www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN
ERAKUSALDIA

 

Bekatutik aldegiteko gauza bearra da
tentazioak garaitzea: eta zer onetarako
egin bear dan tentazioaren aurretik,
tentazioaren denboran, eta ondoren.

 

        Lurraren gañean zizi zeran artean, tentazioen bagak egingo dizue, nere anima. Hau da gure lenbiziko gurasoen bekatuak berekin dakarren ondoren negargarria. Argatik zion Job Santuak: Gerra da gizonaren lurreko bizitza guzia. Zoaz noranai; zoaz, naiz lagun artera, naiz bakardadera, eta toki guzietan arkituko zera tentazioen gerrarekin, dala etsai galgarriaren, dala munduaren aldetik; baña gerrarik andiena izango da zure gura eta griña txarrak emango dizuena. Eskritura Santan irakurzen da zenbait aldiz, Jainkoak tentatu duala nor bait; baña aditzen da, progatu duala nekeren batekin onerako. Ala egin zuan Tobiasekin, Abrahanekin, Job Santuarekin. Etsai galgarria bakarrik da munduarekin eta aragiarekin gaitzerako tentatzallea. Argatik Jauna serbitzeko asmoa artzen duanak presta beza bere anima tentazioa datorreneko, eta pelea bedi garaitzeko. Eztago beste biderik bekatutik aldegiteko. Enzun ezazu orain, zer egin bear dezun tentazioaren aurretik, tentazioaren denboran, eta ondoren.

 

Tentazioaren aurretik
egin bear dana

        Lenbizia: Etzaitezela zere naiez sartu tentazioan, S. Gregoriok esaten digun bezala; bestela erraz igaroko zera bekatuaren perillera, eta emendik bekatura, egun oro gertatzen dan bezala. Sarean sartzen bada bat, erraz geratuko da trabaturik, Eskritura Santan adirazten zakunez. Ez dizut esan nai, utzi ditzatzula zure egin-bideak, pensamentu gaisto edo beste tentazioren bat etorri dedin beldurrez; baizik etzabiltzala tentazioen billa bezala.

        Bigarrena: Kontuz begiratu bear dezu, zein dan zure animak duan saietsik argalena, edo zeiñ aldetik geiena utsegiñ oi dezun, zeren andik gerrarik andiena etsaiak emango dizun. Alde argal hau gordetzeko etsaiaren ekiñ-aldietatik, ipiñi bear diozkatzu sendogarri onak, dala Jaunari eta Birjiña txit Santari laguntza eskatuaz, dala Sakramentuak artuaz, eta asmo sendoak egiñaz tentazioari lekurik ez emateko. Gerrako denboran gaztelu bat gorde nai duanak, alde argalenari kontu egiñ oi dio arreta andienarekin.

        Hirugarrena: Etsaia garaitu nai badezu, ez fiatu zeregan, baizik zure uste guzia ipintzu Jaunaren laguntzan: eta uste onekin zaude alai eta biotz andiarekin etsaiaren tentazioak garaitzeko. Era onetan prestatua dagoanagandik laster aldegiten du etsaiak. Zeiñ argala dan gure etsaia! dio S. Bernardok; bada ez du iñor garaitzen, garaitua izan nai duana baizik. S. Paulok biotz prestu batekin esaten zuan: Jaungoikoa gurealde bada, nor da gure kontra? Jauna, esaten zion Job Santuak: jarri zaite nere alde, eta betor nornai nere kontra.

 

Tentazioaren denboran
egin bear dana

        Aditu dezu, nere anima, zer egin bear dezun tentazioaren aurretik. Ezta asko hau, etsaia garaitzeko. Badira gerrarik ez dan denboran gerrari trebeen eran hitzegiten duenak, baña datorrenean gerra eta peleatu bearra, biotzgabe, eta zer egiñ eztakiela geratzen diranak. Hau bera gerta eztakizun zuri ere, sinistu ezazu, etsaia eta onek prestatzen dituan tentazioak garaitzeko, peleatu bear dala; orregatik ikasi bear dezu ongi peleatzeko modua. Adi ezazu orain modu hau, beste oberen bat ezpadakizu:

        Lenbizia: Tentazioa datorrenean, etzaitezela asi musinka, edo buruarekin ibillera farragarriak egiñaz, zeren bestela, are geiago etsaiak estutuko zaituan.

        Bigarrena: Ez dezu pelean sartu bear beldur geiegirekin, zeren onelako beldurrak berak ugaritzen dituan tentazioak. Ipintzu zure ustea Jaunagan; eta Jaunarekin batean peleatzeko, noren beldur izan bear dezu?

        Hirugarrena: Igerritzen dezunean tentazioren bat datorkizula, dala garbitasunaren, dala lagun urkoaren kontra, zoaz lenbaitlen begira dagokizun Jaunagana, eta tentazioa oles egiten asitzen bada ere biotzaren ateetan, ez eranzun; onela aldegingo du etsaiak, lotsaturik bezala, zeren aterik idiki ez diozun. Hau da tentazioa garaitzeko biderik onena eta errazena. Ezpazaio lapurrari utzitzen etxean sartzen, kalte gutxi egin dezake etxeko gauzetan.

        Laugarrena: Askotan edo geienetan gertatzen dana da anima oartu baño len tentazioa ixilik pensamenturaño igotzea, eta gaitzerako mandatuak egiten asitzea. Oraindik ere erraz garaitu diteke, baldin bereala anima altxatzen bada Jaunaganonz, eta tentazioari eranzun gabe ekiten badie gogorazio onai. Mandatari batek laster aldegingo du etxe batetik, etxekoandreak edo nagusiak ezertan artzen ezpadio mandatua, eta erantzun ere gabe ekiten badie beste lanai.

        Bostgarrena: Baña zabartzen da askotan anima, ongi oartu gabez; nola pensamentu edo gogorazio txarra datorkion. Asitzen da begiratzen, nolakoa, txuria edo beltxa, polita edo itsutsia dan, eta emendik dator esnatzea etxapeko jende gaizki ezia edo gaitzerako gura eta griña txarrak. Eta anima orduan arkitzen da perill andian, kontuan erortzen danean armak artu, eta gogotik saiatzen ezpada etsaiaren kontra peleatzeko. Orduan lenengo arma da esatea: Bizi bedi Jesus, hil bedi bekatua. S. Migelek, Luziferren kontra peleatu zanean, otsegin zuan: Nor Jainkoa bezalakorik? Bigarren arma, deitzea biotz osoz Jaunari eta Birjiña txit Santari: Jauna, gorde nazazu, galdua naiz bestela. Ala deitu zion S. Pedrok Jesu-Kristori, itsasoan itotzeko perillean ekusirik bere burua. Birjiña guziz Santa, zure sortze garbiaren izenean gorde nazazu bekatutik.

        Seigarrena: Beñ baño geiagotan gertatzen da, tentazioak ez aldegitea, deitu arren, esan dan bezala, Jaunari eta Birjiña txit Santari; eta aldegin lekuan erasotzea animari, erazekitzen diola etxe guziari. Zer egingo du animak estutasun onetan, etsaiaren mendean, edo bekatuan ez erortzeko? Egin bear duana da, erri batean etsaia sartu ondoan, an zeuden gerrariak egin oi duena. Utzirik erria, igarotzen dira gaztelura: ekiten die etsaiak bonbakin, baña ezkutatzen dira, onetarako berariaz egiñak dauden lurpeko etxeetan. Hau bera egin bear dezu zuk ere tentazioaten suak etxeari erazekitzen dionean: joan bear dezu pensamentuz edo gogoz eta biotzez leku egoki batera, eta egon zaite an ezkutatutik, tentazioak dirauen denbora guzian. Batzuek pensamentuz jatxitzen zira infernura, eta ekusten ditue ango suak eta garrak, ango neke ta oñaze izugarriak; besteak gogora ekartzen ditue Jesusen neke oñazeak, eta era badue, belauniko jartzen dira Jesusen oñetan: an daude berari deiez, eta ez dira altxatzen tentazioa itzali dedin artean. Batzuek gogoz edo pensamentuz joaten dira Jesusen saietsera, eta sarturik barrena, egon oi dira an, Jesusi bere lagunza eskatzen; beste batzuek, laster egiten due, leku guziak betetzen dituan, eta beti begira dagokigun Jaunagana: deitzen dioe umilki, datorkiela laster laguntzera, gorde ditzala etsaiagandik. Ona nere anima, nola peleatu zaitezkean tentazioak garaitzeko; baña onetarako ikasi bear da peleatzeko modua.

 

Tentazioaren ondoren
egin bear dana

        Lenbizian: Tentazioaren ondoren etzaitezela jarri berriro hari begiratzen, jakin naiez zer izan dan, eta nola peleatu zeran, batez ere garbitasunaren kontrako gauzetan. Lekurik biotzean eman ezpadiozu kontuan erori ezkero, ez gero begiratu ere. Beiñ baño geiagotan gertatzen da tentazioko denboran ongi irten zana, ondoren garaitua geratzea, zeren jarri zan tentazioari begira, Lot-en emaztea Sodomari begira jarri zan bezala. Atera zuan hau Jaunak Sodomako su eta garren artetik, eta agindu zion Aingeruak, etzezala Sodomaronz begiratu. Laster aztu zan Lot-en emaztea Aingeruaren esanaz, jarri zan Sodomari begira, eta geratu zan gatzarri biurtua eta hilla. Hau bera, edo onen anzeko gauza bat gertatzen zate bada zenbaiti animaren aldetik, zeren tentaziotik ongi irten ondoan jartzen diran igaro dana ekusten eta miratzen.

        Bigarrena: Jaunari eskerrak ematea, zeren tentazioan erortzetik gorde zaituan. Indartsuen armak desegin dira, Jauna, esan dezakezu Eskritura Santarekin, eta argalak indartsu egin dituzu. Zuri eskerrak, Jauna.

        Hirugarrena: Begira, zeiñ birtuteren kontra izan dan tentazioa, eta birtute hari dagozkan pensamentu eta obra onak egitzu: egin dezagun kontu, soberbiaren aldetik egin badizu etsaiak, ezagutu ezazu zeiñ gauza txarra eta ezereza zeran, eta egitzu gauzarik umillenak gogoz. Hau bera egin dezakezu beste birtuteetan.

        Laugarrena: Begira, zure tentazio horiek zure aldetik ote duen kendu dezakezun sustrairen bat: eta hau ken ezazu, bestela zurekin izango dira tentazioak tentazioen gaiñ.

        Bostgarrena: etsaiak zenbait unetan pakea eman arren, ez fiatu; zai dago, eta zelatan dabill, noiz zu zabarturik arkituko zaituan, erasotzeko bere indar guziarekin. Argatik ernai egon bear dezu beraren kontra peleatzeko. Oitu zaite sarritan, begira dagokizun Jaunagana biotza jasotzera; oitu zaite Birjiña txit Santari eta Aingeru guardakoari deitzera, eta Sakramentuak maiz artzera. Onela tentazioetatik beretatik aterako dituzu frutu andiak.

 

aurrekoa hurrengoa