www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

BOZAK ENTZUTEN ZITUEN SEMEA
 

        Asko munduan bezela baziren jaun andre batzuek. Bazituzten haur hañitz. Bazuten seme bat maite ez zutena zeren erraten beitzuen aditzen zuela boza bat arras maiz. Erran zuben ere bozak erran zigoela aita ama batzuek beren semearen mutil izanen zirela, erran gabe hori hekientzat.

        Amak aditu zuenean hori, hasarretu zen hañitz, hori beretzat hartu eta. Aberatsak ziren hañitz. Bazituzten bi mutil. Erraten diote ama harek bere mutil hekieri behar zutela gan semearekin eta hil behar zutela eta haren bihotza ekhartzeko.

        Biharamunian erraten diote bere semeari gan behar duela bere mutillekin holako tokitarat pasaiatzeko, badagokela egun erdi arte. Mutiko hura badoha trankilki bere mutillekin. Bide puska bat egin dutenian bi mutillak hasten dire hizka eta hasarretzen dire gogotik. Urbiltzen da hekienganat eta ikhusten du zer den hekien makhurra: batek nahi zuen hil eta bertzeak ez. Hasten dire kolpeka eta hil nahi ez zuenak garraitzen du eta erraten dute, hilen dutela berekin zuten zakhur handi bat eta eremanen zutela haren biotza andre hari.

        Mutillak ethorri orduko ama hura urrikitan sartua zen eta gure jaun gaztea bazuan munduz mundu. Hala zohalarikan egiten du bere buruarekin gan behar duela Erromarat. Errekontratzen ditu bi gizon. Erraten diote heiek ere Erromarat duatzila eta egiñen dutela bidea elkharrekin. Maitatzen dute gizon gazte hura hanitz zeren ikhusten beitute baduela zerbeit bertzek bañion geihago.

        Gaba ethorri eta badohazi oihan tartean zen etxe baterat. Galdetzen dute gab artako lehiorra. Erraten diote baietz, sartzeko. Ematen diote ederki afaiterat eta gure jaun gazteak aditzen du boza zeñek erraten beitio:

        —Toki malurusean zaizte hemen. Obe zindukete ez baziñete ethorri.

        Bertze gizonek erraten diote:

        —Zer da? Zer da?

        —Deusikan ez! Obeko ginduela bertze norapeit gan.

        Finitu zutenean ematen dituzte ogerat, bañan gure jaun gaztea ez zen lokartzen. Aditzen ditu gabaren erditan arrabots handiak. Ohuñiak heldu ziren diruz kargaturik. Emazteak erraten diote:

        —Egizue batxe, baitaude hemen hiru gizon, batek iduririk aberatsa.

        Aditzen du hori gure jaun gazteak, iratzar arazten ditu bere lagunak eta egiten dute leiotik salto eta badohazi ihesi. Kurritzen dute orañion egun guzia. Gaba etortzen denian badohazi etxe eder batetarat. Galdetzen dute gab hartako ostatua. Erraten diote:

        —Gogotik, segurki, bañian ez zirezte hañitz pausatuko. Badugu alaba bat zazpi urte huntan gabaz eta egunaz marrakaz ari dena.

        Gizon heiek erraten diote jaun gazte hari:

        —Ez duzu bada zuk sendatuko?

        Erraten diote ensaiatuko zela.

        Aberatsak ziren hañitz. Sendatu zenian aita gaizo harek erraten dio:

        —Jauna! Zu zare orai etxe huntako nausia. Mana zazu eta egiña izanen da zuk nahi duzuna.

        Gure jaun gazteak erremesiatzen du hanitz eta erraten diote nola Erromarat duan eta ez duela erraten gero zer egiñen duen.

        Andre gazte harek bazuen erreztun bat erhian. Aitak pikatzen du erreztun hura erditik eta ematen diote erdi bat. Badohazi eta luzian arribatzen dire Erromatik urbil. Eta hekiek urbiltziarekin, ezkillak abiatzen dire bere beitarik errepikan. Jende guziak atheratzen dire:

        —Nor da? Zer da? Aita Saindua heldu bide da.

        Hartzen dute gure jaun gaztea eta egiten Aita Saindu.

        Ama, jaun gaztearena, gero eta tristeago zuan. Meatuz eta iraungituz, ezin ezagut ziteken. Ez zigoen behin ere erran bere senarrari zer egin zuen, bañian galdatu zigoen senarrari Erromarat gan nahi zuela eta erraten dio zer izigarrikeria egin duen eta han uste duela izanen dela barkatua. Iyan nahi duen segitu bere bi mutillekin, heiek ere egin dutela bekatu.

        Arribatzen dire Erromarat. Ama gaxo harek halako pena zuen eta bihotz miña non, nahi izan zuen bere kobesigua egin Erromako elizaren erdian, gora gora. Suertea! Semea elizan gertatzen zen. Aditu duenian hori badoha besuak zabaldu eta amaren besotarat erraten zigoelarikan:

        —Barkatzen zaitut. Ni naiz zure semea.

        Loriaz eta bozkarioz aita eta ama hiltzen dire han berian. Bi mutillak ereman arazten ditu bere etxerat. Ematen dio hil nahi ez zuen hari andre gazte haren erreztunaren erdia eta harekin ezkondu zen, urus bizitu aberastasunen erdian. Beste mutil, hil nahi zuen hari, erran zigoen zuala mendirat ikhazkin egiterat eta bethi han hari da ikhatz egiten. Eta ikhusten duzun ikatz hau harenganik ekharria dut.

 

aurrekoa hurrengoa