www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN
ERAKUSALDIA

 

Bekatuan erori nai ez duanak
aldegin bear du bekaturako bide,
eta perill, batez ere urkoetatik.

 

        Perilla maite duana, perillean bukatuko da, dio Espiritu Santuak. Ala gertatu da denbora guzietan. Perillean jarri zan Salomon, eta erori zan, eta hau bera gertatu zitzaion Dabidi ere. Beraz erori nai ezpadezu bekatuan, aldegin bear dezu bekaturako bide eta perilletatik, batez ere urkoetatik.

        Ez da Zeruan, eta ez da lurrean, guretzat bekaturako bide eta perilla ekarri ez lezakean gauzarik, ainbesteraño gaude gaitzerontz makurtuak. Ala ere ez dira berdiñak, bekaturako bide eta perill guziak. Bekaturako bide eta perill bata da urrutikoa. Deitzen zaio onela, zeren beregandik urruti daukan bekatua, eta gutxitan amilderazo oi duan artan. Bazoaz Elizara, eta ekusten dezu gizon edo emakume bat ongi janzia; ekuste hau uts utsik bekaturako bide eta perill urrutikoa da, eta etzaude onelako perill urrutikoetatik iges egitera beartua, bestela iges egiñ bearrak giñake Mundu onetatik.

        Bekaturako beste bide eta perilla da urkoa. Deitzen zaio urkoa, zeren bide eta perill onetan jartzen dana edo dagoana, sarritan erortzen dan bekatuan, edo beintzat erortzeko perill andia dan, saiets guzietara ongi begiraturik. Kontu dagigun, an edo emen biltzen dirala jaietan mutillak eta neskatxak: aritzen dira denbora puska batean karta-jokoan, eta ondoren, edo, bitartean gertatu oi dira hitzketa desonestoak, hipuhi zikiñak eta keñada lotsagarriak. Batzarre onetara joatea da bekaturako bide eta perill urkoa. Hau bera gerta diteke festara edo danzara joatearekin edo urliarekin eta sandiarekin hizketan egonaz.

        Bekaturako bide eta perill urkoa batzuetan da borondatearen kontrakoa, eta naitaere eziñ batek utzi dezakeana kalte andi gabe. Arkitzen da bat karzelan, gizon eta emakume limuri-errebesen artean, eta bekaturako bidea sarritan ematen dioela; badijoa bestea itsasoan, eta hau bera gertatzen zaio onziko lagunakin. Bekaturako bide eta perill oek urkoak dira, baña borondatearen kontrakoak, zeren naita ere eziñ utzi ditezkean. Beste batzuetan bekaturaro bide eta perill urkoa da borondatezkoa, zeren kalte andi gabe utzi ditekeana dan, eta onela dira geienak.

        Gerta diteke, gauzaren bat berez gaiztoa ez izatea, eta gaiztoa izan lekuan edo ordean ona izatea, eta ala ere askorentat bekaturako bide eta perill urkoa ekartzea. Ala eguzkiaren eta izarren edertasuna anziñako denboran izan zan jende askorentzat idolarriarako bidea. Era berean ezkonza, Soldadu sartzea, errietako karguak artzea, ez da batzuenzat bekaturako bidea, baña bai askorenzat. Argatik zuretzat bekaturako bidea ta perill urkoa diran batzarre, lagun gaizto, hizketa eta naspilletatik aldegin bear dezu, besteak badijoazela aitzakiatzat eman gabe. Bear bada aentzat ez da ainbeste perill, nola zuretzat, edo ezagutzen ez due; eta nolanai dijoazela besteak, zu beartua zaude bekaturako bide eta perill urkoak utzitzera, utzi al baditezke. Ain gauza bearra da hau, non onelako perilletan jartze utsa ere bekatu dan, gero perillari dagokan bekatua egitea zerbaitek eragotziko balu ere. Dagigun kontu, urliarenzat jai-arratsetan ostatura joatea dala moskortzeko bide eta perill urkoa; badijoa ala ere, baña biurtzen da etxera ardorik ukitu gabe, zeren aitu dan. Ez da aldi onetan orditzen, baña ordi baliz bezalako bekatua egiten du, zeren bere naiez artarako bide urkoan jartzen dan.

        Bekaturako bide eta perill urkoa izateko ez da sarritan bekatuan erori bearrik, baldin era danean erortzen bada bat. Urtean beiñ da iñuteria, urtean beiñ dira erri bakoitzeko festak, eta arako hermita haren inguruan egiñ oi diran gazte ta zarren batzarreak; ala ere askorentzat dira denbora horiek bekaturako bide eta perill urkoak. Gañera gerta diteke bekaturako bide eta perill bat urkoa izatea bekatuan erori baño ere lenago, baldin saiets guzietara begiraturik erortzeko perill andia bada. Jose anziñako Jakoben Semea etzan bere etxekoandrearekin bekatuan erori; baña zegoan etxean, egon zan baño geiago egotea izango zan bekaturako bide eta perill urkoa, zeren orpoz orpo zerraikion emakume gaizto hura. Argatik, kapa onen atzaparretan utzirik, iges egin zuan etxetik.

        Aditzen dezu, nere anima, zer, eta nolakoak diran bekaturako bide eta perill urkoak. Eta nai dezu benaz eta biotzetik bekatuan ez erortzea? Aldegizu bada onetarako bide eta perilletatik. Lazoetatik aldegiten duana seguru arkitzen da, dio Espiritu Santuak. Begira, bazter guzietan zabalduak dauzka etsaiak bekaturako sare eta lazoak.

 

aurrekoa hurrengoa