www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ARREBA ETA ZAZPI ANAIAK
 

        Baziren jaun andre batzuek arras pobreak eta haurrez kargatuak. Bazituzten zazpi mutil. Piska bat handitu zirenian erraten diote bere amari obe dutela gan beren gisa, obekiago atheratuko direla. Amak peñ handirekin uzten ditu partitzerat. Hek gan onduan ematen du mundurat neska txiki bat. Piska bat handitu zenian gaten zen auzorat jostetarat.

        Egun batez zerbeit haurkeria iñ eta erraten dio hauzoko emazteki harek:

        —Zuk ere obekiago iñ ziñezake gatea zure anaiek in duten bezala.

        Badoha haur hori bere etxerat eta erraten dio amari:

        —Ama nik baditut anaiak?

        Amak erraten dio baietz.

        —Non ditut?

        —O! Ganak norapeit.

        Erraten dio neskak gan behar duela harek ere. Eman diozela oihal peza bat, zazpi athorren egiteko, eta berehala nahi duela gan. Amak pen handia zuen zazpi haur jadaneko kanpoan izaki eta bakarrak ere gan nahi izatea. Uzten du beraz gaterat neskatxa hura.

        Badoha gan, gan, gan. Galdetzen du hiri batean iyan ezagutzen dituzten zazpi anaia elkharrekin lañian hari direnak. Erraten diote ezetz. Badoha mendi baterat. Han ere galdetzen du eta erraten diote zein etxetan egoten diren.

        Sartzen da etxe hartarat. Ikhusten du lan guziak egitekoak direla eta ez dela nihor etxean. Iten ditu ogeak. Etxe guzia ematen du garbiki. Bazkaria prestatzen du eta gordetzen da hauts tokian. Anaiak arribatzen dire eta harrituak dire ikhusteaz lan guziak egiñak eta bazkaria prest, norbeit baditakela han abiatzen dire billa eta billa, bañian, ez dire amesten billatzea haustegia eta badohazi berritz ere lanerat.

        Arratsa ethorri orduko iten ditu lan guziak neskatxa harek. Anaiak ethorri orduko prestatu zuen afaria eta gorde zen berritz ere austokian. Anaiak arrituak billatzen dute berritz ere etxean bañian ez dute deus atzematen. Badohazi ogerat eta neskatxa hura ematen da josten; eta josten du athorra bat eta erematen du bere anaia zaharrenari eta hola arrats guziez egiten zuen athorra bat eta erematen anaia bati. Ezin konpreni zezaketen nola gertatzen zen hori. Erraten zuten bethi es zirela loharkatuko bañian ogerat gan orduko loharkatzen ziren.

        Anaia gazteenaren sanja ethorri zenian athorra izateko, erran zioten sehurki ez zela loharkatuko. Ogerat gan eta denbora puska baten buruban badoha neskatxa hura eta erraten dio, ustez eta lo zagoen:

        —Zure sanja orai ethorri da orainion, nere anaia maitea.

        Eta ematen hasten zaio athorra ogearen gañean noiz eta erraten beitio:

        —Nere arreba zare beraz zu!

        Eta besarkatzen du. Kondatzen dio beraz nola aditu duenian bazituela anaiak nahi izan duela heien ganat gan hekien laguntzeko. Bertze anaiak ere jeikitzen dire eta loriatzen jakitearekin beren arrebak egiten ziozkatela lan guziak. Bizi ziren hala denbora puska bat. Anaiak gaten ziren egun guziez lanerat eta arrebak egiten zituen barneko lan guziak.

        Anaiek debekatzen diote sekulan gatea auzoko holako etxetarat zernahi gertaturik ere. Banian egun batez, horri kasurikan egin gabe, berandutu beitzitzaioen lanian, gan zen lasterka etxe hartarat su piska baten billa, lasterrago iteko afaria. Arras ungi errezebitzen du emazte harek. Nahi ziguen eman eskas zuen guzietarik, bañian erraten dio suaz kontent zela. Emazte hura sorgina zen. Ematen dio belar paketa bat erraten dioelarik emateko hura zangoen urean, deskantsatzen zuela hañitz.

        Arrats guziez panderu handi batean zazpi anaiek batean zanguak garbitzen zituzten. Ematen du beraz belarra hur hartarat eta zangoak sartu diztuzteneko billakatzen dire behi sei, eta zazpigarrena betroiñ.

        Neskatxa gaiso haren pena ezin erran ditake. Behi gaxoek ere besarkatzen zuten bethi beren arreba bañian neskatxa harek maiteago zuen hañitz gehiago betroiñ hura. Egun guziez erematen zituen landa baterat eta han egoten zen heien kontutzen.

        Egun batez han zagoelarik erregeren semea han pasatzen da eta arritua da han ikhustiaz halako neskatxa ederra. Mintzatzen zaio eta erraten dio harekin nahi duela ezkondu. Neskatxak erraten dio pobrea dela arras eta ez ditakela. Erregek erraten du baietz, baietz, igual dela, igual dela. Ematen diozka neskatxak kondizioñak: ezkontzen balin bada, sekulan ez hil araztea behi hekiek eta partikulazki bettroiñ ttipi hura.

        Promes ematen dio erregek. Ezkontzen dire. Erematen ditu bere behiak berekin eta ungi tratatuak ziren bethi. Esperantxetan gertatzen da printzesa hura eta erditzen da.

        Errege kanpoan zen batez heldu zaio sorgin hura. Hartzen du bere ogetik eta botatzen du erregeren huntasunetan zen leize izigarri baterat eta ematen da sorgina bera printzesaren ogean. Errege ethortzen denian arras sendatua atzematen du. Erraten dio ez duela ezagutuko eta erraten dio printzesak, sofrikarioek hala billaka arazi dutela eta sendatzeko lasterrago behar duela hil arazi bettroin hura. Erregek erraten dio:

        —Zin ez nazu egin arazi sekulan ez dutala hil araziko? Nola galdetzen nazu hori?

        Sorgiñak hura zuen bere etsaik handiena. Bakia ez beitzigoen uzten egortzen du mutilla behien billa. Atzematen ditu leze haren onduan daozila zazpiak marrumaz. Nahi zituen egorri etxerat bañian nihondik ez zezakeen eta aditzen du mutillak boza batek erraten:

        —Ez dut neretzat penarikan, bañian nere haurra, nere senharra eta nere behi maiteak nork hartuko ditu?

        Mutillak ezin erreusitu eta badoha erregeri erraterat zer pasatzen den. Errege bera badoha leze haren ondorat eta aditzen du boza hura. Fite botatzen du soka handi bat barnerat eta noiz eta ere iduritzen beitzaio hartzeko denbora izatu duela, goiti tiratzen dute eta ezagutzen dute printzesa dutela. Pentsa erregeren bozkarigua.

        Kondatzen dio bere senharrari zer egin zigoen sorgin harek lehenago eta orai. Errege badoha sorgin haren ogearen aintzinerat eta erraten dio badakizkiela haren gaxtakeriak eta ez baditu berehala behi hekiek lehen bañion mutil ederrago iten orainion, labe gorritu batean erre araziko duela.

        Sorgin harek iten ditu mutil eder eta hala ere erregek erre arazi zuen labe gorritu batean eta haren hautsak botatu aireari. Errege bizitu zen urus bere andrearekin. Zazpi anaiak ezkondu ziren korteko andreekin eta ekhar arazi zuten beren ama eta urus bizi izan ziren guziak.

 

(Louise Lanusse)

 

aurrekoa hurrengoa