www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA ZAZPI GARREN
ERAKUSALDIA

 

Jaunaren aurrean edo begietan jartze,
eta ibiltzearen gañean.
Adirazten da, zer dan ibillera hau,
eta zeiñ bide ederra dan, ala bekatutik
aldegiteko, nola obra onak ongi egiteko.

 

        Zabiltza nere aurrean, eta zu izango zera birtutetzua eta santua, esan zion Jaunak Abrahani. Hitz oetan Jaunak adirazten dizu, nere anima, Jaun beraren aurrean edo begietan jartzea, eta ibiltzea dala bide txit ederra, ala bekatutik aldegiteko, nola obra onak ongi egiteko. Jaunaren aurrean eta begietan jartzea eta ibiltzea, ez da nolanai beraren aurrean egotea eta ibiltzea; Jauna alabaña toki guzietan dago, eta argiro ekusten gaitu gu, naiz gauaz, naiz egunaz, eta era berean ekusten ditu gure hitz, pensamentu eta obra guziak, ala andiak, nola txikiak, ala onak, nola gaistoak. Ala ere geienean ez gaude, ez gabiltza gu Jaunaren aurrean, zeren erraz aztutzen geran Jaungoikoaz, eta bera utzirik igarotzen geran Munduko gauzetara. Zer ote da bada Jaunaren aurrean eta begietan jartzea eta ibiltzea? Bi gauzatara biurzen da hau. Bata da fedearen argiarekin gogora ekartzea eta sinistea, leku guzietan, eta gu gauden tokian bertan arkitzen dala Jaungoikoa, eta argiro ekusten dituala gauza guziak, igaroak, igarotzen, eta igaroko diranak: Andia da Jaunaren izatea, eta ez du buraerarik, dio Baruk Profetak. Zeruaren erpiña baño goragoroa da: infernuaren ondoa baño ondoragokoa da: igartzen ditu lurraren bazter eta muga guziak, eta itsasoa baño zabalagoa da, dio Job Santuak. Izate guziz andi onen barrunbean bizi gera, mugitzen gera eta gaude, esaten zien S. Paulok Atenaskoai. Bure jakiundearekin argiro ekusten ditu gauza guziak, eta ekusten ditu, ez nolanai, baizik diran bezala. Berdin da Jaunarentzat gaua, nola eguna, illunbea, nola egunaren erdia, orregatik dio Eskritura Santak, eguzkia bera baño ere argiagoak dirala Jaunaren begiak. Egia oek gogora ekarri, eta sinisten badezu, nonerenai, eta zauden tokian Jaunaren aurrean eta begietan zaudela, eta ekusten dituala gauza guziak, hau izango da Jaunaren aurrean jartzea, eta beraren aurrean ibiltzeko bear dan lenbiziko gauza. Bigarrena da, siniste onezaz baliatzea gauden, eta gabiltzan lekuetan Jaunaganonz biotza jasotzeko, bear degun lagunza ta grazia eskatzeko, umilki bera adoratzeko, Fede, Esperanza eta Karidadezko afektoak egiteko. Ekusten dezu, zer dan Jaunaren aurrean eta begietan jartzea, eta ibiltzea?

        Bide hau txik ederra da, ala bekatutik aldegiteko, nola obra onak ongi egiteko. Bekatutik aldegiteko, nola alabaña izango dezu bekaturako ausardia, oartzen bazera Jaunaren aurrean zaudela eta begira dagokizula? Pensamentu onek gorde zituan bekatuan erortzetik perill guzis andian Susana eta Jose anziñakoa, eta beste eziñ konta al. Era berean da bide txit ederra obra onak ongi egiteko. Langille edo serbitzari bat, nagusia begira dagokionean, kontuz ari da bere lanean ta are kontu ta arreta andiagoarekin Erregeren begietan, eta Erregek nai duan lanean ari bada. Nolako arretarekin bada ez dituzu egingo obra onak, baldin oartua bazaude, Errege guzien Erregea eta zure Jaungoikoa begira dagokizula? Era onetan Lege naturaleko Patriarka Santuak igo ziran birtutearen erpiñera, artean libururik, sermoi, eta konfesioko eta komunioko Sakramenturik ezpazan ere. Argatik Jaunaren aurrean ibiltzeko jaiera hau guziz asko laudatzen, eta txit goien ipintzen due San Anbrosiok, San Agustinek, San Basiliok eta beste santu askok.

        Nere anima, lotsa zaite, oraindaño bide añ ederra ikasi gabe bizituaz. Oitu zaite sarritan Jaunaren aurrean eta begietan jartzera, eta ibiltzera. Begira dagokizun Jaunari egin giozkatzu noizean beiñ agur umillak; eska zaiozu bere grazia eta lagunza premia guzietan; sarritan altxa ezazu beragana biotza, eta zuk zeregan ekusiko dezu, zein bide ederra dan bide hau bekatutik aldegiteko, eta obra onak ongi egiteko. Ez da onetarako jakiunde andirik bear; naiz irakurtzen ez jakin, naiz bearrean, edo norbaitekin hizketan ari, egin dezakezun gauza da Jaunaren aurrean espirituz jartzea eta ibiltzea.

 

aurrekoa hurrengoa