www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

TARTARO ETA PETIT PERROQUET
 

        Asko munduan bezala baziren ama seme batzuek. Arras miserableak ziren. Semeak egun batez erran zioen bere amari gan behar zubela iyan zerbeit irabaziko zuen. Badoha gan, gan, gan, gan. Pasatzen ditu herria franko, bañian badoha bethi aintzinat. Arribatzen da herri handi baterat. Han galdetzen du iyan senti duten mutil plaza bat. Gidatzen dute erregen etxerat; han erraten diote baratzezain izanen zela. Bañian erraten diote ez dakiela aintzurraren ibiltzen. Igual dela ikhasiko duela bertzekin. Eta arras gisakua beitzen ikhasi zuen. Eta denetarik maitatua zen. Errege harek bazuen alaba bat eta iten zioen begitarte Petit Perroquet-i zeren arras gisakua zen mundu guziarentzat.

        Hiri hartan bazen printze bat eta harek bazuen zerbeit esperantza printzesa haren gañian. Eta hartu zuen karamitxia eta jelosia piska bat Petit Perroquet-entzat. Egun batez badoha printze hura erregerenganat eta erraten dio:

        —Ez dakizu zer erran duen Petit Perroquet-ek? Tartaroren zamaria ekharriko duela.

        Erregek ekhar arazten du Petit Perroquet eta erraten dio:

        —Erran omen duk ekharriko dukala Tartaroaren zaldia.

        —Ez dut segurki holakorik erran nik.

        —Ba, ba! Erran duk.

        —Nahi banauzu eman galdetzen ditudan guziak, entsaiatuko naiz.

        Galdetzen dio diru hanitz. Eta partitzen da. Gan, gan, gan eta behar zen erribera handi bat pasatu. Batela zain bat mintzatzen du pasatzeko eta erraten dio behar bada hunaratekuan izanen zuela karga handi bat ekartzeko, bañian ungi pagatuba izanen dela. Eta pasatzen da. Bertze alderat gan eta, oraino egin behar zuen bide hanitz zeren Tartarua mendi zoko batean egoten beitzen. Noizpait arribatzen da. Jotzen du athea. Etortzen zaio emazteki xahar xahar bat. Erraten dio:

        —Zuazkit hemendik lehen bai lehen. Nere semeak sentitzen du oren bat urrundik, giristinuaren usaina.

        —Hemen jan ala kanpuan jan, igual zait.

        Eta badoha kanporat eta gordetzen da iratze meta handi baten azpian. Bazuen istan bat han zela aditzen duenian sistu eta hortz karraska handi batzuek. Iduri zuen idurzuriak hari zirela. Badoha ikharetan. Gure Tartarua badoha etxerat eta erraten dio bere amari iyan bada ez duen han norbeit gordia. Erraten dio ezetz, ezetz eta jan dezan berehala preparatuak dituen gauzak. Ezetz, ezetz. Behar duela lehenbizi jan giristino hura.

        Badoha billa, billa, billa zoko guzietan eta badoha iratze meta hartarat. Ari da ken eta ken bazterrerat. Bañian gure Petit Perroquet zola zolan beitzen, Tartarua unatu eta badoha abantzu atzemateko puntian bere etxerat.

        Ematen da, jaten eta edaten ausarki. Gure Petit Perroquet atheratzen da bere iratzetarik eta badoha establiarat.

        Zaldi harek baitzuen gare handi bat bethetzen du iratzez. Gare hura Donibaneko ezkilla bezin handia zen. Izatzen da zaldi haren gaiñerat eta laster arribatzen da batelazañiarenganat.

        Heldu zaio laster eta ahal bezala ematen dute zaldi hura gabarrarat eta pasatzen dire. Ematen dio sari ederra eta denbora berean agertzen da Tartarua bertze aldean oihuka. Emanen ziguela nahi dituen guziak ematen badio bere zaldia. Erraten dio ezetz eta badoha trostean aintzina. Bere erregeren palaziguen ondorat arribatu denian kentzen dio zaldiari iratzia goaretik eta mundu guzia ateratua zen leioetarat eta arritubak dire Petit Perroquet gibelat etortzen ikustia.

        Errege loribatubak ez zekien zer erran, bañian lehen bañion geihago maite zuen eta printzesak ere.

        Bertze printze hura ez zen kontent eta pentsatzen du oraiño bertze zerbeit. Badoha erregerenganat eta erraten dio:

        —Ez dakizu? Petit Perroquet-ek erran du ekharriko duela Tartaruaren diamanta.

        Erregek ekhar arazten du Petit Perroquet eta erraten dio:

        —Erran omen duk ekharriko dukala Tartaruaren diamanta.

        —Ez dut holakorik erran.

        —Segurki bai! Bai! Erran duk.

        —Ez, bañian ensaiatuko naiz ematen balin banauzu nahi dutana.

        Eta galdetzen dio diru hañitz. Eta partitzen da. Badoha gabarratzailearenganat. Pagatzen du ungi eta badoha oraino gan, gan, gan Tartaruaren etxeradiño. Emazteki xahar harek erraten dio duala handik, bañian inutil zen. Gan zen iratze azpirat eta han dago Tartarua ethorri arte.

        Lehen bezela ibiltzen du iratze kasik guzia eta ez du atzematen. Uzten du Tartarua ederki afaiterat eta pentsatu duenian loharkatua dela badoha emeki emeki, eta diamanta buhurdi azpian ematen beitzuen, kentzen dio. Eta badoha lasterka, zanguak hausteko, gabarrazañiarenganadiño. Pasatzen du. Ungi pagatzen. Tartarua agertzen denian bertze aldian, iten dio oihu emateko bere diamanta, emanen diozkala nahi dituen guziak.

        Ezetz, ezetz, eta badoha aintzina erregeren etxerat. Arribatu denian ez zakiten zer egin Petit Perroqueti. Batek besta eta bertzeak besta, denek maithatzen zuten gero eta gehiago. Printzesak ere. Bañian printze harek ez zakien zer pentsa. Jelosiaz eritzen ari zen.Pentsatzen du oraiño bertze zerbeit eta erraten dio erregeri Petit Perroquet-ek erran duela ekarriko duela Tartarua ere.

        Ekar arazten du Petit Perroquet eta erraten dio:

        —Erran omen duk ekharriko dukala Tartarua bera.

        —Ez, ez! ez dut holakorik erran. Bañian nik erranak egiten badituzu entsaiatuko naiz. Egin behar duzu karrosa bat burdinezkoa, berga erdi bat lodi. Hiru zaldi haren tiratzeko eta dirua franko. Prestatzen direnean partitzen da. Galdetzen du barrika bat ezti, barrika bat luma eta bi adar.

        Gabarrarat arribatu denian ez dute erreski han ematen beren karrosa. Bertze alderat pasatu direnian, sartzen du barrika eztian eta gero luman, eta adarrak arrimatzen ditu burugañian eta ematen da postillon. Arribatzen da Tartaruaren etxerat eta preseski etxean zen. Jotzen du athea Petit Perroquetek. Heldu da Tartarua bera. Erraten dio:

        —Nor haiz hi?

        —Ni ifernuko debrurik zaharrena.

        Eta idekitzen du karrosako athea eta erraten dio:

        —Sar hadi hor.

        Tartarua sartzen da eta Petit Perroquet kontent. Arribatzen dire gabarrarat. Ahal bezala antolatzen dituzte zaldiak, eta karrosa ederki pasatzen du. Eta badoha erregeren palazigurat. Espantituak dire ikhustea han dubela Tartarua. Nahi zuten hil pezekin, bañian bonbak igortzen zituen gibelerat pilotak bezala. Ezin hil zezaketen hala. Harmekin finitu zuten.

        Ungi irabazia beitzuen, eman zioten printzesa bere emaztetzat. Ezkondu ziren. Ekhar arazi zuen bere ama korterat eta ungi bizi baziren, ungi hil ziren.

 

(Pierre Bertrand)

 

aurrekoa hurrengoa