www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN
ERAKUSALDIA

 

Miñantze zeiñ izugarria dan bekaturako oitura,
eta nola ardura andia artu bear dan
onetan ez erortzeko.

 

        Edozeiñ bekatu larri da gauza txit gaiztoa eta samiña, Jeremiasek adirazten digun bezala; eta zer izango da bekatua bekatuaren gañean egitea, eta arma bekaturako oitura edo erraztasuna? Oitura hau da miñanze edo gaitz bat gutxitan sendatzen dana. Ala ekusten da egun oro biraugilleakin, edaleakin, hitz desonestoak esateko oitura duenakin. Esana dago: Anz azturak obiraño. Espiritu Santuak berak esaten digu: Gaiztakeriara oitutzen bagera, onera jarriko gerala Etiopiakoak bere larru beltza eta katamotzak edo tigreak bere mantxak utzitzen dituanean.

        Bekaturako oitura da miñanze bat animaren begiak illuntzen dituana. Alfer da gizon bat jakintsua izatea; bekatuari ederretsi ezkero, gau illun batean bezala geratuko da animako gauzetan. Ala ekusi zan Salamonekin.

        Bekaturako oitura da gaitz bat, mailuak ingudea bezala, gerotik gerora geiago gogortzen duana bekatariaren biotza. Esan diteke Job Santuak Luziferregatik diona: Gogortuko da onelakoaren biotza arria bezala, eta mallukaria ari zaion txingudearen eran. Eta onela gogortu ezkero bekatariaren biotza zer gerta diteke? Zer, ezpada, ezertan ez artzea Jaunaren hitza eta gaztiguak? Jo zinduan, dio Jeremiasek onelako bekatariaz, zere zigorrarekin, eta ez due egindako gaiztakerien damurik artu; zeatu zinduan, eta ez due ikasi nai izan zuk erakusten zeñiena.

        Bekaturako oitura da gaitz mota bat aiñ izugarria, non bere ondoren ekarri oi duan bekatuaren berrizkatura berrizkaturaren gaiñ, egun oro dakuskun bezala. Eta bekatuaren edozeiñ berrizkatura guziz izugarria bada, zer izango da berria, eta berriz gaitzaren mendera biurtzea? Onelako bekatariak dira, Eskritura Santak dionez, gora bota duana berriz jatera biurtzen dan zakurra bezala.

        Azkenik bekaturako oitura da miñanze bat bekatari gaixoa amilka daramana bekatuen neurria igarotzera. Gure Jaunak beregan erabakia dauka, zenbat bekatu barkatuko diozkan bakoitzari. Neurri hau ez da guzientzat berdiña. Aingeru gaiztoak pensamentuzko bekatu batekin amildu ziran Zerufik Infernura; eta S. Gregoriok dion bost urteko Aurrak juramenturen batzuek eginda igaro zuan neurria, eta betiko galdu zan. Neurria igarotzen duan bekatu hau da, betiko eriotza berekin daraman bekatua; eta hau irintsi ezkero, beti betiko galdua da bekataria. Ez da geiago ongi sendatuko eta geratuko da, Zeruko euri eta inz gozoak ukitzen ez duan, lur elkorra bezala. Bekatu onetan amilderazo oi du bekatari itsua bere oitura gaistoak. Ekusten dezu, nere anima, zeiñ miñanze izugarria dan bekaturako oitura? Begira bada gaitz onetan erori etzaitezen. Iñoiz bekaturen batean irristatzea suertatzen bazatzu, ez erantsi bekatua bekatuari, esaten dizu Espiritu Santuak; lenbaitlen altxa zaite damuz beterik.

 

aurrekoa hurrengoa