www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BAT GARREN
ERAKUSALDIA

 

Betiko bizitza doatsua iristeko ez da asko
bekatutik aldegitea; gauza bearra da gañera
bakoitzak bere estadu eta bizimoduan obra onak,
edo Zerurako irabaziak egitea.

 

        Betiko bizitza doatsua iristeko lenengo lekuan bear dan gauza da: bekatutik aldegitea. Aldegizu gaitzetik, esaten digu Dabidek, eta onen gañean izan dira aurreko Erakusaldiak. Baña ez da asko gaitzik ez egitea, ezpaditu obra onak egiten bakoitzak bere bizimodu eta estaduan. Argatik ez da kontentatzen Dabid esatearekin: Aldegizu bekatutik edo gaitzetik, baizik ondoren dio, Egizu ongia edo obra onak. Hau aditzera eman zigun Jesu-Kristok, piko alferra madarikatu, eta igarturik utzi zuanean. Hau bera adirazi zigun Eliz Ama Santak, argi erazekia eskuetan ipiñi zigunean bataioko egunean. Beraz zu, Kristaua, ni eta guziok beartuak gaude obra onak egitera, bakoitza bere estadu eta bizimoduan, baldin betiko bizitza iritsi nai badegu.

        Zer aditzea ote da obra onen izenez? Ez gauz andi ta miragarriak egitea, hillak piztutzea, eriak sendatzea, mendiak batetik bestera aldatzea, baizik edozein obra on, dala andia, dala txikia, ongi egiña bada. Zer doai edo kondizio bear ote ditu obra batek ona eta ongi egiña izateko? Lau doai. Lenengoa, sobrenaturala edo Zerutikakoa izatea. Zerutikakoa, zeren Espiritu Santuaren grazia ta lagunza gabe ezin Jesus bat ere bear bezala esan dezakegun, San Paulok dion bezala. Zerutikakoa gañera, zeren egin bear dan, ez lurreko fiñen bategatik, baizik fedeak erakusten duan motiboren bategatik. Bigarrena, egiten dan gauza berez ez ona, ez gaistoa; bada, nola dan: jatea, edatea, lo egitea, paseatzea, hitzegitea, Zerurako irabazia izateko, egin bear da Jaunari agradatuko zaion eran eta denboran. Hirugarren doaia da, obra ona egiten duana Jaunaren grazian egotea. Mats adarrak ezin eman dezake fruturik zepari ez dauskiola; eta era berean ezin zuk ere eman dezakezu obra onen, edo Zerurako irabazien fruturik, Jaunaren grazian ezpazaude, zeren Jesu-Kristo Zeruko zeparekin bat egiña etzauden. Ala ere bekatariak ez ditu utzi bear obra onak, zeren bekatutik irteteko laguntzen duen.

        Laugarren doai edo kondizioa da obra ona egitea Jaunaren onra eta gloriarako. Era onetan, eta doai oekin egindako obra guziak, andiak eta txikiak añ ederrak eta balio andikoak dira Jaunaren begietan, non bakoitzarekin irabazten dan Zeruko Erreñua, eta betiko bizitza doatsua. Nekazariak, arotzak, argiñak, ardatzleak, okiñak, hitz batean bakoitzak bere bizi moduan egiten dituan lanetan irabazi dezake Zeruko Erreñua. Zeiñ ona gure Jangoikoa! Bada betiko bizitza irabazteko bide añ erraza prestatu digu!

        Nere anima, zer animako ondasunak eta obra onen gordairuak etzinduan gaur idukiku, aditu dezun eran zere neke eta lanak egia bazindu? Baña nola arkitzen ote zera? Lotsa zaite Jaunaren aurrean zure nagitasunaz, eta aurrera bizi zaite obra onak, ongi, eta arreta andiarekin egiten dituzula.

 

aurrekoa hurrengoa