www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

NESKATXA EDERRA ETA ALFERRA
 

        Behin batez bazen ama bat. Bazuen alaba bat hainitz ederra. Ama hura hari zen beti lanian, bainan neskatxak ez zuen hari nahi. Jotzen du hainbertzetaraino non harri lauza baten gainian baitzagoien nigarrez.

        Egun batez heldu da xatoko jaun gazte bat. Galdetzen du eian zer duen halako nexkatxa ederra hala nigarrez atxikitzeko. Ematen dio errepusta emazteki harek sobra ederra delako ez duela lanian hari nahi.

        Galdetzen du jaun gazte harek:

        —Badaki josten?

        Erraten dio:

        —Bai, nahi balu, egunian zazpi atorra jos letzazke.

        Jaun gazte hura arras agradatua hartaz partitzen da etxerat. Ekartzen du oihal peza bat erraten diolarik, hauk zazpi athorra eta hulako tenoretako josteko. Egiten baditu, biak ezkonduko diela. Gogoetan zagoen fitsik egin gabe bere oihalari beira, nigarra begian. Heldu zaio emazteki zahar bat, baitzen sorgina. Erraten dio:

        —Zer duzu horren triste?

        Ematen dio errepusta:

        —Hulako jaun gazteak ekarri nazki zazpi athorra josteko, bainan ez dut posible. Hemen nago gogoetan.

        Emazteki zahar harek erraten dio:

        —Badakizu josten?

        Erraten dio, orratzean harien sartzen baietz.

        Emazteki harek erraten dio:

        —Nik eginen ditut zure athorrak behar dien tenoreko, urte eta egunen buruan, oroitzen bazare ene izenaz. Eta erraten dio:

        —Oroitzen ez bazaizu, enetzat nahi dutana zutaz egin: Maria kirikitun, nihor ez dun orhoituko ene izenaz.

        Eta erraten dio baietz.

        Iten diotza bere zazpi athorrak bere tenoreko. Ethorri zenian jaun gazte hura, bere athorrak prest, lorietan neskatxa hura hartu zuen eta biak esposatu ziren. Bainan neskatxa hura hari zen beti tristatzen. Jaunak iten zituen besta handi batzu, bainan sekulan ez zuen irri egiten.

        Egun batez terriblezko besta handia zuten. Eta heldu da emazteki zahar bat atherat. Galdetzen dio zerbitzariari:

        —Zer duzue holako besta handien egiteko?

        Erraten dio:

        —Gure andreak ez du batere irri egiten, eta jaunak, haren alegeratzeko, besta handiak egiten ditu.

        Erraten dio:

        —Nik egun ikhusi dutana adi baleza, irri egin bide lezake.

        Zerbitzariak erraten dio:

        —Zaude hor. Erranen diot.

        Berehala sar arazten dute. Zer ikhusi duen erraten dio: atso bat zaharra hari zela pezoñ batetik bertzera, salto eta jauzi egiten duela: «Hupa, hupa, Maria kirikitun, nehor ez dun oroituko ene izenaz».

        Hori aditu duenean, andre gazte hura alegeratzen da berehala. Markatzen du berehala, izen hura. Emazteki zahar hura ungi errekopentsatu zuen. Eta bera ungi kontent gelditu eta ethorri zenian emazteki zahar hura, bazakien haren izena.

 

(Stefana Hirigarai)

 

aurrekoa hurrengoa