www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMAIKA GARREN
ERAKUSALDIA

 

Igande eta beste jai egunak
Santifikatzearen gañean.

 

        Ekusi dezu, nere anima, nola egun oro, goizean, eguartean eta arratsean ugari egin ditzakezun obra on eta Zerurako irabaziak. Orain begiratu bear dezu lenengo lekuan, zertako ipiñi dituan Eliz Ama Santak igande eta beste jaiak. Bigarrena, zein lotsagarria dan Kristau askoren egun oetako bizitza, Hirugarrena, nola zuk igaro bear dituzun egun oek obra onetan, eta Zerurako irabazien gordairua geitutzen eta azitzen dezula.

        Gizona, bere Jaunak ezerezetik atera, eta lurraren gañean ipiñi zuanetik, beartua dago bere Egille ona ezagutzera, amatzera eta onratzera, ez biotzez bakarrik, baita gorputzez, edo agiri diran obra onakin ere. Edozeñek dakus, lan hau ongi egiteko, alde bat utzi bear dirala Munduko egiteko eta arazoak. Argatik Jaunak beretzat berezi, eta autu zituan zenbait egun Israeltarrai eman zien legean, oen artean Larunbata. Eta egun hau, Legea eman zienean ezezik, lenagoere beretzat markatu zuan Jaunak, Israeldarrak Ejiptotik irten ziranean. Larunbateko jaia ipiñi zanetik laster arkitu zuen Israeldarrak gizon bat basoan egurretan, eta Jaunaren agintez kendu zioen bizia arrika.

        Etorri zan Jesu-Kristo, eta aitu ziran Lege zarreko Aginteak eta Zeremoniak; baña etzan aitu, eta ezin aitu zitekean Jauna amatzeko eta onratzeko degun egin-bide eta zor andia. Argatik Apostolu Santuak larunbataren lekuan autu zuen Igandea, edo, Jesus hillen artetik piztu zan eguna, eta esan nai du igandeak linbotik eta eriotzaren atzaparretatik Jesusek egin zuan igoera, piztutzen zala beiñ ere ez hiltzeko. Igandeaz gañera badira Jesu-Kristoren Elizan beste jai eta festa asko; batzuek ipiñi zituen apostoluak berak, besteak Eliz Ama Santak, besteak Obispo Jaunak Jesu-Kristok emandako eskuarekin. Emendik atera ezazu, Eliz Ama Santak ipiñi dituala igande ta beste jaiak Jauna amatzen, adoratzen eta onratzen igaro ditezen, eta denbora berean guk obra on, eta Zerurako irabaziak errazago eta ugariago egiteko. Onetararo agintzen du, enzun dezagula kontuz eta errespeto andiarekin Meza Santua, eta ez dezagula egin lanik premia gabe. Onetarako ipiñiak dauzka usanza on asko, nola diran Errosario, Bezpera eta beste onelako gauzak. Onetarako atzenean dira Platikak, Dotrinak eta Sakramentuak.

        Ala ere, nork eztaki, zein lotsagarria dan askoren jai egunetako bizitza? Zenbat izango dira Meza nagusirik enzuten ez duenak, Jainkoaren Hitzak ukitu ditzan beldurrez? Zenbat, mezaurrean eransian daudenak Eliz ingurutan? Zenbat Elizan bertan, edo lo eta errespetorik gabe? Zenbat urte guzian Dotrinatik igesi dabiltzanak? Zenbat jai egunetan lan debekatuak egiten dituenak? Jai egunetan abarkak jostea, esiak eta soñeko zarrak adabatzea: jai egunetan gurdiak prestatzea, trallu-zigorrak eta zildai-gaiak billatzea eta ekartzea: Zer esango det, obra onen lekuan bekatua bekatuaren gañean egiteaz? Noiz jaietan baño geiago gertatzen dira ordikeriak, borrokak eta iskanbillak? Noiz gertatzen dira berandu etxeratzeak, gurasoen eta etxeetako naigabeak? Noiz neskatxen eta mutillen bildurak, hizketa loiak, jolas eta ibillera lotsagarriak? Zer esango da Jaunak onelako jai egunaz? Zer, Isaiasen autik len esana daukana baizik? Gorrotoz begiratzen diet zuen jai egunai. Nere Jaungoikoa! Hau da Kristau askoren jai egunetako bizitza eta onen anzekoa izan da nerea ere.

        Zuk, nere anima, begira ondo zertako ipiñiak dauden igande eta jaiak. Ez dezazula esan; askok darausten bezala, festak santifikatzen dituala Mez osoa enzun, eta lanik premia gabe egiten ez duanak. Ez du Elizak bekatu larriaren azpian agintzen bi gauz oek baizik, beintzat Obispadu onetan, eta geienetan ere; baita ez ditu onetarako bakarrik ipiñi festak, len aditu dezun bezala, eta bi gauz oekin bakarrik kontentatzen bazera, erraz bekatutik bekatura amilduko zera. Argatik egizu zuk alegiña bekatutik eta lagun gaistoetatik aldegiteko; Meza nagusiak, Bezperak eta Dotrinak entzuteko; eta etorri ezin bazaitezke, igaro ezazu etxean Dotrinaren parte edo puska bat bakarrik edo lagunakin. Oitu zaite ordu onean etxeratzera, eta lagun onakin baizik ez jolastera; eta atzenean oitu zaite maiz eta ongi prestaturik Sakramentuak artzera, eta, aurreko Erakusaldian esan dan eran, Errosario Santua esatera.

 

aurrekoa hurrengoa