www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

UME XURTXA
 

        Bazen neskatxa gazte bat mundutikan urrun bera bizi zena saindutasunian. Egun guziez uso batek ekhartzen zigoen bere nurrimendua. Egun batez ikhusten du neskatxa bat bi jandarmek erematen zutela preso edo hiltzerat. Umesurtsa harek iten du bere baitan:

        —Ni bezala bizi izan bazen ez zuten eremanen preso!

        Eta horren gañean izan zuen urgullusko pentsamendua eta egun hartarik ez zitzaioen ethorri gehiago usua bere jatekoarekin.

        Badoha aphez baten mintzatzerat. Kondatzen dio zer pasatu den eta noiztik ez zuen gehiago errezebitzen bizitzekoa. Erraten dio aphez harek punitua izatu dela bere pentsamenduaz eta behar duela ikhusi hiru haur mundurat ethortzen eta hekien dohañak zer diren.

        Lehenbizikoa izan zen erregiña baten haurra. Galdetu zigoen andre hari haren gelan egotea, zernahi zokotan igual zitzaiola, iyan utziko zuen. Erraten dio baietz.

        Erditzen denian erregiña hura, egiten du mutil bat. Haur harek ekartzen zuen lepuan kordoña xuri bat eta konprenitu zuen umesurtsa harek, hemezortzi urtetan gillotinatua izanen zela.

        Ikusten du bertze emazte baten erditzia. Eman zuen mundurat bertze bat kordoña gorri batekin eta ikhusten du gaizki turnatuko zela haur hura eta galduko zela. Ikhusten du irugarren bat, muthiko bat zen. Harek zuen kordoña urdiñ bat, erran nahi beitzuen arras prestua izanen zela. Hoikiek ikhusi ondoan erretiratu zen umesurtsa hura erreginaren etxerat. Han bizi zen urus okupatzen zelarik haur hartaz arras. Gozatzen zuelarik erraten zigoen maiz aire penatu batekin:

        —Gaixo haurra!

        Ama harek erremarkatu zuen hori eta egun batez erraten dio:

        —Iduri duzu haur hori arras malurus dela. Hala egiten duzu, begitarte egiten diozuñian iduri malurus dela edo zerbait gertatu behar zigoela.

        Hori erran zigoen behin bañion gehiagotan eta adiñak urbiltziarekin umesurtsa harek erraten dio erregiñari zer gertatu behar zaioen hemezortzi urtetan. Pentsazue zer pena erregiña harentzat. Erraten dio bere senharrari eta aita eta amak erraten diote beren semeari zeiñak erraten beitu gan behar duela berehala etxetik.

        Badoha beraz gan, gan, gan bertze herri baterat eta beitzuen eskola, plazatzen da botika handi bat zen etxe batean. Zer nahi saltzen zuten eta prestua beitzen mutiko hura maitatzen dute. Gau guziez aditzen zuten kanporat gaten bañian ez zakiten norat. Jaunak, kurios beitzen, iten du botikaren gañean zillo bat, zeren harat ere gaten beitzen.

        Gabaz ikhusten du hartzen duela xirio bat eta ematen duela xirio haren baligua gora gora kondatuz kontuar zilotik barnerat. Xirio hartu berekin, belaunikatu eta gaten zen aski urrun zen kapera batetarañion, bethi igual belauniko. Jaun harek segitzen du hala zortzi egunez. Igual egiten du bethi muthikoak eta zortzigarren egunean jaunak ikhusten du kaperako athe zilotik aingeru bat jausten eta botatzen gathe bat gure muthilari eta airetan erematen zuela. Istant baten buruban jausten da eta badoha bere nagusiaren etxerat. Jaun harek erraten dio denak ikhusi dituela eta muthikoak erraten dio ere haren penitentzia ere akabo dela eta bere etxerat gan behar duela.

        Jaun harek ez du utzi nahi. Erraten dio:

        —Ganen zare nahi baduzu gero, bañian behar duzu lehenbizi nere alabarekin ezkondu.

        Erraten dio badituela aita eta ama, eta hekieri erran gabe ezin egin ditakela, bañian hekiek nahi balin badute gogotikan harek nahi duela. Partitzen da beraz berehala bere etxerat. Pentsa azue errege eta erregiñaren bozkarigua. Bethi ikharetan zaozin noiz aditu behar zuten beren seme maitea urkhatua izatu zela. Ez zakiten zer egin atseginez. Erraten diote nola egin duen penitentzia eta duda gabe barkatu digoela Jainkoak eta nola nahi duen haren nausi izatuak ezkont arazi bere alabarekin. Iten dire beraz eta denak urus bizi eta ungi hil.

 

(Louise Lanusse)

 

aurrekoa hurrengoa