www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

SORGINAK AKELARRIAN
 

        Behin batez bazen, munduan asko dien bezala, gizon gazte bat. Egun batez gaten da kisulabe baterat eta arratsian heldu die sorginak. Han dantzan hari zien. Batek iten zuen etxe batetako etxeko andre bat bezala, arras eri. Eta elizatik ateatzen hari zelarik egun batez utzi zuela ogi benedikatua lurrerat erortzera eta apho batek altxatu zuela eta apho hura han dela athe hekien onduan, harri baten azpian, bere ogia ahuan. Eta oraino sorginak berak erraten zuen hura ahotik apho hari kendu arte ez zitekela senda. Eta gizon gazteak guzia aditzen zuen.

        Beren aldia in zutenean, sorginak baduazi bakotxa bere etxetarat, eta gizon gazte hura ilkhitzen da bere kisulabe xilotik eta badoha etxekoandre eri den harenganat eta erraten dio:

        —Nik orai badakit zer egin behar den zure sendatzeko.

        Eta sorginak erran guziak erraten diotza eta egiten ditu, eta egun berian sendatzen da. Eta gizon gazte hura ongi pagatua izan zen.

        Eta arrats hartan heldu zaio konkor bat eta erraten dio:

        —Aditu dut, gizon gaztea, badakik sorginek non egiten duten akelarre.

        Eta erraten dio baietz.

        —Bihar pentsatzen dut behar dutala aditu sorginek zer erraten duten.

        Eta erakusten dio bera aintzinean izatu zen kisulabe zilo hura. Eta gauerditan heldu die sorgin guziak biribilli baraballa, bazutela arrabots eta espantu. Bainan sorginek erraten dute batak bertziari:

        —Behar dinau bilatu kisulabe zilo huntan zer othe den.

        Badohazi bilhatzerat eta atzematen dute konkorra eta egortzen sasiz sasi, berhoz berho, laharrez lahar, othez othe, zirripo zarrapo. Ez zuen posible nihundik bere etxea atzematia. Denak funditua, gure konkor gaixua azkenean goiz alderat arribatzen da bere etxean.

 

aurrekoa hurrengoa