www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ARRANTZALEA ETA BERE SEMEAK
 

        Asko munduan bezala bazen arrantzale bat. Bizi zen bere andrearekin. Gan zen egun batez arrantzarat. Atzematen du arrañ eder bat (denbora hartan bestiak eta gauza guziak mintzatzen ziren) zeñak erraten beitio:

        —Utz nazak! Utz nazak othoi bizia. Emanen haut nahi dukan guzia.

        Eta gizon gaizo harek uzten dio bizia eta badoha etxerat bertze deus arrañ atzeman gabe. Andriak arribatzen denian galdetzen dio non duen bere arrantza. Erraten dio nola ez duen arrañ bat bertzerik atzeman eta othoiztu dubela bizirik uztia eta utzi duela urean.

        Emazteak erraten dio iyan bada burutikan in zaioen arraña atzeman eta gibelerat uztia. Zer nahi erraten dio, asto handika.

        Biharamunian badoha berritz ere arrantzarat eta fortunaz arrañ bera heldu zaio. Erraten dio berritz ere uzteko bizia. Gizonak erraten dio ezetz, emazteak xahutu duela bezperan. Arrañak erraten dio emanen dioela nahi duen bezenbat diru, uztekotan eta gure arrantzaliak uzten du berritz ere eta badago oraino, bañian ez zaio deus heldu.

        Badoha berritz ere etxerat deus gabe. Emaztea fureatzen da ikhustean ez duela deusik hartzen. Ematen ziguen diruba bañian ez zen kontent. Erraten ziguen senharrari, arrañ hura behar zuela ekarri.

        Badoha oraiñon hirugarren aldiko arrantzarat. Heldu zaio orañion arrain hura bera. Erraten dio uzteko urean bañian gure gizonak ez du nahi, emazteak xahutu duela bezperan ere eta ereman behar duela etxerat. Arrañak erraten dio:

        —E bien! Etxerat erematekotz erranen zaitut nola beharko nauzuen partitu. Emanen diozu buztana xakurrari, buruba beorrari eta trunkua zure emazteari. Eta denboraren buruan zure emazteak eginen ditu hiru seme elkar iduri iduriak. Behorrak hiru beoka, hiruak igualak eta potzuak hiru potzo igual igualak eta deus malurrikan arribatzen bazaiote haur hekieri, etxe gibellian den putzuak irakituko du.

        Arrañak erran bezala emazteak iten ditu hiru seme ederrak gogotik eta arras elkarri iduriak, beorrak hiru beoka, potzuak hiru potzokume arras igualak. Haurrak handitu direnean, batek erraten du bere burrasueri gan nahi lukela munduz mundu. Ez zuten nahiko burrasuek bañian halako desira zuen, uzten dute azkenian. Ematen diote ahal bezenbat diru. Hartzen du zaldi bat, potzo bat kuriosa gogotik eta ezpata bat. Eta partitzen da.

        Gan, gan, gan, eta badoha urrun. Arribatzen da hiri baterat eta jausten da ostatu batean. Han hanitz mintzo zen mundu guzia tristeki. Galdetzen du zer den. Erraten diote nola duten aspaldian heren suge bat mendian eta egun guziez sortean tiratzen dutela nor ganen den harenganat. Zeren presuna bat behar baitu egun guziez. Eta egun hartan erregeren alaba erori zen sortean. Denak penatuak ziren.

        Biharamunian goizik gan behar zuen printzesa harek mendirat. Gure mutillak hartzen du bere beorra, bere potzua eta ezpata, eta partitzen da hura bañion goizago. Gordia egotu zen, printzesa hura bera utzi zuten arte. Ateratzen zaio gure mutilla. Erraten dio printzesak non dabillan. Duala berehala beheiti. Bertzenaz hura ere jana izanen dela. Aski dela batekin eta othoizten duela duala beheiti.

        Bañian gure mutilak ez zuen nahi. Entsaiatu nahi duela iyan iñen duen zerbeit. Horrekin batean aditzen dute txistu miñ batzuek eta arribatzen da horrekin batean heren sugea. Mutilak erraten dio potzuari:

        —In zak hire eginbidea!

        Xakurra saltatzen zaio sugearen gañerat eta atxikitzen du. Mutillak hartzen du bere ezpata eta pikatzen diozka zazpi buruak, ahal bezala. Hori iñ onduan kentzen diozkate buru hekien mihiak, ematen ditu bere zarpan. Printzesa harek bazituen zazpi arropa, batzuek bertzeak bezin ederrak. Eta hartzen ditu zazpitarik puska bana. Printzesak ez daki zer egin erremesiatzeko. Mutiko hura nahi du berekin ereman bere etxerat. Bañian mutikuak ez du nahi eta badoha bere ostaturat.

        Erregek erraten du suge hura hil duenak irabazi duela haren erresumaren erdia eta haren alaba. Ager dadiela. Ez da gure mutikoa batere agertzen. Bañian ikazkin batek mendian pasatzean atzematen ditu zazpi buru hek eta presentatzen da erregeren aintzinerat, harek hil balu bezela sugea. Printzesak ez du ezagutzen. Erraten du ez dela harek salbatua. Bañian ez beitzen ageri bertze nihor, harekin ezkontzerat zuan. Besta ederrak in behar zituzten eta ezkontza egiterat zuan. Noiz eta printzesak irakusten beitio bere aitari, urrun, hura salbatu zuena.

        Erregek ez zuen nahi siñetsi. Ekhar arazten dute eta erraten diote ikazkinari irakusteko sugearen buruak. Irakusten ditu hausartzea handi batekin. Bañian gure mutikoak erraten dio idekitzeko agoak. Idekitzen ditu eta agoek ez dute mihirik. Orduan hil zituenak agertzen ditu zazpi mihiak eta printzesaren zazpi arropa puskak eta seguratuak ziren harek hil zuela.

        Erretzen dute ikazkina plazaren erdian. Mutiko hura ezkontzen da printzesarekin eta egiten dituzte besta handi eta eder batzuek, zeren mundu guzia salbatu beitzuen suge izigarri hartarik.

        Arratsean gan zirenean bere gelarat, emaztea eman zen bere otoitzaren egiten. Esposa eman zen leihotikan beira eta arritzen da ikhustea illargi xuri batekin jauregi bat superra oraino ikusi ez zuena. Galdetzen dio bere emazteari zer zen hura. Emazteak erraten dio jauregi hartarik nihor ez dela hurbiltzen. Harat gaten diren guziak han gelditzen direla.

        Erraten dio senharrak gan behar duela. Emazteak ez du utzi nahi. Bañian halako desira du, bere zamaria eta potzua hartu eta badoha. Badabila billa, billa. Ez du atzematen aterik. Azkenian atzematen du bat, erdi gordia eta ttiki ttikia. Jotzen du. Heldu zaio emazteki xahar xahar bat. Galdetzen dio zer nahi duen. Erraten dio ikusi duela jauregi hura, hain ederra kanpoz. Kurios zela barnia ikustia.

        Sar arazten du barnerat. Ikhusten du mahain bat superki emana. Ez zen han ez zenik. Emazteki harek ofreitzen dio zerbeit hartzia. Erraten dio ez duela beharrik. Bañian hainbertze egiten dio non hartzen beitu zerbeit. Jan orduko lehen poxia, billakatua da mustro izigarri bat eta nihondik ezin athera ditake etxe hartarik.

        Ura ematen da irakitzen haren etxean arrañak erran bezala. Etxeko guziak tristatzen dire zerbeit malur arribatu dela hekien semeari. Erraten diote seme batek, partitu nahi duela kusian bere anaiaren laguntzerat. Tristatzen dire etxekoak, bañan uzten dute partitzerat. Hartzen du zamari bat, xakur bat, ematen diote aita eta amak ahal zuten bezenbat diru eta partitzen da.

        Badoha gan, gan, gan. Eta hala beharra, ostatu bererat arribatzen da. Han ezagutzen dute. Ematen dute parte erregeri han dela heien jauna, zeren bazter guzietan billa ibilliak beitziren. Heldu zaiozka kortetikan billa. Uzten du egiterat nahi duten bezala. Ematen dute afari eder bat eta printzesarekin badoha haren gelarat.

        Lehen bezala printzesa ematen da othoitzian. Mutiko hura ematen da leihotik beira eta ikhusten du palazio hura. Galdetzen dio zer den gauza eder hura. Erraten dio iyan ez dakien bada zer pasatu den han. Harat gaten direnak ez direla ethortzen. Erraten dio gan nahi duela bada ikhusterat. Emazteak erraten dio iyan bada lehen bezala iñ nahi duen. Ez gateko othoi. Bañan deusek ez zuen geldi araziko. Eta partitzen da bere zaldi eta potzuekin.

        Bertzea bezela badabilla bira bira nihon atherik atzeman gabe. Azkenian ikhusten du ttiki ttiki bat, erdi gordia. Jotzen du. Heldu zaio emazteki xahar bat. Erraten dio zer nahi duen. Halako ederra ikusi duela jauregi hura kanpoz, barnez ikhusteko gutizia lukeela. Sar dadiela. Uzten ditu bere zaldia eta bere potzua athean eta badoha. Ikhusten du mahain bat superki emana. Ezin erran zitakeen zer zen eskas. Denetarikan bazen. Erraten dio jateko eta jateko zerbeit. Ez zuen nahi, bañian azkenian hartzen du zerbeit pehesekeri.

        Lehenbiziko poxiñua jan orduko bilakatua da munstro izigarri bat, nihondik ezin athera ditake kanporat. Bere etxeko ura ematen da berriz irakitzen. Konprenitzen dute malur bat arribatu zaioela bertze anaiari.

        Hirugarrenak erraten du gan behar duela lehen bai lehen. Ez zuten utzi nahi burrasuek. Bañian erraten zioten harek salbatuko zituela naski eta uzteko gaterat. Ematen diote ahal bezenbat diru. Hartzen du zaldi bat, potzua eta badoha, gan, gan, gan.

        Hura ere jausten da bertze anaiak gan ziren ostatu bererat. Ezagutzen dute. Berehala parte ematen dute erregeri han dela hekien jaun gaztea. Heldu zaiozka berehala billa. Iten dituzte bozkarioz besta ederrak, ustez eta bethi lehenbiziko beren jauna zutela.

        Arratsean badoha printzesarekin haren gelarat. Ematen da printzesa arratseko othoitza egiten. Eta gure esposa, ikusi behar dituela orainon bestak, ematen da leihotik. Ikhusten du harek ere jauregi eder hura. Galdetzen dio bere emazteari zer den etxe eder hura. Erraten dio:

        —Ez dakizu zer den? Nihor ezin ethorria beita handik! Zuk badakizu zer gertatzen den han.

        Erraten dio:

        —Gan nahi nuke ikhustera.

        Ez zuen utzi nahi printzesak. Bañian badoha aitzina. Hartzen du zaldia eta potzua eta partitzen da. Badabilla billa billa inguruban athea ezin atzemanez. Agertzen zaio atxo bat. Erraten dio zer pentsatzen duen han ibiltzea. Harat gaten diren guziak han gelditzen direla. Barne hartarat gan nahi zuela ikhusteko zer pasatzen zen. Ematen dio atxo harek orduan uso bat jateko prest presta eta erraten dio:

        —Barne ortan bada atxo bat. Nahiko zeitu bortxatu jaterat, bañian, zuhur baduzu, ez jan. Irakutsiko diozu zarpan duzun usoa sobratua zure oturuntzatik eta behar diozu hartarikan jan arazi eta izanen duzu haren gañean podore guzia.

        Athea atzematen duenian jotzen du. Heldu zaio atso hura. Erraten dio zer nahi duen. Ikhusi nahi lukela etxe eder hura soilki. Sar arazten du. Eta hartzen du potzua berekin barnerat. Ikhusten du mahain eder hura. Bortzatxen du zerbeit jateko. Bañian erraten dio nihondik ez duela posible. Baduela orainon bere zarpan uso bat, ezin janez gehiago altxatua, eta harek jan behar duela hartarik. Ez du nahi atsoak. Bañan bortxatzen du eta jaten du azkenian.

        Galdetzen dio zer egin dituen haren anaiak. Erraten dio ez dakiela zer erran nahi duen. Bortxatzen du eta erraten dio emazteki zaharrari, bere xakurraz ito arazten duela ez badu erran nahi. Hala bortxatzen du eta irakusten diozka mustro izigarri batzuek. Erraten dio eman detzala lehen ziren bezala, bertzenaz malur izanen duela. Emateko kontu. Noizpeit ematen ditu bada lehen bezala bai eta ere hekien zaldiak eta potzuak eta badohazi denak erregeren etxerat. Harritzen dire ikhustea hiru jaunak elkar iduriak. Galdetzen diote printzesari zoin den haren jauna. Bañian gaxuak ezin ezagut zezakeen zeren hiruak elkar iduriak beitziren. Azkenian sugea hil zuenak deklaratu zuen hura zela haren esposa.

        Iten dituzte besta handiak. Ematen diote bere anaieri dirua franko berentzat eta beren burrasoentzat eta partitzen dire. Erre zuten emazteki hura plazaren erdian eta jauregi eder hura jaun andre esposentzat izatu zen. Urus bizi izan zen kortean eta ungi bizi izan bazen, ungi hil zen.

 

aurrekoa hurrengoa