www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

EZKABI
 

        Baziren, asko munduan bezala, ama bat eta seme bat. Sortu zen ezkabiarekin eta beti Ezkabi erraten zioten. Baratze eta lur puska bat zuten beren erresurtsa guzia. Saltzen zituzten baratzekariak eta hala bizi ziren doi doia.

        Ogoi eta lau urtetarat arribatu zenian mutil hura, erran ziguen bere amari gan nahi zubela munduz mundu zerbeit gehiago egiteko. Amak ez zuben nahi, bainan azkenian utzi behar izan zuen. Ematen diozka bildu ahal zituen sos guziak eta partitzen da.

        Gan, gan, gan, arribatzen da hiri baterat eta elizako aintzinian pasatzian ikhusten ditu gizon batzuek zinpi eta zanpa hari zirela. Galdetzen du zer egiten duten. Erraten diote hil bat jotzen dutela zeren zorrak uzten dituen. Eta norbeitek pagatu arte hola joko dutela. Ematen ditu zituen diru guziak ez dezaten gehiago jo.

        Piska bat gan eta badoha gan, gan, gan. Arribatzen da desertu handi beltz baterat. Arras tristatua ez zakien heian aintzinerat ala gibelerat ganen zen. Hala zagoelarik othoitzian, agertzen zaio atxo xahar bat, erraten dio zertan den han. Gure Ezkabik erraten dio baratzezain plazatu nahi lukela, hala ilki dela etxetik bañian ez dakiela norat gan. Erraten dio atxoak lehenbiziko irian, erregeren etxean hartuko zutela baratzezain eta bere buruko miña sendatua izanen dubela lehenbiziko atzematen duen asto pizarekin buruba garbitu eta, bañian beti buruba igual arrimatuba atxikitzeko. Eta erregeren baratzezain izanen denian, lehenbiziko arratsean atera detzala han diren arbola eta edergalu guziak.

        Badoha gure Ezkabi, gan, gan, gan. Eta atzematen du asto bat; garbitzen da haren pizaz eta sendatua da. Arribatzen da iri handi batean. Arrastatzen da ostatu ttiki batean eta galdetzen du iyan erregeen etxean baratzezainik behar duten. Eta badoha berehala nagusia jakiterat erregeren etxerat. Erraten diote behar dutela, baietz. Badoha Ezkabi. Berandu baitzen badoha ogerat.

        Biharamunian abiatzen da denen atheratzen errotikan. Errege eta bere alaba bazkal onduan leihotik zagozin. Ikhusten duenean erregek zer obra iten duen Ezkabik iten diote oihu bere gardiari har dezatela gizon hura eta hil.

        Alabak erraten dio:

        —Ez hil araz othoi, aita. Ikhusiko dugu gero zerbeit naski.

        Eta uzten diote bizia.

        Biharamunian espantituak dire ikhusteaz baratze bat xoragarria. Lehen ederra zen, bañian orai hala ere ederrago. Kontent ziren hala ikhusteaz. Ezkabik arras bisaia ederra zuen. Erregen alabari arras gustatzen zitzaioen. Bazkal ondo guziez Ezkabi gaten zen pausatzerat bethi arbola beraren azpirat. Erregeen alabak ikhusten ahal zuen bere gelako leihotik. Ikhusten zuen egun guziez han eta iduritzen zitzaioen bazela argitasun bat han. Ikusi behar duela zer den, badoha eta ikhusten du mokanesaren azpian zerbeit urria bezala distiratzen.

        Zenbeit egunen buruan erraten du bere aitari Ezkabiekin behar duela ezkondu. Aitak erraten dio ezetz. Alabak baietz, belarra janen badu ere, harekin iñen dela. Ezkontzen da beraz. Aitak ez dio ematen ontasun ttiki ttiki bat bertzerik, desertuan, urrun eta han bizi dire baratzekariak salduz eta Ezkabiri ilia handitzen zaioenian, hura salduz.

        Aditzen dute egun batez erregek gerla bat egin behar duela. Ezkabik erraten dio bere emaztiari gan behar duela bere aitarenganat eta erran behar digoela gan nahi lukela Ezkabik ere gerlarat. Badoha bere aitarenganat eta erraten dio nola haren senharrak gan nahi duen gerlarat. Aitak erraten dio:

        —Zertako dugu hura? Ez daki zizari hiltzen bertzerik. Ez dugu haren beharrik.

        Bazen han jeneral xahar bat. Erraten dio:

        —Nahi badu ethorri, ez zazula gibela. Bat gehiago.

        Eta gure Ezkabi arribatzen da. Ematen diote zamari xahar bat maingua, doi doia zagoen xutikan. Ezpata bat dena erdoilduba, arropa itsusi batzuek eta hala partitzen da. Bide piska bat in orduko erortzen da zaldi hura eta ez du nahi gehiago zutitu. Han zagoen beraz tristeki ez jakinez zer in.

        Agertzen zaio berritz atxo hura eta erraten diozka bere malhurrak.

        —Hori bertzerik ez bada, ez da deusik.

        Eta ematen dio zamari eder bat, arropa eder batzuek, ezpata eder bat eta anpolla bat hillak piztuko duena. Eta erraten dio irabaziko dutela gerla hura laster.

        Lehen, azken beitzen gure Ezkabi, orai, denak pasaturikan badoha lehenbizi. Atxoak erran bezala zenbeit tiro tiratu onduan etsaiak izitu eta badohaz iyesi eta Ezkabi ederki beztitua beitzen eta zamari eder bat beitzuen ere harekin, iten dituzte antolamenduak eta Ezkabik berekin hartzen ditu paperak eta badoha bere etxerat.

        Handik zenbeit denboraren buruban aditzen dute erregek ematen duela bazkari handi bat eta izanen direla bestak kortean. Egortzen du bere emaztea erraterat bere aitari iyan nahi lukeen egur garraioko eta bertze zerbeit lanetako zuazin lagun, egun hartako. Aitak erraten dio ezetz, badirela aski jende. Ez dutela nihoren beharrik.

        Lehen bezela, jeneral xahar harek erran zuen uzteko bada ethortzerat, laguntza iñen dutela heiek ere eta heldu dire. Arribatu eta ematen dire biak lañian.

        Ungi bazkaldu direnean hasten dire jaun guziak beren historiguaren kondatzen, edo beren balentriak. Ezkabi han zabillan heien ingurutan. Hori aditzen duenian erraten diote harek ere balukeela historigua kondatzeko.

        —Bai, hik erranen duk zenbat xixari hil dukan. Ez! Ez! Ez dik balio!

        Jeneral zahar harek erraten dio:

        —Nork daki zer erranen duen. Aditu behar dugu.

        Eta erregek uzten du orduan. Erraten dio Ezkabik:

        —Ni hasten naizenian mintzatzen nehork ez du deusik erran behar, eta erraten duena, hilla izanen da nere ezpatarekin.

        Hasten denian bere emazteak erraten dio, ematean buru gañean kolpe bat zeñek kentzen eta etxatzen beitu Ezkabiren mokanesa. Denek ikusten dute orduan haren buru baliosa eta oraino haren bisaia ederrago egiten zen.

        —Hik zer dakik?

        Hori erran orduko hiltzen du bere emaztea. Hasten da kondatzen azkeneko gerlan zer pasatu zen. Nehork ez zakien harek bezen ungi, zeren Ezkabi beitzen lehenbizi eta harek beitzituen paper guziak. Irakusten ditu jaun hek guzieri. Arrituak dire harek zenbat gauza in duen gerla hartan eta ikhusten dute erraten dituenak egiak direla zeren paperak han dituen.

        Finitu duenean hartzen du bere anpolla eta ematen dio bizia bere emazteari. Denak arritubak dire harek egin duen obra ederraz eta ikhusten dute gizon miragarria dela hura bere hille urrearekin eta bisaiya ederrarekin. Errege bera ukitua da eta erraten dio Ezkabiri erregek, bere buru gañetik kendu ta bere korua:

        —Nik bañion obekiago irabazia duzu.

        Eta ematen dio buru gañian. Ederra zen gogotik korona harekin. Ez ziren gan gehiago beren desertuko etxe ttikirat. Kortean bizi izan ziren ederki. Ekhar arazi zuten ere bere ama.

        Eta ungi bizi izan baitziren, ungil hil ziren.

 

aurrekoa hurrengoa