www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMERETZIGARREN
ERAKUSALDIA

 

Apaindura geiegi ta lotsagarriak
janzitzeko asmatzen diran aitzakiak.
Desegiten dira oek, eta agertzen da,
nola bekaturik gabe,
eta munduak erakusten dizun
baño ederkiago apaindu zaitezkean.

 

        Azkeneko bi Erakusaldietan hitzegin dizut janziera geiegi; ta lotsagarrien gañean. Aditu bear dituzu orain, janziera oek ez uzteko asmatzen diran aitzakiak. Ukituko ditut aurrena aitzakia oetatik politenak, eta agertuko det, itxura eta iduripen utsa baizik ez dirala. Erakutsiko dizut gero, nola bekaturik gabe eta munduak erakusten dizun baño ederkiago apaindu zaitezkean. Enzun kontuz.

        Egin due ta egiten due asko alegiña Aita Santuak, Obispo Jaunak ta gañeraro animen Arzaiak aienatzeko Kristauen errietatik apaindura geiegi ta lotsagarriak. Ala ere oek beren oñean daude, edo obeto esateko ugarituaz dijoaz egunetik egunera, Zertan ote dago hau? Etsaiak, gazteak engañatzeko, erakusten dituan aitzakietan. Aitzaki oek aditu bear dituzu modazaleen autik, eta adituaz goazen eran desegingo ditut. Onetarako goazen modazaleak alik ongiena apaindurik arkitzen diran etxe edo tokiren batera. Ozta ekusiko gaitue, asiko dira beren janzieren alde hitzegiten, zeren, aurreko Erakusaldiak aditurik, minduak dauden. Batak esango du: Jauna, eztakit zer gogoak eman dion, gure janzieren kontra añ samiñ, aiñ gogor eta garratz hitzegin duanean. Gu apaintzen gera usatzen dan eran: eta nai du berorrek, guk geren buruak ez apaintzea besteak bezala? Urlia, zaude asaldatu gabe eta soseguz. Hitzegin det nik zerbait janzieren gañean, baña ez samiñ eta garratz, baizik Jesu-Kristoren Lege garbian bizi dan edozeñek ontzat eman bear duan eran. Hitzegin det janziera arro eta geiegien kontra, zeren zuk ongi ezagutu dezakezun bezala, oetatik dator ainbeste etxe galduak egotea, ainbeste gazte dagoten aziera ta estadua artu gabe geratzea, eta zorrak Zerutaraño deadar egitea. Hitzegin det gañera, onestidadeari gerra egiteko etsaiak asmatzen dituan janzieren kontra, baña ez, gai onek eskatzen duan bezeiñ garratz. Onelako janzieren ondoren bazabiltza, ez dezu zere burua garbituko, ala usatzen da esanarekin. Atozea, ez da usatzen munduan lagun urkoari txarkeri ta bidegabeak egitea? Ez da usatzen munduan lagun urkoari bekaturako bixka ipintzea? Eta azkenean ez da usatzen munduan betiko su ta garren artera joatea? Beraz aitzakia txit argala, eta Kristauaren auan gaizki dirudiana, da esatea, gu apaintzen gera usatzen dan eran. Hau esan dezakezu bidez, eta ongi modestia ta onestidadearekin janzitzen diranai jarraitzen badiezu, baña ez bestela.

        Bigarren aitzakia: Jauna, dio beste batek: ni ezkondua naiz, eta apaintzen naiz senarrari atsegin egiteagatik. Senarrari atsegin egiteagatik? Ongi egiten dezu, modestia ta onestidadearen mugetatik irten gabe apaintzen bazera. Ala dio Santo Tomasek. Senarrari agradatzeagatik apaintzen zera? Eta zure senarra añ ona ote da, non agradatzen zaion zu batetik bestera ibiltzea neskatx ergel baten eran, eta añ ere bat egiña? Senarrari agradatzeagatik apaintzen zera? Eta nolakoa ibilli oi zera etxean? Bearbada guziz txaldana eta enasa, alako eran, non ezin gizonak gustoz begira degikezun. Bazoaz gero kanpora, ta orduan agertzen zera arrotasun andiarekin eta modestiaren kutsurik gabe apaindua? Zer uste dezu, esango duela ezesten zaituenak? Gutxienez S. Franzisko Salesek diona, hau da: Noren begiai atsegin eman nai ote die urlia onek onenbeste apaindurarekin?

        Hirugarren aitzakia: Jauna, dio beste urliak: apaintzen naiz ni alik ederkiena, baña ez lagun urkoari bekaturako bidea eman naiez. Izan bedi ordu onean egia zuk diozuna; baña ez da hori asko zuk bekaturik ez egiteko. Atozea, baldin zure janziera geiegia bada, eta emendik badator, ezin irozo ditzakezun zorrak egitea, lenekoai ez eranzutea, etxeko pakea galtzea, eta askori exenplo gaistoa ematea, nork eztakus zure apaindurak izango dirala bekatu Jaunaren begietan, asmo gaistorik ez dezula zuk esan arren? Gañera, baldin zure janziera bada bekaturako bide andia askorentzat. Zer esan nai du zuk onelako asmorik ez izateak? Zuk zugan danez gaitzerako lazoa prestatzen dezu, eta ez da hau Jesu-Kristoren Lege garbiak debekatzen dizun janziera? Kristaua, ez dezazula arren orrelako zorakeriakin zere anima betiko galdu. Enzun ezazu Atenasko erri andian gertatu zan gauza bat: Phrine Atenasko dama akusatu zuen Areopago zeritzan tribunalaren aurrean, gaistakeria itsusiren bat gertatu zitzaiolako. Tribunal hau zan anziñako denboretan izan ziran guzien artean zuzenena, eta gutxienean bazituan ogei ta amaika Juez. Sentenzia eman bear zan egunean joan zan dama Tribunalaren aurrera: hitzegin zan onen gaistakeriaren kontra; eta bere alde zuan Letradutzat gizon jakintsu bat. Egin zuan onek asko alegiña ateratzeko Phrine eriotzaren pena gabe; baña Juezak etziran erraz biguntzen edo beratzen ziranak, eta, eriotzaren pena damari bota nai zioela, zirudian. Orduan joan zan Letradua Frine zegoan tokira, kenerazo zion estalkia, eta ipiñi zuan orain zenbait lekutan damak dabiltzan eran, edo bular guzia agiri zuala. Ekusi zuen Juezak, eta gauz arritzekoa! Len aiñ zuzena zan tribunal hura, biguindu zan, eta Juez aek etzuen biotzik izan eman bear zuen Sentenzia emateko. Begira orain, Kristaua, zer kalteak etorri ditezkean janziera lotsagarrietatik, nolakoanai izan dedilla ipintzen dituanaren asmoa. Zergaitik bait onelako apainduari deitzen die San Jeronimok: gura gaizto eta loien berogarriak: eta San Anbrosiok emakume apainduari deitzen dio: Demonio guzien etxea. Eta Espiritu Santuak berak zer esaten digu? Ken, dio: ken zure begiak emakume apainduagandik.

        Laugarren aitzakia: Jauna, ez det nik, erlijioko ordenetan bezala, paret artean bizitzeko gogorik, edo hitz batean guzia esateko, ez det Monja izateko ametsik egin: nik nai nuke... Asko da, aditzen det orrenbesterekin zeren billa zabiltzan. Atozea, ta uste dezu, janziera arro ta geiegiak, ta janziera onestidadeari gerra egiten dioenak, laguntzen duela zuk billatzen dezuna arkitzeko? Engañatzen zera, eta eztakizu zurekin hitzegin oi duen ezkutarien gogoko berri. Nik esango dizut oek gogoan darabiltena, baña ixilik, eta iñork aditzen ez gaituala: ezkutari oetako bat jartzen da hitzegiten, janziera geiegietan gogoa ipiñi duan batekin, eta dio beregan Urlia hau, dio, itxura onekoa ta egokia da denbora piska batean umore onean egoteko; baña betiko? Nik dedana gutxi da onen janzia eta modak irozotzeko. Ezkutari bera jartzen da beste batekin hizketan; ekusten du burua mozturik, goi guziak agirian dauzkala: zer uste dezu, diola beregan? Sandia onek, eztakit, zer burua daukan: Emakumearen apaindura da ille ederra, eta hau burua mozturik jarri da, zeren ille gabeko atsoren batzuek moda hau agertu duen. Aita Santuak, Obispo jaunak, eta gañerako animen arzaiak deadar egiten due kolkoa agerturik dabiltzan emakumeen kontra. Españako Legeak uzten dieza gisa onetan ibiltzen; baña nori? Emakume gaisto, bekatuaren sariarekin bizi diranai bakarrik: ta onek ez dio ezeri begiratzen, modari baizik. Ezin bere aurpegira esango zaio, baña mingaiñ gaistoak darauste ezti pixka batekin igortzi bear lizakeala. Ta hau nik artu betiko? Ez, ez. Orra zer kontuak ateratzen dituen zurekin askotan hitzegin duen ezkutariak. Orra nola, bear bada modestia ta onestidadearekin iritsiko lirakean erak galtzen diran janziera geiegi ta lotsagarriakin. Ala gertatu zate askori, eta ez dira zentzatu heren buruak zimurturik ekusi dituen rtean.

        Bostgarren aitzakia: Jauna, dio berendiak: gu apaintzen gera ongi idurin naiez; eta ala ere ez due guziak billatzen duena arkitzen. Ongi irudin nai izatea ez da bekatu gazte ezkongaietan, ez eta onetarako beren buruak modestia ta onestidadearekin apaintzea ere. Ala dio S. Franzisko Salesek. Baña, ongi irudin uste dezu, agertzen diran janziera nazkagarriai jarraitzen diezula? Ongi irudin uste dezu ez dagokizun eran apaintzen zerala? Engañatzen zera, eta jakizu askoren farragarri izan oi zerala zure janzierak gatik. Nik esango dizut, nola bekaturik gabe, eta munduak erakusten dizun baño ederkiago apaindu zaitezkean.

        Jesu-Kristoren Luege ederrak ez dizu debekatzen apaintzea zere burua Jaunaren beldur Santuazekin, modestia ta onestidadearekin. Jaunaren beldur Santuak aienatzen du bekatua; modestiak kentzen ditu janzieren arrotasunak; eta onestidadeak ematen dio janziari grazia edo edertasun andia. Onela zuk zere burua apaintzean, jantzi zaite zure estadu ta mallari dagokan eran. Ala esaten dizu Santo Tomasekin San Franzisko Salesek. Ez asi besteak agertzen dituen janziera guziak egin naiez; zeren bestela erraz igaroko zera geiegira, eta mallaz kanpora. Etzabiltzala beste errietan darabiltzkien kostu andiko soñekoak zu bizi zeran tokira erakartzen, ta ez esan, badezula zerekin, asko izango dira alabaña zure errian, janziera orrelakoetarako era gutxirekin arkitzen diranak, eta zure janziera modakoak nolerebait beartuko lituke beste orrenbeste egitera. Izan zaite janzian garbia, txukuna; ez arroa, San Franzisko Salesek esaten dizun bezala. Ezta ongi gizona emakumearen, eta emakumea gizonen eran apaintzea, ta are gutxiago gizonaren janzian ibiltzea; debekatu zuan hau Jaunak Lege zarrean, eta an esaten da nazkagarria dala Jaunaren aurrean onela janzitzen dana. Zoaz Elizara Jaunaren etxeari dagokan garbitasun eta modestiaregin. Gizon batzuek dira aiñ zakarrak, baldanak, enasak, non Meza enzutera joan oi diran belaunetan galtzak estu gabe, ta txuparen edo almillaren besoak zinzilika dituela. Emakumeak ez due joan bear Elizara gorputz utsean, bidez dijoazenean, eta ezin bestean baizik. Etzaitezela oitu mantelinaren lekuan tela sareak ipintzera, batez ere Elizara, Konfesatzera edo Komunio Santura zoazenean. Aita Santu Inozenzio, eta Klemente amaikagarrenak agindu zuen, ez dakiela Konfesatzeko ta Komulgatzeko lekurik eman modestia gabe, bular eta sorbaldak estali gabe dijoazenai. Agintzen eredue, izan bear duala estalkiak, ez lasai edo sarea; baizik tapitua.

        Orra, nere Kristaua, nola apaindu zaitezkean bekaturik gabe, eta munduak erakusten dizun baño ederkiago. Zerez ederra bazera are ederrago emango dezu; eta ezpazera, modestia ta onestidadeak edertuko zaitue; oek dira janzierarik ederrena, eta denbora berean gaitzerako biderik ematen ez duana; janziera hau da bide zuzena emengo erak ez galzeko eta iristeko betiko bizitza doatsua. Hau opa det zurekin neretzat. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa