www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesioko eta komunioko sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1803, 1823

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesioco, eta comunioco sacramentuen gañean eracusaldiac, Juan Bautista Aguirre. La Lama, 1823.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA SEIGARREN
ERAKUSALDIA

 

Birtute eta santutasun andira igotzeko bidea
da neke eta gurutzeetan, eta gauza guzietan
Jaunaren borandateari begiratuta
Jaunak nai duana bera nai izatea.
Hau erarusten digu Erromako
Teologo andi bati gertatuak.

 

        Obra on eta Zerurako irabazien mamia bezala da Jaunaren borondatea egitea, eta Jaun berak nai duana guk ere nai izatea, batez ere nekeak eta gurutzeak datozkigunean. Emendik, zenbat eta obeto gure borondatea bat egiña dagoan Jaunaren naiarekin, anbat geiago azitzen, eta ugaritzen da birtute eta santutasuna. Han ongi erakusten dizu, Juan Taulero zeritzan Erromako Teologo andiari gertatuak. Gizon andi eta birtutetsu hau zortzi urtez egon zan Jaunari eskatzen, ager zegiola berari agradatzeko bidea. Aditu zuan beiñ Jaunaren ots bat esaten ziona: Zoaz S. Pedroren Elizara, eta an arkituko dezu, zuk nai dezuna erakutsiko dizun gizon bat. ]oan zan Eliz artara: arkitu zuan ateetan eskale bat oñetatik elbarritua, eta soñeko zar batekin erdi estalia. Asi zan Teologoa eskale onekin hitzegiten, eta ara bien artean igaroa.

        TEOLOGOAK: Jainkoak dizula egun on, adiskidea, esan zion Teologoak.

        ESKALEAK: Ez det gogoan, egun gaistorik oraindaño izan dedala: Erantzun zion Eskaleak.

        TEOLOGOAK: Jainkoak egiñ zaitzala zori oneko.

        ESKALEAK: Esker milla, Jauna, zure borondate onagatik, baña egundaño ez det jakin, zer dan zori gaistoa eta doakabetasuna.

        TEOLOGOAK: Adiskidea, Jainkoak dizula deseo dezun guzia.

        ESKALEAK: Jauna, ez det esparik izateko ez gairik, ez biderik, zeren gauza guziak datozkidan nere gogoaren eta borondatearen neurrian.

        TEOLOGOAK: Adiskidea, zu zauden bezala egon, eta nola izan zaitezke diozun bezeiñ doatsu? Hitzegin gidazu arren garbiago edo argiroago.

        ESKALEAK: Atsegin andin egingo det, Jauna, zuk diozun hori. Zuk eman dizkidatzu egun onak. Nik erantzun dizut, ez dedala gogoan egun gaistorik oraindaño izan dedala; zeren otz edo bero, euri edo ateri, argi edo illun egin dezala, alabatzen det nere Jaungoikoa, eta egun guziak dira neretzat berdiñak, beti da alabaña bat oen emallea. Esan didazu urrena: Jainkoak egiñ nazala zori oneko. Nik eranzun dizut, egundaño ez dedala jakin, zer dan zori gaistoa eta doakabetasuna; zeren naiz gose izan, naiz egarri, naiz oñazeakin eta gaitzen azpian egon, naiz limosnarik ez degideela eman naiz bai, ezagutzen det, guzia datorkidala Jaunagandik: eta nola nik nai ez dedan, Jaunak nai duana baizik, dala hau gozoa, dala samiña, arkitzen naiz soseguz, eta nere biotza dago atsegin-kontentuz betea. Ona, zergatik egundaño jakin ez dedan zer dan zori gaistoa.

        TEOLOGOAK: Nere adiskidea, onak dira esan dituzun gauz horiek, baña esan gidazu: zer egingo zenduke, botako bazindu Jaunak infernura?

        ESKALEAK: Jakizu, baditudala bi beso txit sendoak eta indartsuak: bata da nere ezerezaren ezaguera eta umiltasuna, eta onekin adoratuko nuke Jaunaren borondatea, eta berari eutsiko nioke. Beste besoa da Jaunaren amorioa. Amatzen det nere alegiñ guziaz, eta gauza guzien gañetik, eta amorio onekin eutsiko nioke beti, eta toki guzietan. Onela, edo biok geratuko giñake infernutik kanpora, edo biok jatxiko giñake ara: eta Jainkoarekin amorioz bat egiña egotea, infernuan bertan ere, izango litzake doatasun andiagoa, Jainkoaren amorio gabe Zeruan bizitzea baño.

        Arriturik geratu zan Teologoa eskalearen eranzute miragarriarekin, eta sinistu zuan, huraxe zala billatzen zuan gizona. Ala ere Jaunari ongiena agradatzeko, bidea obeto ezagutu naiez, egin ziozkan beste galde batzuek era onetan.

        TEOLOGOAK: Nondik etorri zera, adiskidea toki onetara?

        ESKALEAK: Jainkoagandik.

        TEOLOGOAK: Non arkitu dezu Jainkoa?

        ESKALEAK: Munduko gauzak maitatzea utzi nuan tokian.

        TEOLOGOAK: Eta nora zoaz?

        ESKALEAK: Jaungoikoagana.

        TEOLOGOAK: Non bizi da Jaungoikoa?

        ESKALEAK: Borondate ona eta biotz garbia duen gizonetan: hau da Jainkoak naien duen bizilekua.

        TEOLOGOAK: Eta nor zera zu, adiskidea?

        ESKALEAK: Jauna, ni naiz Errege.

        TEOLOGOAK: Zu Errege? Non da zure Erreñua?

        ESKALEAK: Emengo nere Erreñua dago nere animan: nere gorputza, nere griña eta sentiduak daude ezaguera zuzenaren eta borondatearen mendean: eta ezaguera eta borondatea daukat Jaunak nai duanerako prest. Orra, nola naizan egiaz errege, eta non dan nere erreñua; ez da, ez, Munduko Erreñu guzien artean bat ere nerea bezeiñ pakeatsurik.

        TEOLOGOAK: Nork edo zerk altxa zaitu, adiskidea,birtutearen malla aiñ goi orretaraño?

        ESKALEAK: Gizonakin gutxitan, eta Jainkoarekin sarritan hitzegiteak, beraren nai edo borondatearekin nerea bat egiten dedala. Onela arkitu det Jaungoikoa, eta, lurrean gizonak iritsi dezakean doatatun eta zori on guzia.

        Ekusten dezu, nola eskale bategandik ikasi zuan Teologo batek Jainkoari ongiena agradatzeko bidea? Ekusten dezu, birtute eta santutasun andi batera igo zaitezkean, baldin zure neke eta gurutzeen artean zure nai eta borondatea Jaunarenarekin bat egiten badezu. Saia zaite bada emendik aurrera onetara.

 

aurrekoa hurrengoa