www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMAZAZPIKARREN
ERAKUSALDIA

 

Euskaldun onak urtearen bukaeran
egiñ bear duana.

 

        Asko lekutan urtearen bukaeran egiñ oi omen da fest andi bat, konfesatzen dira Kristau onak; egiten da Sermoia, eta gero Jaunari eskerrak emateko kantatzen da Te Deum. Ezta gure errietan onenbesteraño azi, ez zabaldu jaiera eder hau. Baña zuk, nere anima, urtearen bukaeran egizu Konfesio on bat: gero begira ezazu, lenengo lekuan, zertako eman dizun Jaunak igaro dan urtea beste gauz askorekin. Bigarren lekuan, zeiñ gauza bearra dan, Jaunak ematen digun denbora ez galtzea. Hirugarrera, nola igaro dezun joan dan urtea beste oraindañoko guziakin batean. Eman giozkatzu Jaunari eskerrak, zeren bizitza gorde dizun oraindaño, eta ainbeste mesede egin dizkitzun. Eska zaiozu zure eskergabekeria guzien barkazioa; berritu itzatzu, bataioko egunean eman zinduan hitzak, aurreko Erakusaldian bezala. Ara nola egiñ dezakezun hau.

 

 

Lenengo pensamentua

 

Zertako eman dizkitzan Jaunak
igaro dan urtea, eta beste ondasunak.

 

        Nere anima! Zure jaun onak eman dizu igaro dan urtea, baita zure bizitzako guziak ere. Egin dizkitzu bitarte orretan nortaki zenbat ontarte eta mesede. Asko eta asko hil dira denbora orretan, eta batzuek zu baño gazteagoak, sendoagoak, eta gure ustean zu baño bearragoak: eta zuri gorde dizu bizitza, eman dizkitzu bizitzeko bear zinduan gauzak. Gañera, nolako erak, eta zeiñ ederrak ez dizkitzu prestatu animarako? Zertako eman ote dizkitzu bada Jaunak igaro dan urte hau eta gañerako gauzak? Zertako, zure fiñ goi-miragarria billatzeko baizik? Hau da zure Jauna ezagutzea, amatzea eta betikotasun guzian berarekin batean Zeruan doatsu izatea. Hau da, ez besterik, zure fiña, ta hau billatzeko eman dizu igaro dan urtea, eta beste askori ukatu die. Nondik, nere anima; nundik onenbeste mesede?

 

 

Bigarren pensamentua

 

Zeiñ gauza bearra dan,
Jaunak ematen digun
denbora ez galtzea.

 

        Gauza guziak egin ditu, eta egingo ditu Jaunak, bakoitza bere neurri ta pisuarekin. Neurtuak, kontatuak eta pisatuak daude beraz bakoitzaren urteak, illak, asteak eta egunak, eta ez da iñor ere neurri onetatik igaroko. Laburrak dira, Jauna, zion Job Santuak, gizonaren egunak, eta zugan gordea dago zenbat diran beraren bizitzako illak. Ipiñi diozkatzu gizonaren bizitzari zerorrek dakizkitzun mugak, eta ezin oetatik igaro diteke. Emendik atera ezazu, lenengo lekuan, zeiñ zentzugabekeria andia dan esatea: Jaunak emango dit bizitza ontzeko denbora: gero onduko naiz. Ez da gure Jaungoikoa gizona bezala aldakorra; eta beragatik zuretzat neurtu eta markatu duan denboraren mugak ez ditu aldatuko. Oek gaizki igarotzen badituzu, galduko zera betiko. Atera ezazu, bigarren lekuan, guziz bearra dala, Jaunak ematen digun denbora ez galzea. Argatik dio S. Paulok: Denbora degun bitartean dagigun ongia.

 

 

Hirugarren pensamentua

 

Nola igaro dezun, joan dan urtea,
beste oraindañoko guziakin batean.

 

        Hau guzia, zure siniste edo fedeak erakusten dizun egia da, nere anima. Eta ala ere nola igaro ote dezu juan dan urte hau. Nola gañerakoak ere? Igaro ote dituzu Jauna amatzen eta serbitzen? Igaro ote dituzu Jaunaren Hitza eta Dotrinak enzuten? Sakramentuak ongi eta sarritan artzen? Zure griña txarrak ezitzen, hilduratzen eta eskuratzen? Igaro ote dituzu zure estadu eta karguaren egin-bideai eranzuten; eta bizitz onarekin etxekoai eta beste lagun urkoai Zerurako bidea erakusten? Ai, nere anima! Hau egin lekuan igaro dituzu joan dan urtea, ta beste guziak bekatua bekatuaren gañean egiten. Ezta zure urte guzien artean arkitzen bat bakarra ere, obra onetan, eta Jainkoa serbitzen igaro dezunik. Baña zer diot nik urte bat, ezpada arkitzen ill bat; aste bat, ez eta egun bat ere, Jaunaren serbitzen osotoro igaro dezunik? Igesi ibilli zera Jainkoaren Hitzagandik eta Dotrinatik, edo entzun dituzu, frutuaren gose ta egarri gabe eta besterentzat bakarrik balira bezala. Igesi ibilli zera Sakramentuetatik, eta zure bizitza izan da askorentzat bekaturaro bide ta sarea. O itsumen izugarria! Ta ala ere zure Jaun onak itxedon dizu!

        Nere Jaun eta Jaungoikoa! Milla esker, zeren igaro dan urte hau, eta oraindañoko guziak eman dizkidatzun. Milla esker, horietan egin dizkidatzun ontarte eta mesede guziak gatik. Lotsatzen naiz, Jauna, Zu serbitzen eta amatzen igaro bear nituan egunak aiñ gaizki igaroaz. Damuturik arkitzen naiz zure kontra egin ditudan bekatuaz, eta asmo osoarekin aurrera ematen dizkidatzun egunak Zu serbitzen igarotzeko. Zoaz nigandik etsai galgarria: utzitzen zaitut gaurdanik betiko. Abrenuntio. Zoazte nigandik Mundu gaistoa eta bekaturako sare eta lazoak zabaltzen dituzuen guziak. Zoazte nigandik bekatua ta bekatuaren bideak; gaurdanik betiko utzitzen zaituet. Abrenuntio. Zoazte nigandik Munduaren zorakeriak eta arrotasunak, ala janzian, nola beste gauza guzietan. Abrenuntio. Ala agindu nizun, Jauna, bataioko egunean, eta ala orain ere agintzen dizut: Zu zera nere Jaun eta Jaungoikoa, nere Aita ta lagunzallea; indazu bada zure grazia ta lagunza ugaria, eta egingo det leialki gaur agindu dizudan guzia Amen.

 

Irakurleari

        Mezaren enzun-bidea da urrengo Erakusaldian ipiñi uste dedan gauza. Batzuei agradatzen zate modu bat, besteai beste bat; baña guzien artean errazena eta fruturik geiena ekarri oi duena da noaski Jesusen neke-oñaze eta gurutzeko eriotza gogoan erabiltzea, ta emendik biotza mugitzea bekatuen damura, Jaunaren onginai ta amoriora; eta gogozko Komunioa egitea, bigarren Partean esan den bezala.

 

aurrekoa hurrengoa