www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN
ERAKUSALDIA

 

Bekaturako bideak ez utzitzeagatik
bekatariak eman oi dituen aitzakien gañean.

 

        Bekaturako bide eta perill urkoetan nastusik bizi dan bekataria, arkitzen da etsai galgarriaren katez lotua, eta betiko su eta garren artera amiltzeko zorian. Ala ere gauz arritzekoa! Oetatik asko daude bekatuan llilluratuak, eta ez due heren katea gaiztoen mendetik irten nai: eta hau egiñ ordean, eman oi ditue, bekatuaren bideak ez utzitzeko, aitzakiak. Zu ere, nere anima, engañatu etzaitzan etsaiak, adirazi nai dizkitzut aitzakia oetatik batzuek.

        Lenengo aitzakia: joango naiz, esango du bekatariak, joango naiz arako etxe artara, non neretzat arkitzen dan bekaturako bidea; joango naiz beste perill artara, baña ez det ezergatik ere bekaturik egin nai. Engañatzen zera, Bekataria. Bekaturako bide eta perill urkoan bere naiez sartzen danak nai du bekatua, hitzez ezpada, obraz. Argatik dio Espiritu Santuak: Perilla nai duana, perillean bukatuko da. Gertatzen zaio onelako bekatariari argiaren inguruan jostatzen dabillen tximirrika edo ingumari gertatu oi zaiona. Badabill argi-inguruan tximirrika arin arin: begiratzen dio, eder deritza, eta zenbat eta geiago begiratzen dion anbat geiago llilluratzen da. Alderatzen zaio argiari bein ta berriz, eta erretzen zaio orain egoa, gero zankoa. Ezta ala ere zentzatzen, eta atzenean geratzen da guzia errea eta hilla. Hau bera gertatzen zaio bekaturako bide eta perillera juan nai duanari.

        Bigarren aitzakia: ezin egon naiteke urliarekin edo sandiarekin hitz egin gabe; baña uste det, emango didala Jaunak bekatuan ez erortzeko grazia. Engañatzen zera; zeren Jaunak emango dizu bekatuaren bideetatik aldegiteko grazia; baña aldegin lekuan zere naiez sartzen bazera bekaturako bidean, utziko zaitu zere griña txarren atzaparretan. Atozea, zere naiez sartzen bazera karobi erazeki batean, nai dezu gorde zaitzan jaunak erretzetik? Ez dezu ekusten, hau dala zorakeria andi bat?

        Hirugarren aitzakia: esango diot urliari, utzi dezala bizitza gaiztoa, bukatu dirala gure kontuak, egin dezala Konfesio on bat. Atozea, ta aitzakia orrekin iraun nai dezu bekaturako bidean? Uste dezu, esan horiekin zenzatuko dala urlia? Dagigun kontu; otsoak ardiren bat erabilli duala itotzeko zorian. Andik geroxeago badijoa ardia otsoa dagoan lekura, eta esaten dio: Otso Jauna, etzaitezela izan oraindaño bezein ardikoia, arrezazu bizimodu on bat. Atozea, uste dezu, orrenbesterekin onduko dala otsoa? Ondu ordean egotziko diozka atzaparrak ardi txoroari, eta egingo du artzaz gura duana. Hau bera gertatuko zaio, esan dan aitzakiarekin bekaturako bidea utzi nai ez duanari.

        Laugarren aitzakia: urliaren etxera joaten naiz, baña ez gauza gaiztotara; sandiarekin egoten naiz, baña ez da aspaldian bekaturik gertatu. Izan bedi egia oraiñ esan dan hau guzia; baña baldin egoerak, ibillerak eta moduak ematen badue juizio gaiztoak egiteko, eta esan-mesa pisuetarako bidea, eztakizu kendu bear dezula bide hau? S. Paulok esaten digu, utzi bear ditugula gauza gaiztoak ezezik, gaiztoen antza duenak ere.

        Bostgarren aitzakia: Zer esango due, etxe artatik irteten banaiz, edo ara joaten ezpanaiz? Zer, urliarekin hitzegiten ezpadet? Atozea, badakie edo ez zure bizitza gaiztoaren berri? Ezpadakie, beragatik ez due ezer esateko biderik, zeren milla bide eta modu izan oi diran etxe bat utzitzeko, eta bestera igarotzeko, onekin edo harekin gutxi hitzegiteko. Baña baldin badakie errian batzuek edo askok zure berri, poztuko dira oek, bide zuzenean sartu zerela, ekustean. Eta ez uste izan, ez dakizkiela zure kontuak: galde ezperen iturriai, sukaldeai eta labeaurreai.

        Seigarren aitzakia: Al banu utziko nuke bekaturako bide hau: ark pakea emango balit, ez nioke nik gaitzerako biderik emango; baña zertan nago ni, eta zer izango da nizaz harekikoa galdu ezkero? Atozea, eta eztakizu, anima bat bakarra dezula, eta hori galtzen badezu, guzia galduko dezula betiko? Zure eskuak edo oñak ematen badizu bekaturako bidea, ebaki ezazu, eta bota zeregandik, esaten dizu Jesu-Kristok: Hau da, zure esku-oñak beziñ gauza bearra baliz ere zuri bekaturako bidea ematen dizun hori, ken ezazu zeregandik, aldegizu.

        Zazpigarren aitzakia: berorrek dion bezeiñ gauza bearra bada bekaturako bide eta perillak utzitzea egingo det hori: botako det urlia; edo irtengo naiz etxe artatik; ez naiz geiago ara joango; baña eman bear dit gaur absoluzioa. Ah gezurtia! Zenbat bider orrelako hitzak eman dituzu, eta ala ere lenekoan, bertan geratu zera? Milla juramenturekin aginduko bazendu ere etzatzu sinisterik eman bear, Santo Thomas Villanuevak dionez: eta San Franzisko Xabierrek dio, etzatela absoluziorik eman bear ez gorrotoan bizi diranai, ez besteren gauza biurtu zezakeela, biurtu gabe egon diranai, eta bekatu loien bide eta perillak utzi ez dituenai. Utzi itzatzu bada, Kristaua, bide eta perill horiek benik-bein; presta zaite Konfesio on bat egiteko, eta orduan da absoluzioa artzeko sasoia.

        Zortzigarren aitzakia: utzi nuan bekaturako bidea geroztik ez da gure artean gertatu len bezalako gauz andirik. Eman bear dit arren absoluzioa. Atozea, eta ez dira izan edo erregalotxoak, edo elkarrekin hitz egiteko bidera irteteak, hitz loiak, keñadak eta oen anzeko gauzak? Bai, jauna, diozu: eta ori da bekaturako bideak benaz eta biotzetik utzitzea? Ez, baizik biotzez aetan egotea. Utzi itzatzu egiaz eta biotzetik, eta bitartean etzaude absoluzioa artzeko prestatua.

        Ona, nere anima, nolako aitzakiak eta apukoak billatu oi dituen bekaturako bideetan nastuak bizi diranak. Hau gerta ez dakizun, iges egizu, eta salba ezazu zure anima, Jeremiasek deadar egiten digun bezala.

 

aurrekoa hurrengoa