www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMASEIGARREN
ERAKUSALDIA

 

Euskaldun onak bere bataioko egunaren
urte-betean egin bear lukeana.

 

        Anima on askok urte oro egiñ oi due beren bataioko egunaren oroipena, eta oni deitzen diogu urtebetea, edo urte urrena. Egun onetan konfesatzen dira. Gero begiratzen due kontuz, Nork ta nola altxa dituan kristauaren izate eta onra andira. Zein miragarriak diran onra onekin batean artu zituen ondasunak. Azkenean ematen diozkee Jaunari eskerrak, eta berritzen ditue bataioko egunean emandako hitzak. Hau bera egin dezakezu zuk ere, nere anima, urte oro zure bataioko egunean, edo aurreko igandean. Onetarako emen ipiñiko zatzu modu erraz bat, konfesatu ondoan bataioko egunaren oroipena ongi egiteko.

 

 

Lenengo pensamentua

 

        Nork altxa zaituan kristauaren izate eta onra andira? Kristaua zera, nere anima. Nondik dezu izate eta onra hau? Nork altxa zaitu onra ain andira? Altxa ote zaitue zure obra onak? Baña zer onra on izan zintzakean, Adanen bekatuarekin loitua bazeuden zere sortzetik? Zer obra on egingo zenduan onaren eta gaitzaren ezaguerarik ezpazenduan artean? Altxa ote zaitue zure gurasoak, edo aurreroak? Ez; horietatik alabaña ez dezu bekatuan sortua izatea besterik. Orra, zion Dabidek, gaistakerian sortua naiz; bekatuan sortu ninduan nere amak. Ote datorkizu kristauaren izate eta onra, zeren kristau-errian sortu ziñan? Ez; ezin konta al hiltzen dira alabaña kristau errietan bataiorik gabe. Etzaitezela alferrik nekatu; Jaunaren ontasun eta urrikimentuak bakarrik altxa zaitu kristauaren izate eta onra andira. Argatik Dotrinak esaten dizu, kristaua zerala Jainkoaren graziaz edo mesedez. Nere Jaungoikoa! Ezin konta al anima utzi dituzu bataio gabe, eta niri egin didazu mesede eta onra hau? O ontasun eta urrikimentu miragarria!

 

 

Bigarren pensamentua

 

Nola altxa zaituan Jaunak onra onetara.

 

        Begira, nere arima, bigarren lekuan, nola altxa zaituan Jaunak kristauaren izate eta onra orretara. Gauz arrigarria! Ekusi zuan Jaunak, Adanen bekatuarekin galdu zenduala Zeruko grazia eta arako esku guzia: eta zuri hau biurtzero, jatxi zan Zerutik, edo gizon egin zan Trinidadeko bigarren Persona. Eman zuan zugatik gurutzean bere bizitza, ipiñi zituan zazpi Sakramentu ta oen artean bat Adanen bekatua, edo jatorrizkoa zuri barkatzeko. Ekusten dezu, nola, eta zenbat nekeren kostuz altxa zaituan Jaunak kristauaren izate eta onrara?

 

 

Hirugarren pensamentua

 

Zeiñ miragarriak diran onra onekin
batean artu dituzun ondasunak.

 

        Begira hirugarren lekuan, zeiñ andiak eta miragarriak diran kristauaren izate eta onrarekin batean artu zinduan ondasunak. Ozta bataiatzaileak esan zituan Sakramentu oni dagozkan hitzak, ixurtzen zuala zure gañera bear zan ura, une edo puntu artan bertan Espiritu Santuak janzi zinduan graziaren soñeko ederrarekin, eta aienatu zuan bekatu jatorrizkoa, edo orijinala; apaindu zinduan Fede, Esperanza eta Karidadearen birtuteakin ta oekin batean ixuri zituan zugan bere doaiak; egin zinduan Jainkoaren beraren ume ta adiskide, Jesu-Kristoren senide, eta Espiritu Santuaren Jauregi, edo Eliza bera. Eman zizun azkenik Zerurako esku edo deretxa, egiten zinduala ango jabegai. Aditzen dezu, zer ondasunak artu zinduan kristauaren izate ta onrarekin batean?

        Zer ordaiñ, arriturik esan dezakezu, nere anima; Zer ordaiñ emango diot Jaunari eman dizkidan ondasun oek gatik? Garbi gorde bear nuan nik bataioko egunean eman zidan graziaren soñeko ederra, eta hau adirazten zuan eskuetan ipiñi zideen zapi zuriak. Baña, ai! ainbeste bider loitu det, eta galdu soñeko eder hura!

        Zer ordaiñ emango diot Jaunari egin dizkidan mesede oek gatik guziak gatik? Adi ezazu zer esaten dizun berak: oroi zaite zeiñ onra anditik amildu zeran, bekatu egin dezunean, eta biur zaite zure Jaunagana: ez eransi, edo ez egotzi bekatua bekatuari.

        Zer ordaiñ emango diot gañera nere Jaun eta ongille ezin andiagoari? Egizu bataioko egunean agindu zenduana, esaten dizu.

        O ontasun baztergabea! Milla esker, Jauna, gaurdaño egin dizkidatzun ontarte eta mesede guziak gatik, baña batez ere zeren bataioko egunean eman zeñidan kristauaren izatea eta onra. Hau da onra guzien artean andiena eta guzien zimendua. Bedeika zaitzeela Zeruak, lurrak eta gauza guziak. Aitortzen det zeiñ gaizki eranzun diedan zure mesede oei, eta zer egin dezaket Jauna ezpada damuz eta negarrez nere eskergabekeria itsusia alegiñean desegitea? Zer egin al dezaket, ezpada urte oro eta sarritan bataioko nere hitzak berritzea? Egun artan eman nizun Satanas eta Satanasen lagunak betiko utzitzeko, hitza. Hitz hau bera ematen dizut berriro. Abrenuntio. Egun artan eman nizun Satanasen lan guzietatik, edo bekatutik eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, hitza. Hitz hau bera ematen dizut gaur betiko. Abrenuntio. Egun artan eman nizun Satanasen arrotasun, ponpa eta zorakerietatik aldegiteko hitza; eta gaur hau bera ematen dizut. Abrenuntio. Erabaki det, Jauna, Zu amatzea ta serbitzea benaz eta biotz guziarekin. Lagun zaizkizkit arren, asi dedan egiteko andi oni jarraitzen eta onetan irauten. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa