www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

HAURRA TROKATUA
 

        Asko munduan bezala baziren jaun andre batzuek. Arras bere aisean ziren. Bañan ez zezaketen kontserba haurrik. Hainbertze izan zituzten eta denak hiltzen. Andrea berritz ere gertatzen da esperantzetan. Erditzen da ilhuntze batez mutiko eder batez. Bi gizon gaztek aditu zuten berri hori eta erraten dute elkarri besta in behar dutela etxe hartarikan zikiro bat ebatsiz; ez zutela konturikan iñen beren lan eta kontentamenduekin.

        Badoha beraz mutiko hekietarik bat hameka orenak onduan etxearen ingurutarat. Errekontratzen du emazteki xahar bat. Erraten dio:

        —Norat zoazi mutil?

        —Egia bezalakorik ez da. Banoa holako etxetarat. Andrea erdi beita, nahi dut baliatu, ez dute berdin kasurikan inen egun, zikiro baten ebasteko. Eta zu, norat zoazi?

        —Ni ere etxe hartarat nua. Sorgina naiz, eta nik hill arazten diozkatet haur guziak.

        —Eta nola iten duzu?

        —Erreski. Haurrak egiten duenian urtzintz ez du nihork erraten Doministeko. Eta orduan ni haurraz nausitzen naiz.

        Sorgin hura sartu zen duda gabe, nahi zuen bezala. gure mutilla bañion errexkiago. Noizpeit hura ere sartu zen. Hari zen zikiruaren beresten, aditzen duenian haurrak in duela urtzintz. Erraten du gora gora:

        —Doministekun, zikirorik ez badut izanen ere.

        Badohazi ikhusterat nor zen han eta zer erraten zuen. Mutiko harek kondatzen du zer erran zigoen emazteki zahar batek. Pentsatzen duzuen bezala ungi eman ziozkaten eskerrak eta beres zezan zikirorikan ederrena. Aita eta ama lorietan zagozin haur hura kontserbatuko zutela, bañian gaxuek ez ziztuzten denak ikhusi.

        Debru bat ethorri zitzaioten.Hartu zuen haur hura eta ereman bide baten egirat eta han utzi. Karrosazain bat han pasatzean ikhusten du haur hura, hartzen berekin. Ezkondua zen eta haurrik ez zuten eta desira handia zuten baten izatea. Arras aisean ziren. Emaztea bozkariatu zen ikhustea haur eder hura. Eman zioten amaño on bati eta haur hura handitzen zen eta edertzen. Harritzeko zen.

        Debru hura eman zen haur haren oge ttikian. Ama harek ematen zigoen bularra eta bertzearen kontrarat ez zen nigorat handitzen. Buraso hekiek penetan ziren holako haur bat izatea. Ez zakiten zer pentsa. Hekien egiazko haurra espantagarria zen jakitatez. Karrosazaina eta bere andrea xoratuak ziren eta maite zuten beren haur bat bezela.

        Amabi urtetarat ethorri zenian erran zioten beren aita eta amari fraide egiñ behar zuela. Karrosazaina eta bere andrea xangrintzen dire. Erraten zioten iñ zadiela soilki aphez, bañian ikhusi eta haren desira handia uzten dute berak nahi bezala. Partitzen da, beraz eta hemezortzi urtetako eman zuen meza.

        Han zelarikan egun batez, bi gizon pasatzen zirelarik bere egiazko aitaren baratziaren onduan, disputan hari zirelarik, hala asarratzen dire non batek bertzea hiltzen du eta botatzen jaun haren baratzerat. Aita hura jujatzen dute eta kondenatzen hiltzerat, harek hil duela gizon hura.

        Mutiko fraide hura meza ematen hari da. Heldu zaio uso xuri bat eta erraten dio zer pasatzen den haren aitaren etxean, hartuko duela uso harek haren gorputza eta parti dadiela haren forman. Fraideak iten du gogotik harek erran bezala eta arribatzen da aita hura erematen zutelarik hiltzerat. Segitzen zuten jujek eta jende hañitzek. Galdetzen diote zer in duen. Erraten diote gizon bat hil duela. Galdetzen du iyan iñen dioten fagoria hil bañion lehenago segitzeko gizona hil duen haren tonbarat. Erraten diote baietz.

        Badohazi guziak. Fraide harek idek arazten du tonba. Pitz arazten du eta galdetzen dio bere aita irakutsiz iyan harek hil duen. Erraten du hillak ezetz. Hori erran eta berritz hiltzen da. Fraideak ez zuen nahi jakin nork hil zuen. Bazakien aski hola.

        Aita harek nahi zuen fraidea berekin ereman bere etxerat bazkaiterat, bañian ez zuen nahi egun hartan. Erran zigoen holako egunetan ganen zela. Pentsatzen duzuen bezala in zuten bazkari eder bat. Konbitatu zituzten beren lagun eta adiskide guziak bazkaltzerat heiekin. Deus ez zen falta. Arribatzen denian, emazteak mahainean eman bañion lehenago erran zigoen nahi liokela irakutsi bere haurra, nola hemezortzi urte artan bularretik azten zuen oranion eta nihorat ez zela handitzen, bethi sortzean bezala zagoela.

        Fraide hura asten da othoitzean eta ikhusten du haur zelako hura debru baten itxuran gaten su eta karretan, etxiari puska bat erematen zigoelarik. Erraten dio amari ez xangrintzeko, debrua zuela han eta urusago izanen dela halako haurrik gabe. Mundu guzia espantitua zen fraide haren podoriez.

        Baiñian amak peña zuen orañion. Fraideak haren kontsolatzeko erraten dio bere bizia, nola hura zen egiazko haren semea, nola debru harek ereman zuen bide bazter baterat eta nola izan zen bildua karrosazain batez eta hura bera zela fraide iña eta haren semea.

        Denak soratuak ziren haren itzez. Ederki bazkaldu eta fraidea gan zen bere komenturat eta aita eta ama hekiek bizi izan ziren prestu aintzinean bezala. Ungi bizi baziren, ungi hil ziren.

 

aurrekoa hurrengoa