www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

MAIATZEAN MUTUR

 

        — Maiatza: argi, lore, xori, Zertako hik... mutur egin biziari?

        — Nigarrez beteak diren, ama-begien irria! Hedoigabeko zeru urdina bezein garbia...

        Ama, egun beltzenetan, gau largarrienetan, haurrari so dagokio... irria begietan.

        Haurrarentzat ez da munduan, ez ilunberik, ez belzkeririk. Haurrak ez du mundua ezagutzen amaren begietan baizik.

        Amaren begiak beti urdin, beti irritsu, eta haurra beti dohatsu.

        Nigarrez beteak diren ama-begien irria!

 

        — Jaun handi edo jaun ttiki, denak norbeiten haur izaki.

        Irriz bizitzeko behar da so-egiten jakin Amaren begietan eta begiekin,

 

        — Irria ezpainetan maiz duenari: orok irri, oro maitagarri.

        — Urak sua hiltzen, iguzkiak elurra urtzen, irriak gerla-bideak urruntzen.

        — Betiko irria kario, hortakotz behar ainitz Amodio.

        — Zozoak eta debruak irriz ez jakin; ez burua gal, ez arima zikin, ibil beti Jaunarekin.

        — Ez dakik zer otoitz egin Jaunari? Egiok gaupetik irri. Zertako elizan... beti apal, beti uzkur, beti egon ilun eta zimur? Altxa zak buru hori, eta, Jainkoaren xoragarri, egik ezpain-begiez irri.

        — Maiatza: argi, lore ta xori. Maiatza: denak irriz Amari.

 

11-5-50

 

aurrekoa hurrengoa