak ematen du oge azpian eta gure jaunak hartzen ungi gogotik eta erraten dio fite:

        —Ene lanterna maite maitea, egorrak debru izigarri hori sekulako ifernuko zolarat. Ez dadiela gehiago handik athera.

        Lanternak erraten dio baietz:

        —Iñen diat segurki. Aspaldian hi zerbitzatu nahia, iten nikan hura.

        Eta egortzen du debru hura su eta karretan marrasketan ifernuko zolarat. Galdetzen dio orainion lanternari ereman zetzan lehengo tokirat bere jende guziekin. Erran orduko eremanak dire eta han bizi izan ziren ezin izan urusago.

 

(Louise Lanusse)

 

aurrekoa hurrengoa