www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN
ERAKUSALDIA

 

Onestidadearen kontra etsaiak
asmatzen dituan janzieren gañean.

 

        Ez da etsaia kontentatzen janziera arro ta geiegiak zabaltzearekin munduan; baizik egun oro asmatzen ditu, onestidadeari gerra emateko egokiak diran, asko janziera lotsagarri. Jaunari eskerrak, ez da gure errietara oraindaño zabaldu izurri hau, baña erraz zabaldu liteke jende gaztea kontuan mugonez ipintzen ezpada. Eta ona zergatik oraiñ hitzegin nai dizudan onestidadearen kontrako janziera lotsagarrien gañean. Asi gaitezen bertatik.

        Onestidadea, orain ukitzen degun gaiari dagokan eran hitzegiten degula, da birtute txit eder bat, aienatzen dituana kastidadearen kontrako modu itsusi guziak, dala hitzegitean, begiratzean, ibilleran, dala gorputza apaintzean: Birtute bat, gure hitz eta obrai ematen diena apaindura ta edertasun bat norinai agradatzen zaiona. Birtute onek eskatzen du lenengo lekuan estaltzea bakoitzak bere gorputza, gauza itsusietarako biderik ez emateko, ez bere buruari, ez besteri. Etzan onelako bearrik, Adanek Paradisuko arbolaren fruta debekatua jan zuan artean, zeren zuzentasun edo justizia orijinalaren doaiez apaindua zegoan. Autsi zuan Adanek Jaunaren agintea, eta bereala oartu zan, nola arkitzen zan soñekorik gabe, eta orobat gertatu zitzaion Ebari ere: lotsatu, eta lenbaitlen estali ziran. Geroztik Adanen umeai eskatzen die onestidadeak, estaltzea gorputza ongi, eta egia hau ezagutu izan due jende guziak, ez errietan bizi diranak bakarrik, baita basatiak ere. Ala ere etsaiak asmatu izan ditu modu guziz itsusiak gai onetan. Izan ziran noiz bait Baco Jainko gezurrezkoa adoratu zuenak. Onen onran egiñ oi zituen iñuterian festak; baña zer festak? guziz zikiñ eta lotsagarriak. Izan dira herejeen artean ere Bacoren festen anzeko ibillerak egiten zituenak. Eta zer? ez ote dira kristau Katolikoen artean ere ekusten, onestidadeak debekatzen dituan modu lasaiak? Ez dira ekusten zenbait lekutan mutillak igeri, norknai ekusi ditzakean tokietan? emakumeak gobada edo lixiba jotzen, gorputzak ongi estali gabe, eta bearbada lotsa gutxirekin iñoren aurrean erantzitzen dirala? Ez dira añ lotsagarriak; baña lasaiegiak bai, arako soroetan atorra edo alkandora utsean larrean aritzen diran emakume ta gizatzar aek. Egia da beterriko tokietan onelako oiturarik ez dala.

        Onestidadeak eskatzen du bigarren lekuan, gizona gizonaren, eta emakumea emakumearen janzian ibiltzea. Ala agintzen zuan Jaunak Lege zarrean. Gerta diteke premia esturen batean, edo etsaietatik igesegiteagatik, gizonak emakumearen, eta emakumeak gizonaren soñekoak ipintzea, eta hau ez da bekatu, Santo Tomasek erakusten digun bezala. Ala egiñ izan due zenbait donzella birtutetsuk bekaturako perilletik igesegiteko: oen artean Teodora Antiokiarrak, eta beste Korintoko batek. Baña gaizki dirudian gauza da premiarik gabe hau egitea, ta aintzakotzak iduki da fedegabeen artean ere. Ala ere sarritan ekusten omen dira gaurko egunean bideetan emakumeak gizonen eran janziak: eta edozeñek dakus, zeiñ ondoren txarrak ekarri litzakean ergelkeria onek, gure errietan zabalduko baliz.

        Onestidadeak eskatzen du hirugarren lekuan, emakumezkoak erabiltzea beak era onean estaliak. Hau da gauza bat edozeñek ezagutzen duana; baña ala ere noizean bein etsaiak agertzen ditu janziera batzuek txit egokiak emakume ergelak, ibilli ditezen beetako apaindurak eta aztala erakutsiaz. Zenbait lekutan asi omen dira emakumeak galtza luzeak gonapean erabiltzen. Ez da hau gauza guziz arrigarria; baña bai tela ederrezko abarkak ipintzea, aztala agertzea, trabakin bezala zankoak lotutzea, Elizan ere ezin belauniko jarri dirala. Hau guzia ta geiago ekusi omen da denbora oetan zenbait erritan.

        Onestidadeak eskatzen du laugarren lekuan, kolkoa ta bularrak ongi estaliak erabiltzea. Hau da euskaldunen artean beti ongi gorde dan oitura ederra. Ala ere ekusiaz, zenbait emakume arrotzek sorbaldaren erdia, ta besoak agirian darabiltzela, ta kolko gisa erakusten duela salgai, itsasten da zenbait lasaikeria, eta askok aditzera ematen due, era baliz gisa onetan ibiltzeko, ez lirakeala azkenekoetatik izango. Esangidazu ezperen, ez dira gure errietan ere batzuek, goiak ongi estali gabe dabiltzanak? besteak zatarrezko bulto andiak ipintzen dituenak? besteak gorontza estu eta laburrakin bularrak alegiñean larritzen; anditzen, eta estaliak, baña zinzilika erakusten dituenak? Zer aditzera ematen due onelakoak? Zer, era izatera, geiago ere egingo lukeela baizik? Zuk, nere euskalduna, etsaiak engañatu etzaitzan alde onetatik, gogoan arrezazu orain esatera noana. Lenbizia: kolkoa ta bularrak estali gabe ta inguruetan apaingarriakin erabiltzea, da gaitzerako gura erraz esnatu dezakean gauza bat, eta beragatik gizon jakintsu askoren iritzian bekatu larria. Bigarrena: onelako lasaikeria itsusiaren oitura edo usanza, ez dan errietan hau sartzea, guzien iritzian da bekatu larria edo mortala. Hirugarrena: oitura, nazkagarri hau debekatu zuan Inozenzio izen onetako Aita Santu amaikagarrenak, eta exkomiku nagusiaren azpian agindu zuan, emakumeak kolkoa ta bularrak leporaño estali zitzeela estalki tapitu batekin. Españako legeak ez daude biguñagoak gai onetan; bada emakume gaisto bekatuaren sariarekin bizi diranai bakarrik uzten dieza bularra agirian duela ibilizeko janziera, bear bada nor diran ezagutuak izan ditezen. Gañera onelako janziera edo ebakitzen edo josten, edo jostea agintzen duanaren kontra ipintzen due berrogei milla marabidiren eta urte biko erbestearen pena: hau lenengo aldian; eta urrengoan lau urteko gaztelua.

        Onestidadeak eskatzen du bostgarren lekuan emakumeak Elizara joatea, ez gorputz utsean indi-olloak bezala, baizik era onean estaliak, batez ere usanza on hau dan lekuetan, Españan dan bezala. S. Paulok nai du, emakumeak Elizan egotea estaliak, eta hau, gaitzerako biderik eman ez dedin, Klemente Alexandriakoak dionez; eta ala egiten due euskaldunak. Orregatik izango lizake exenplo txit itsusia, gure errietako emakumeak joango balira meza nagusi, bezpera ta dotrinak edo sermoiak enzutera ederki apainduak, eta gorputz utsean. Onela joan bide zan norbait erri batean orain denbora gutxi danean; baña mezemalleak kenerazo zuan Elizatik. Ez dezazula esan, zenbait lekutan emakumeak gorputz utsean egoten dirala Elizan; zeren ez dira emengo usanza onak trukatu bear beste Erreñuetako usanza txarragatik. Emen, eta lekurik geienetan ez da gaizki dirudian gauza, emakumeak aurpegia agirian erabiltzea; baña Arabian izango litzake eskandalo andia; an alabaña estaltzen ditue burua ta aurpegia kapurutxarekin: onek begien parean du zurdazko sare bat, ta emendik ekusten du emakumeak nondik ibilli ditekean, eta norekin hitzegitea duan. Emen eta Europa guzian emakumeak irteten dira etxetik, eta badabiltza, batzuetan beintzat, dagozten egitekoetan, eta etzaio iñori gogoratzen, usanza gaistoa dala hau; baña Txinan izango lizake gauz itsusia zeren an emakumeen usanza dan beti etxean egotea, eta hau galdu ez dedin, jaiotzen diranetik alako eran lotzen eta estutzen diezteza oñak, non geratzen diran oñik ezpalue bezala, edo beintzat ezin erraz oñez ibilli ditezkean eran. Emendik atera ezazu, gure Elizetan emakumeak apaindurik gorputz utsean egotea izango litzakeala gauza txit itsusia, beste zenbait erreñutan ala egoten badira ere. Baña zer asmatu du etsai madarikatuak emengo oitura ederra galerazteko? asi da modaren izenarekin zabaltzen manteliña farragarri batzuek, egokiak gorpuz guzia agirian erabiltzeko; batzuek alabaña doi doia iristen dira lepoa estalzeraño, besteak dira añ lasai, eta sareak non gorputz guzia ekusten dan manteliñarik ezpaliz bezala. Onelakoak atera bear lirake Elizetatik.

        Onestidadeak eskatzen du atzenean, janziera ez ipintzea, urliagan edo sandiagan gaitzerako gura erazekitzeko asmo lizunarekin. Ez det uste, Kristau aziera onekoetatik asko izango dirala asmo añ lotsagarriarekin apaintzen diranak, baña ez dira noski gutxi, zenbait bekatu egiteaz eta eragiteaz kezkarik ez duenak: eta onelakoak nekez izango due asmo garbia heren janzieretan. Eta nolakoanai izan dedilla oen asmoa, baldin janziera bada bekaturako bide andia ematen duana, ez da geiagoren bearrik apaindura onelakua bekatu izateko.

        Ona, nere Kristaua, zer janzierak asmatu dituan etsaiak Onestidadearen kontra. Eta hau ezaguturik, ez dituzu utziko zorakeria oek betibetiko? Etzaitezela engañatu munduaren iduripen eta losentxakin, baizik jarrai giozu Onestidadearen Birtute ederrari.

 

aurrekoa hurrengoa