www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN
ERAKUSALDIA

 

Janzian edo soñekoetan modestia ta onestidadea
gordetzeko hiru pensamentu egoki.

 

        Janzieren gañean aditu dezunarekin, uste det, artu dezula asmo osoa modestia ta onestidadearekin baizik ez apaintzeko zere burua. Asmo onetan zu sendoago egiteko, hiru pensamentu begien aurrean ipiñi nai dizkitzut. Enzun kontuz.

        Lenengo pensamentua izan bedi zure janziera nolakoa nai; izan bedi asma ditekean ederrena; zer adierazten ote dizu ipintzen dezun bakoitzean? Adirazen dizu lenengo lekuan, galdu zenduala Adanegan, edo bera bekatuan erori zanean Jaunaren grazia, eta Zerurako esku guzia: galdu zenduala zuzentasun edo Justizia orijinalaren doai miragarria; ta hau galdurik, zure gura ta griña guziak geratu zirala galtzeronz guziz makurtuak, eta zeran guzia era lotsagarrian: emendik zere burua alik ongiena estali bearra. Adirazten dizu urrena, zu zerala bere Jaun, Jaungoiko ta Egillearen kontra altxa zan jatorri desleial ta eskergabea, eta eriotzako sentenzia zere kontra daramazuna. Hau guzia ezagutzeko, ekartzu gogora gure lenbiziko gurasoai gertatua. Egin zituan Jaunak Adan eta Eba Zerurako, eta apaindu zituan bere graziaz eta doaiez. Doai oen artean bat zan Zuzentasun edo justizia orijinala deritzana: doai bat Adanen eta Ebaren gura ta griña guziak zeuzkana ezaguera zuzenaren eta borondatearen azpian eta borondatea Jaunaren naiaren mendean. Adanen eta Ebaren gura edo griñak orduan etziran batere asaldatzen, lotsagabetzen eta altxatzen etxeko nagusiaren, edo borondatearen kontra, ta beti zeuden prest, morroi leial batzuek bezala, borondateak agintzen ziena egiteko. Adan eta Eba sasoi eta pakea gozo onetan bizi ziran Jaunaren agintea autsi zuen artean. Soñekorik gabe zeuden, eta ala ere etziran lotsatzen, ezeta oartzen ere, nola zeuden, zeren justizia orijinalarekin apainduak arkitzen ziran. Gañera, doai onek gordeko zituan Adan eta Eba, berak nor izatera, eriotzatik: eta emengo denbora betetzean, joango ziran Zerura bizirik. Hau bera gertatuko zan ondorengoakin ere. Baña autsi zuen Adanek eta Ebak Jaunaren agintea, jaten zuela Paradisuko arbola baten fruta, eta galdu zuen Jaunaren grazia eta Zerurako eskubide guzia, ez berentzat bakarrik, baita guretzat ere: galdu zuen Zuzentasun edo justizia orijinalaren doaia; eta une artatik bertatik asi ziran Adanen eta Ebaren gura ta griñak asaldatzen, bakoitza bere bidez, presa bat urratzen danean urak beren bidean abiatzen diran bezala, eta geroztik ez due pakearik ematen. Oartu ziran Adan eta Eba, nola arkitzen ziran soñekorik gabe: lotsatu, ta lenbaitlen estali ziran al zuen eran. Gañera geratu ziran eriotzaren azpian, edo hill bearrak. Argatik dio S. Paulok: bekatuaren saria dala eriotza. Beraz, Kristaua, zuk zere burua apaintzeko, ipintzen dezun janzierak adirazten dizu, galdu zenduala Adanegan jaunaren grazia, eta Zerurako esku guzia, ta geratu ziñala era lotsagarrian, edo zere burua estali bearrean. Beraz zure soñeko bakoitzak begien aurrean ipintzen dizu, zu zerela jaunaren edo Errege guzien Erregeren kontra altxa zan jatorrikoa, eta eriotzako sentenzia beti zerekin daramazuna. Ongi, ta hau onela izanik, janziera arro ta lotsagarrien billa ibilliko zera? onestidadea gordetzeko bakarrik munduan agertu ziran soñekoak, eta zuk onestidadearen kontra biurtuko dituzu?

        Bigarren pensamemua: nolako janzierarekin apaindu ziran Adan eta Eba, Mundu guziaren jabeak baziran ere? Adan zan mundu guziko Jaun eta jabea; Eba zan beraren emaztea, eta biak ziran mundu guzian izan diran eta izango diran Errege guzien sustraia. Ala ere, nolako janzierarekin apaindu ote ziran? Eskritura Santak, Adan eta Ebarekin gertatua aditzera ematen digunkan, bi janzieraren berriak ematen dizkigu: janziera bata izan zan berak egiña. Badakizu nolakoa? piko edo beste arbolaren baten ostoz eta adarrez moldatu zuena. Bigarren janziera izan zan Jainkoak berak eman ziena, eta hau larruzkoa. Atozea orain: zer aditzera ematen digu Jaunak, Adani eta Ebari eman ziezten soñekoakin? zer janzian gorde bear degun modestia ta onestidadea baizik?

        Hirugarren pensamentua: zer hitz eman zinduan bataioko egunean? Egun andi artan etzinduan Eliz Ama Santak artu nai izan bere umeen artean, Zeruaren, Aingeru ta gizonen aurrean, orain esango ditudan hitzak eman gabe. Urlia, esan zizun bataiatzalleak Elizaren izenean: gaurdanik betiko uzten dituzu Satanas eta beraren langilleak, zeñak diran mundu galdua, edo munduan bizi diran gaistoak, eta aragiaren gura txarrak? Bai; uzten ditut betiko, eranzun zenduan. Abrenuntio. Galdetu zizun berriz: Gaurdanik betiko uzten dituzu Satanasen lan eta obra guziak, nola diran bekatua eta bekaturako bideak? Bai, eranzun zenduan; uzten ditut beti betiko. Abrenuntio. Galdetu zizun hirugarren aldian: Gaurdanik betiko uzten dituzu Satanasen arrotasun eta zorakeriak, dala janzian, janean, edanean, dala gastuetan eta jolasetan? Bai, eranzun zenduan, uzten ditut beti betiko. Abrenuntio. Ona zuk bataioko egunean eman zenduan hitzak. Zer geiago bear da bada, zuk, osotoro ta sendoro erabaki dezun bezala, modestia ta onestidadeari jarraitzeko janzian? Ala esaten dizu S. Paulok, ala agindu zenduan Kristautu ziñanean, eta ala uste det egingo ere dezula.

 

aurrekoa hurrengoa